Ezagutu Irun
Irungo historiari buruzko App

Historia

1756an hasi ziren eraikitzen, Fernando VI.a errege zela, eta 1763an inauguratu zuten, ordurako Carlos III.a errege zela; horregatik ikusten da bere profila ate nagusiaren gaineko medailoian.
Felipe Crame izan zen arkitektoa, Donosti plazako ingeniari komandantea, eta garai hartan Udal Kontzejuko presidentea Domingo de Olazábal y Ramerí zen, Aranzateko jauna, hiriko lehen alkatea izango zena 1766ko otsailaren 27an Hondarribitik erabat independizatzea lortu zuenean.
Irundarrek hamalau urteko auzia izan zuten aldameneko Hondarribiarekin, eraikina eraikitzeko baimena lortzeko, debekatuta baitzegoen harrizko eraikinak egitea.
Debeku horren arrazoia zen Hondarribia, estrategikoki kokatua eta gotortua, Irun baino askoz ere plaza garrantzitsuagoa zela historikoki. Hala, lehenengoaren garapena bultzatzeko, Errege-erregina Katolikoek agindu bat eman zuten, udalerrian harrizko eraikinak egitea galarazten zuena.
Eraikina lau harri-motarekin eraiki zen: fatxadako eta horma nagusietako harlanduzko blokeak, Jaizkibelgo Eskelako harrobitik ekarriak; garrantzi txikiagoko harlangaitzezko hormetan, Irungo kareharria erabili zen; arkupeetako gangetarako eta eskailera nagusirako (ez zen gaur egungoa), berriz, toba harria erabili zen, pisu gutxikoa, Aiako Urgainetik ekarria; azkenik, fatxadako armarri handia Urruñatik gertu dagoen Olhetako kareharri berezian landu zen.
Tona horiek guztiak ibaian barrena garraiatu ziren, batez ere, bide gutxi baitzegoen, eta, gainera, mantentzen zailak ziren. Kontuan izan behar da garai hartan ibai-portuak bazirela Irungo hirigunean bertan, eta bertan deskarga zitekeela txalupetan eta gabarretan-eta garraiatzen zen guztia.
Urte askotan zehar, errege-bidea igaro zen San Juan plazaren aurretik. Gaur egungo Jesus karrikako arrapalatik jarraitzen zuen, eta bidaiariak, salgaiak eta diligentziak igarotzeko bide nagusia zen. Udaletxea zen Irungo gune nagusia.
Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, 1936an, hiria erre zuten, eta horrek bereziki eragin zien udaletxearen ondoan plaza inguratzen zuten eraikinei, udaletxea eta San Juan Harriaren zutabea ukitu ez arren.
Hiria berreraikitzeko lanak egin ondoren, inguruko eraikinak eraitsi egin zituzten, eta, gaur egun ikus daitekeen bezala, beste eraikin batzuetatik aparte geratu zen udaletxea.
Eraiki zenean, eraikinaren tamaina ez zetorren bat garai hartako Irungo biztanleekin: 2.500 biztanle bakarrik. Hala ere, garai hartako irundarren etorkizun-senari esker, oso neurri eskuzabalak hartu zituzten, eta nahikoa izan da, udal-bulego guztiak bertan hartzeko, 50.000 biztanle baino gehiagora iritsi arte.
Gaur egun, irundarrak 58.000 baino gehiago diren honetan, hainbat eraikinetan banatu behar izan dira udalaren jarduera-arloak.