Irungo Udaletxea ia kubo perfektua da: lurretik teilatuaren erpineraino 26,35 m-ko altuera du, 23,85 m-ko zabalera, eta 30 m-ko sakonera, atzealdeko eranskina kontuan hartu gabe.

Eraikinaren fatxada nagusia dotorezia eta simetriagatik nabarmentzen da. Arkupeak erdi-puntuko bost arku ditu, harlanduzko kuxinduraz eginak, eta ertz-gangak ditu barruan.

Arkupearen gainean, lehen solairuan, fatxadaren alderik alde, mentsula ildaskatuetan bermatuta dagoen balkoi bat, kanpoaldera frontoidun bost balkoi irekiz, horietako bakoitza, bost arkuetako bakoitzaren gainean.

Fatxada harlanduzko kuxinduraz egina dago, eta, goialdean, balaustrada apaingarri bat du, floroi handi batzuekin, bi kanpai muturretan eta hiriaren armarri bikain bat erdian, harriz landua.

Irungo Udaletxearen fatxada

Teilatuan, lau isurkiko teilatua duen dorre garai batek barnealdeko kupula handia babesten du, eta argiztapen naturala ere ematen dio, beirateak dituzten zortzi leihoren bidez.

Leiho horiek Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetako armarriak irudikatzen dituzte, Irungoaz gainera, eta erdigunetik kristalezko lanpara handi eta luxuzko bat dago zintzilik.

Irungo Udaletxeko kupula

Barrualdean, Irungo Udaletxearen dotorezia eta noblezia ere nabarmentzen dira. Haritz-zurez egindako eskailera nagusi bat dago. Jatorrian harrizkoa zen, baina ordeztu egin zuten 1903an, Euskal Jaiak zirela bide.

Jatorrizko eskailera udaletxearen ezkerraldeko jaitsieran jarri zen, Jesus karrikan, eta oraindik ere hor dago.

Eraikinaren ezaugarri nobleak eraikinaren erdialdeko zenbait gelatan mantentzen dira, hala nola Areto Nagusian (Osoko Bilkuratakoa), Bilkura Aretoan edo Alkatetzako geletan.

Irungo Udaletxearen barrualdea

X