Ezagutu Irun
Irungo historiari buruzko App

Behobia
Behobia izenaren jatorriari buruz irizpide bat baino gehiago dago; batzuen aburuz, Beheko ibia esan nahi du eta beste batzuen ustez, Behorren ibia; dena dela, egiten diren interpretazio guztietan elementu amankomun bat ageri da, ibiarena alegia.
1887. urtean Bidasoa auzotik bereiziriko auzo gisa ageri da, nahiz eta nazioarteko ibaiaren gaineko Behobiako Igarobidea sarri askotan aipatzen den Udal Artxiboko dokumentu zaharrenetan; izan ere, Behobiakoa zen ondoko herrialdera igarotzeko igarobide naturala, erreka estuagoa da alde honetan eta urak bareagoak.
Auzo honetan hainbat etxadi biltzen dira: batetik Dunboa dago, izen bereko kanala barne. Alde hau Bidasoa ibaiari kendutako paduretan eta lursailetan eraiki zuten oso osorik. Bestetik Azkenportu dago (gaur egun 54. Poligonoa deitua); Gazteluzar eta Behobia ere auzo honetan daude. Azken hau, nazioarteko zubitik eta aduanatik gertu dago, eta hain zuzen ere kokaleku berezi honi zor dio garai batean bizitako hazkundea; dendak, tabernak, jatetxeak eta beste zerbitzu batzuk sortu ziren han eta hemen, batez ere erosle atzerritarrek utzitako diruaren babesean.
Madrilen sortu eta Behobiaraino iristen zen Errege-bide zaharretik hurbil biztanle irundar askori urte askoan lana eman zieten hiru enpresa egon dira. Hiruetatik zaharrena poxpoluen fabrika zen eta honetatik gertu Ernesto Montero hiltegia zegoen, baina dagoeneko ez dago ez bata ez bestea. Hirugarrena, La Palmera, erremintak egiten zituen fabrika zen eta egun Irungo beste alde batean dago.
ZAISAren (Zona Aduanera de Irun, S.A.) eraikuntzaren faseak dira Behobia auzoaren itxura guztiz aldatzen ari diren beste elementuak. Zaisak Bidasoa inguruko alubioizko lursail hoberenak hartzen ditu eta bertan pabilioi handiak eta Europaranzko garraioari emandako enpresentzako zerbitzu-eraikinak daude.

Poxpolo fabrikaren bista orokorra
(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - José Manuel Pelayoren jatorrizko jabetza)

Ernesto Montero hiltegia handitu aurretik
(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

La Palmera erreminta fabrikaren kanpoaldea - 1951. urtea
(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)
Auzo honetan dago Faisaien irla, Frantziaren eta Espainiaren jabetza. Bertan Pirinioetako Bakea sinatu zuten 1659. urtean. Bake hau Felipe IV.aren alaba Maria Teresa Infantaren eta Luis XIV.aren arteko ezkontzarekin izenpetu zen.
Beste ezkontza-ospakizun batzuk ere egin ziren hemen, hala nola, Orleanseko Maria Luisa eta Karlos II.a 1679. urtean; Maria Ana infanta eta Orleanseko Luisa Isabel, biak 1722.urtean ezkonduak; Maria Teresa Antonia, Felipe V.aren alaba, 1745. urtean Frantziako Erregearen seme zaharrenarekin...
Fernando Katolikoa erregeak 1512.urtean aginduta, gaztelu edo gotorleku bat -Gazteluzar- eraiki zuten irlaren aurrez aurre, Bidasoaz gaindi etor zitezkeen erasoetatik babesteko xedean. 1521. urtean frantsesek ibaia gainditu eta menpean hartu zuten gaztelua.
Gotorlekuaren jabetza erdiesteko ahaleginek eragin zuten San Martzialeko gudua 1522. urtekoa; urtero, ekainak 30ean, oso modu berezian ospatzen da garaipen hau garrantzi handikoa baita irundarrentzat. Gazteluak urte gutxi eman zituen zutik, Karlos V.a enperadoreak eraikina eraisteko agindua eman baitzuen; eta, XVIII. mendean berriro ere eraiki zuten arren, berehala bota zuten handik gutxira. Egun, horma batzuk besterik ez ditu.
Duela gutxi, Aranzadi Zientzi Elkarteak indusketa arkeologikoak burutu ditu gazteluan eta inguruetan, eta aztarna interesgarriak azaldu dira, artean interpretatzeke daudenak.
1522. urteko garaipenaren ondoren eta esker onak eskaintzeko xedean, Artigako Santo Kristo ermita (honez gero desagertua) eta, geroago, San Martzial - Aldabeko gainean - ermita eraiki zituzten. San Martzialen, aipaturiko gertakari historikoaz gainera, beste arma-ekintza batzuk gertatu ziren; besteak beste, Napoleonen inbasioari amaiera eman zion 1813ko gudua.

Faisaien irla

Gazteluzar gazteluaren hondakinak - 1909 baino lehenagokoa
(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - Iñaki Tristanek utzitako originala)

San Martzial ermita
(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - Gorka Alvarezen jatorrizko jabetza)