Irungo udal-artxiboan jasota dagoen aipamenik zaharrena 1571koa da, eta Juanes de Eztalak muga horretako gerrako jendearen aguazilaren informazio bat da, esaten duena errugabea dela Ramus de Leguia presoaren ihesari dagokionez. Beste aipamen bat ere bada aguazil-postuari buruzkoa, 1766koa, adierazten duena "Aguazil plaza bat sortu dela Nicolás de Goia udaletxeko atezainari laguntzeko", eta beste bat, 1767koa, adierazten duena Martín de Garaiar aguazilaren soldata igoera onartu dela.

1804. urtekoak dira gorputz honen aurreneko aztarnak. Urte hartan, Karlos IV.aren aginduz, Mendizain eta Herrizain bana izendatu behar zuten Udalek; lehenengoak lorezaintzaren alorreko eginkizunak zeuzkan, eta udal barrutia zaintzeko lanaz arduratzen zen bigarrena.

1860. urtean jagolearen irudia sortuta, herrizain lehen 1, beste herrizain bat eta Jagole bat izendatu zituen Irungo hiriak; Udal Agintaritzaren agindu guztiak betetzen zituzten horiek, pertsonak eta jabetzak babesten zituzten eta ordenari eusten zioten.

Alkatearen esanetara zegoen herrizain lehena, herritarren zerbitzura lan egiten zuen beste agenteak, eta Hirian barrena batetik bestea ibili ohi zen jagolea zaintza lanak egiten.

Abeltzaintza lehiaketako epaimahaia
Abeltzaintza lehiaketako epaimahaia

Serenoei dagokienez -Udaltzaingoaren aitzindariak-, ikusten dugu 1859an suhiltzaileentzako eta bi serenorentzako araudi bat egiteko agindu zitzaiola Policarpo Balzolari. 1863an, berriz, Serenoen Araudia onetsi zuten (esan genezake hau dela Udaltzaingoaren historiaren benetako hasiera) eta Rafael Berondo eta Ignacio Erice izendatu ziren sereno.

Agente horiek gorputz armatuaren izaera zuten dagoeneko, eta alguazilen laguntzaileak ziren. Haien eginkizunen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: kaleak zaintzea, orduak iragartzea, eguraldiaren berri ematea eta alarma jotzea sutea zenean.

Ordura arte, baldintza bakarrak ziren Irunen bizitzea, 24-50 urte bitartekoa izatea eta jokabide akasgabea izatea. Sereno kaboaren figura agertu zenean, irakurtzen eta idazten ere jakin behar zuen. Irunen, kabo bat, Hiri-poliziako inspektore izenarekin, ordezko bat eta 5 sereno izan ziren.

XIX. mende amaieran, era berean Udal Ordenantzak eta Polizia eta gobernu Egokiaren bandoak betearazten zituzten aipatu agenteek. Bestalde, handitu egin zuten eguneko beharginen kopurua: Polizia Ikuskatzaile 1, Buru 1 eta 5 Herrizain udalerrirako eta beste herrizain bat udal epaitegirako.

Orain arte adierazitako lanbideak batuta, Udaltzaingoa sortu zuten 1924. urtean. Honenbestez osatuta geratu zen: Ikuskatzaile Buru 1, 2 Kabo, Eguneko 12 Udaltzain, Gaueko 9 Udaltzain, gaueko 3 udaltzain ordezkari, eta gaueko udaltzain ordezkari Kabo 1.

Horien guztien eginkizunen artean, legeak eta udal ordenantzak nahiz araudiak eta Poliziaren Bandoak betearazi behar zituzten, eta gainera Polizia Judizialaren zereginak eramaten zituzten burura.

Udaltzain izateko baldintzei dagokienez, 23 eta 35 urte bitarte izan behar zuten, irakurtzen eta idazten jakin behar zuten, ongi jakin behar zuten aritmetikaren lau arau nagusiak ebazten, zintzotasuna eta tatxarik gabeko portaera egiaztatu behar zuten eta Irungo biztanleak izan behar zuten.

Horrenbestez egituratu zen udaltzaingoa, nahiz eta denborak aurrera egin ahala udaltzainen kopurua emendatuko zen eta udaltzain izateko baldintzen artean gaitasun zehatz batzuk edukitzea eskatuko zen (esate baterako 1971n, ibilgailu motordunen erabilera nagusitu zenean, Zirkulazio Kodea ongi ezagutzea eskatuko zen; 1985ean deialdiaren oinarrian finkatu ziren baldintzak: eskola graduatua izatea, proba fisiko jakin batzuk gainditzea, Zirkulazio Kodea ongi ezagutzea, toki Erregimena ezagutzea, CE, test psikoteknikoak gainditzea, defentsa pertsonalean moldatzea, gidabaimena edukitzea).

Hiriko jendarmea
Udaltzaingoko kidea (Gorka Alvarez Aranbururen jabetza originala)

1985. urtera arte Udalak herritarren segurtasunaren alorreko eskuduntzarik izan ez zuela azpimarratu behar da. Urte hartan langileen kopuruak gora egingo zuen nabarmen, eta aipatu eginkizunak betetzeko furgoneta bat erosi zuen udalak. Beste agente batzuk kontratatu ziren zaintza lanak egiteko, baita hirugarren behargin sorta ere trafiko Unitatean jarduteko: xede horretan erosi zen garabi batez hornituriko kamioia. Garai hartan antolatu zituzten zamalanetarako guneak, eta udaltzain batek lagundu ohi zion garabi-kamioia gidatzeko xedean kontrataturiko pertsonari. Era berean, zakurrak lagungarri izango zituen patruila bat osatu zuten, egun horrelakorik ez badago ere. Une horretatik aurrera profesionalagoa izango zen udaltzaingoa, hasia zen udaltzaingoa herriaren egituran sendo finkatzen.

Udaltzaingoaren egoitzari dagokionez, Irungo Udalaren eraikinean zegoen hasieran, poliziaren jarduera (ziegak, aldagelak, konfiskatutakoak gordetzeko biltegia, espedienteak bideratzeko bulegoak... etab.) burura eramateko txikiegia gertatzen zen espazioan hain zuzen.

Geroago, suhiltzaileen egoitza lekuz aldatu zutenean, zentro horretan egokituko zuten Udaltzaingoa.

1997an egungo Udaltzaingoaren egoitzara aldatu zen gorputza, garai bateko udal hiltegi zaharrera. Moldaturik eta egokiturik dago eraikina, eta gainera Udaltzaingoari lotutako iragana du, ibilgailuen depositua izan baitzen bere garaian.

Honenbestez egituratuta dago Irungo Udaltzaingoa, baina legeak eta araudiak (herritarren segurtasun legea, trafikoari buruzko legea, Euskal Herriko Poliziari buruzko legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko legea, udal ordenantzak,... etab.) onartu diren heinean eta teknologia berriek aurrera egin duten neurrian aldatu egin dira Unitateen garapena, udaltzainen kopurua, baliabide materialak eta udaltzainen eskuduntzak.

X