Ayuntamiento de
Buscador
Iparraldean Behobiarekin egiten du muga, hegoaldean Oiartzunekin, ekialdean Meakarekin eta mendebaldean Katea eta Lapitzekin.

Bere izenak ola edo burdinola berria esan nahi du eta Santxoteneako errotatik hurbil zegoena ekartzen digu gogora. Beharbada, uraren indar eragilea erabili zuen lehen burdinola izan zen Irunen. Ola honi buruzko aipamen idatziek 1500. urtera garamatzate. Seguruenik garrantzi handikoa izango zen bere garaian, izan ere, Irunen ugari ziren ola guztien artean, hauxe izan zen inguru guztiari, erreka barne, izena eman zion bakarra.

Auzo honetan, oso ondo bereizten diren bi alde azpimarratu behar ditugu: landa-eremua eta hiria. Txikillo, Erribera eta Berio baserriak atzean utzi ondoren -hauek hirigunera biltzen baitira-, baserri, errota zahar, borda eta antzeko eraikinez (Perujaran, Santxotenea, Bekoerrota, Paraisu, Mendiondo, Igiñiz, Legabide, Aranburu eta beste batzuk) betetako paisaia batean murgiltzen gara.

Hiriari dagokionez, esan beharra dago Irungo alde zaharreko parterik handiena -Jesus, Larretxipi, Kontrakale eta Peña bezalako kaleak barne- Olaberria auzoan daudela. Peña kalea Jose Peña indianoaren ohoretan eraiki zuten, honek Irungo Ospitaleko behartsuentzako dirutza bat utzi baitzuen 1848an. Eliza eta Eskoleta kaleak (duela gutxi arte Junkaleko eskolak zeuden bertan eta laster Erromatarren Museoa eraikiko dute orube honetan eta eraikin zaharreko egituraren parte bat aprobetxatuz) ere Olaberria auzoan daude. Era berean, Olaberrian daude San Martzial kalea eta Urdanibia plaza (hementxe zegoen antzinako pilotalekua; ildo honetatik, gogora ekarri behar da 1846. urtean, Bidasoako bi aldeetako jende ugari bildu zuen partida jokatu zela frontoi horretan. Kopuru handiko apustuak egin ziren eta Gaskoina pilotari lapurtarraren izena ospetsu bihurtu zen).

Urdanibian Plazan Santxo de Urdanibia ospitale zaharra dago, 1651. urtean eraikia Sancho jaunak eginiko testamentuaren dohaintzari esker. 300 urte luzetan zehar gaixoei sorospena emateko lekua izan ondoren, era askotako erabilerak eman zaizkio eraikin honi XX. mendean zehar. Azkenean, 80. urteetan, Udal Euskaltegiaren egoitza bihurtu zuten.

Igiñiz baserria
Igiñiz baserria

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - Agirretxe-Graner familiak utzitako argazkia)

Larretxipi kalea - 1971. urtea
Larretxipi kalea - 1971. urtea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

Arbelaiz Jauregia -  1980. hamarkada
Arbelaiz Jauregia - 1980. hamarkada

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

Arbelaitz jauregia da auzo honetan dagoen beste eraikin garrantzitsua, izen bereko familiaren jabetza. Arbelaitz familiako senide batzuk Erregearen Mezulari Nagusiak izan ziren. Era berean, Espainiako eta atzerriko beste hainbat noblek jauregi hau izan zuten ostatu Iruna etorri zirenean. 1936. urtean jauregia erre egin zen eta zenbait urte geroago berritu egin zuten. Jauregiko zelai zabalak egun Sarjia parkera biltzen dira, eta parke honen mutur batean oraindik zutik dirau Urantzu pilotaleku ezagunak.

San Juan Harria plazan, nahiz eta lehen Jesus kalera biltzen zen eta beraz, Olaberriara, Vicenta de Olazabalen etxea zegoen, harlanduzko eraikin ederra, eta bertan eraiki zuten Adiskidetasunaren Kasinoa, 1871. urtean. Tamalez, eraikin hau 1936ko irailaren 4ko sutean erre zen. Kasinoa izandako orubean La Salle-San Martzial ikastetxea eraiki zuten, baina, zorionez, plazatik bertatik San Martzial mendi historikoa eta izen bereko ermita ikusten uzteko moduko horma eraiki zuten ikastetxearen alde honetan.

X