Ezagutu Irun
Irungo historiari buruzko App

Meaka
Bere esanahiari dagokionez, batzuentzat haizpitarte esan nahi du, eta beste batzuentzat meategi zaharra, inguruan zeuden meategi zaharrak gogoratu nahiz. M. Thalaquer ingeniari frantziarrak oso ondo deskribatu zituen meategi hauek erromatarren garaian ustiatu zirenak. Bestalde, bada esanahiaren teoria hau aukeratzera bultzatzen duen beste argudio bat; antzinako dokumentu askotan agertzen da Meaçar = Meazar = Meategi zaharra. Beraz, jatorri hau onartuko balitz, auzoari Meazar edo Meakar deitu beharko genioke, bukaeran r daramala.
Meakan ere, beste auzoetan gertatzen den bezala, benetan etxadiak besterik ez diren biztanleguneei auzo deitzeko ohitura dago; hala nola, Arbes eta Arbesko Errota. Baina, kasu honetan, zati bat auzoaren osotasunarekin nahastu ohi da. Horrela, maiz gertatzen da auzo osoari Ibarla deitzea, Ibarla Meakaren zati txiki bat besterik ez denean.
Urjauzitik jaisten den Arantzate errekak ureztatzen du Meaka auzoa. Erreka hau, Arrizurreta izeneko gainetik jaisten da Bidasoara, Artian barrena kanalizaturiko ubidean zehar. Mendetan zehar erreka honetako urak Arantzate eta Ibarrola burdinolak jardunean edukitzeko indar eragileak izan ziren; Arantzate eta Ibarrola Erdi Aroko dorretxe handiak ziren, baita alde honetako armagintza-etxe nagusiak ere.
Arbes eta Arbesko Errotako etxadiek ere badute beren garrantzia. Izan ere, antzinako oinetxeak, errota batez eta ehundegi batez hornituak, alde honi osoari eman zion izena.
Ama Xantalen izena hainbat toponimotan islatzen da, hala nola, izen bereko kalean eta iturrian. Iturria harlanduzkoa da, XVI. mendean eraiki zuten: kanoi-ganga bat du eta Ama Birjina babesten duen hormakonka bat aurkezten du goiko partean. Izen bereko egungo ermita, beharbada XVI. mendekoa, nekropoli baten eta erromatarren garaiko tenplu baten aztarnen gainean eraiki zuten eta gaurko egunean Gipuzkoan dagoen museo erromatar bakarra da; oso ederra eta interesgarria da.

Arrizurreta baserria - 1985.urtea
(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

Arantzateko burdinola
(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - Agirretxe-Graner familiak utzitako argazkia)

Ama Xantalen ermita - 1999. urtea
(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)
Auzo honetan, garrantzi handia izan zuen meatzaritzak eta XVIII. eta XIX. mendeetan betak ustiatzeko lizentzia asko eman ziren. Ateratako mea-kopuruak oso handiak zirenez, burdinbide bat eraiki behar izan zuten merkantzia Santiago kaleko kaira eraman ahal izateko. Munta handiko obra bat izan zen, izan ere, aldapa handiko atalak gainditu behar zituen burdinbideak. Obra Bidasoako Mea Konpainiak burutu zuen, 1865. urtean, Emilio Ferier Ingeniari jaunak aurkeztutako proiektuaren arabera.
Irungo auzo xarmangarrienetakoa da Meaka. Irungo hirigunetik hurbil dagoenez, edozein urtarotan bisitatzen den auzoa da, erraza da bertara gerturatzea eta Arantzate errekaren ertzetik doan bidean lasaitasuna nagusitzen da.