Ayuntamiento de
Buscador
Iparraldean Anaka auzoarekin egiten du muga (Colon Ibilbideko zenbaki bakoitiak Lapitzera biltzen dira), hegoaldean eta ekialdean Olaberriarekin, eta mendebaldean Katearekin.

Egile batzuen aburuz latineko "lapis" hitzetik eratorritako piedra (harria, milarria) esan nahi badu ere, beste batzuen iritziz, arbeletik (arbela edo lapitza) eratorritako izena da. Beharbada aurreneko iritzia hurbiltzen zaio egiazko esanahiari; izan ere, alde honetan ez da arbelaren arrastorik ere aurkitu.

Bestalde, zentzuzkoa dirudi auzo hau alderik alde igarotzen zuten bideetako ertzen baten, esate baterako Oiartzunera eramaten zuen Errege-bidean, milarriak zeudela pentsatzeak. XVI. mendearen erdialdean maiz agertzen da Lapitza izena idatzirik, euskarazko artikulu zehatza den bukaerako "a" erantsiarekin, beste auzo guztiekin gertatzen den bezala, Ventasko (Katea) izenarekin izan ezik, azken hau gazteleratik baitator.

Zelai berdez eta baserriz betetako landa-eremu zabalaz gainera, biztanlegune bat baino gehiago daude auzo honetan. Garrantzitsuena, Colon Ibilbidea, Gipuzkoako Hiribidea eta inguruak dira biztanlegune nagusiak. Hauen ondotik eta hirigunetik urrundu ahala, Belaskoenea dago -antzina bertan zegoen baserriak ematen dio izena alde honi guztiari-. Bertako kaleen izenek hainbat ogibideri egiten diete erreferentzia, hala nola, Ballleneros edo Bale-arrantzaleak, Ferrones edo Olagizonak, Curtidores edo Larruginak, Navegantes edo Itsasgizonak, Labradores edo Nekazariak, Armeros edo Armagileak, Mosqueteros edo Mosketariak, Lavanderas edo Gobaraginen kalea, Hilanderas edo Iruleak...

Izaera propioa duen beste etxadi bat Elizatxo da, askotan Lapitze osoarekin nahasten dena. (Elizatxo izena, eliza edo ermita txikia, inguru hartan zegoen antzinako Santo Kristoko ermitatik datorkio). Hirigune honetako etxeak 30. hamarraldian eraiki zituzten, etxebizitza familiabakarrak dira eta Anakako etxebizitzen antzera, Etxe Merkeak edo Lorategi Hiria Eraikitzeko Kooperatibak eraiki zituen. Kaleetan zehar San Martzialen oihartzuna iristen zaigu, izan ere, Eusebio Pedrós Alardeko Jenerala Kaleaz gainera - bereiziki Alardeko jeneralaren paradigma izan zena - Rataplan, Deskarga, Diana, Jolo, Fajina, ... izeneko kaleak aurki ditzakegu; guztiak, Irunen, urtero, ekainaren 30a iristean, entzuten ditugun doinuen izenak.

Larreaundiko poligonoa ere auzo honetan dago. Izen bereko etxe batek ematen dio izena Larreaundiri, eta zelai edo larre handia esan nahi du. Auzo honetako kaleek batez ere santuen izenak daramatzate , hala nola, San Frantzisko, Loiolako Iñigo, San Isidro Nekazaria, San Ramon, Santa Margaritako Ospitalea eta Frai Juan de Zigarroa, Jose Alkain, Leandro Soto eta antzerako erlijio-gizonenak.

San Juan Harria Plaza ere Lapitzeko auzoan dago, Udaletxea bezala. Eraikina 1756. urtean hasi ziren eraikitzen, Fernando VI.aren agintaldian, eta 1763. urtean amaitu zuten, Karlos III.aren agintaldian, Felipe Crameren proiektuaren arabera.

Plaza honetan bertan, Udaletxearen aurrez aurre eta Errege-bidearen ertzean, San Juan Harria eraiki zuten 1564. urtean, nahiz eta monumentuaren inguruan eztabaida bat edo beste egon zen.

Oñako Baroiaren etxea da auzo honetan dagoen beste eraikin interesgarri bat; 1759. urtean eraiki zuten Martindozenea etxearen ondoan. Hemendik hurbil, Eskola Kristauetako Anaiek nobiziatu bat eraiki zuten 1907an (eraikin hau ospitale gisa erabili zen gerra zibilak iraun zuen bitartean, 1936-39. urteetan). Horiez gainera, Lapitzeko auzoan daude Aduanako eraikina, Gain-gainean gotorlekuko eta inguruko aztarnak, Jesusen Mirabeen komentua (antzina bertan izan zen Alcaldía de Sacas delako erakundea), Ikust-Alaia Etxea (egun Udal Artxiboa eta Liburutegia), Artalekuko Kiroldegia, Alai-txoko finka (Boyer familia da honen jabea) eta beste eraikin interesgarri batzuk.

Aduanako eraikina
Aduanako eraikina

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

Ikust-Alaia Etxea
Ikust-Alaia Etxea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

X