Ayuntamiento de
Buscador
Irungo auzoetan ekialdeen dagoen honek Behobia du muga iparraldean; Oiartzun eta Lesaka hegoaldean (Endara errekak bereizten du auzoa Lesakatik); Bidasoa ibaiak bereizitako Lapurdi ekialdean; eta Meaka eta Olaberria auzoko zati txiki bat mendebaldean.

Nazioarteko ibaiak ematen dio izena auzoari. Bere esanahiari buruz interpretazio ugari, era askotakoak, egin izan dira: Bide-Easo, Bide-osoa, Bide-usoa, Bide-itsaso, Bide-artsu...

Bidasoa dugu, nolabait esateko, hirigunerik ez duen auzo irundar bakarra; izan ere, gertuago edo urrunago dauden baserriez osatuta dago. Ibaia alde batera utzirik, Irun-Iruñea errepide nagusia eta Elizondora iristen zen antzinako trenbidea ziren auzoaren ardatzak. Badira zenbait hamarraldi burdinbide hau erabiltzeari utzi ziotenetik.

Ibaia Nafarroarekin muga egiten duen Endarlatsaraino nabigagarria izanik untzi txikientzako, aberastasun iturria izan da antzinako garaietatik, bai salerosteko gaien garraio-bidea izateagatik, bai arrain ugari eskaintzeagatik, batez ere izokinak. Arrain honen izen ona Madrilgo gorteko mahaietaraino iritsi zen; are gehiago, ibai honetan arrainik harrapatzerik lortu ez zen urteetan ere, Bidasoako izokina eskaintzen zen izen handiko jatetxeetan.

Kontrabandoaren historian ere paper garrantzitsua jokatu du; izan ere, ibaia eta bere inguruak ondo ezagutzen zituzten pertsonek etekin handia atera zuten mugaren alde batean edo bestean balio handikoak ziren edo eskasian zeuden hainbat produkturekin igarotzea lortzen zutenean. Asko dira kontrabandoaren inguruan kontatzen diren istorioak; gehienetan, kontrabandoa egiten zuen pertsonaren kemena eta maltzurkeria goraipatzen dute, baina ezer gutxi esaten dute beren helburua lortu ez zutenei, jardunean harrapatutakoei eta bertan bizia galdu zutenei buruz.

Endarlatsako zubia - 1936 baino lehenagokoa
Endarlatsako zubia - 1936 baino lehenagokoa

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - Gorka Alvarezen jatorrizko jabetza)

Alundagregorio baserria
Alundagregorio baserria

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - Felipe Iguiñizen dohaintza)

Bidasoan arrantzatutako izokina - 1965. urtea
Bidasoan arrantzatutako izokina - 1965. urtea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - Manolo Bandrésen jatorrizko jabetza)

Kondairak elementu bat goraipatu du; Ingelesaren Gaztelua, hain zuzen ere. Gaur egun hondakinak baino ez dira geratzen eta bere garaian Bidasoa Railway and Mines Limited konpainiarentzat lan egiten zutenen lotarako leku eta taberna gisa erabiltzen zen eraikin xume eta soil bat zen.

Auzo honetan garrantzi eta sendotasun handiko etxea izan zen Lastaolako Jaunarena, 1337. urtean erregistratua, Hondarribiarekin izokinetarako nasa eta errota bat egokitzeko ituna sinatu ondoren. Mendeetan zehar nabaria izan da etxe honen garrantzia; karlistadetan ere koartel militar gisa erabili zuten, eta 1845. urtean karlisten postetxea izan zen, zalantzarik gabe atzerriarekin harremanetan jartzeko erabilia.

Azpimarratu beharra dago auzo honen hegoaldean dagoen granitozko harria, Aiako Harria izendatzeko erabili diren izenak. Askok, pluralean ezagutu izan eta ezagutzen dute, Aiako Harriak. 800 m-tik gorako granitozko harri handi honi Batallak, Batallau edo Bataillole deitu izan zaio, baita Tres Coronas edo Trois Couronnes eta Tres Picos edo Hirumugarrieta ere (nahiz eta azken izen hau lehenengo tontorraren egiazko izena den). Aiako Harriko tontorren izenak interesgarriak izan arren, era guztietako izenak erabiltzen dira hiru tontor horiek izendatzeko, eta beraz, ez ditugu aurkezpen labur honetan azalduko.

X