Irungo udalerriak 42,8 km2-ko azalera du eta Bera eta Lesaka (Nafarroa), Oiartzun, Lezo eta Hondarribia (Gipuzkoa) eta Hendaia, Urruña eta Biriatu (Lapurdi) ditu muga herriak. Bidasoa ibaiak eratzen du Irungo hiriaren eta Lapurdiko herrialdearen arteko muga.

Irungo panoramika

Udalerria bera zazpi auzotan banatzen da, eta auzo hauetan zaharrenak Bidasoa, Meaka, Olaberria eta Lapitze dira.

XIX. mendetik aurrera, Anaka eta Katea -biak Lapitzeko auzo handitik sortuak- handitzen hasi ziren.

Azkenik, 1887. urtean, Behobia auzoa sortu zen Bidasoako auzotik bereizi eta gero.

Hirigunea handitzen zihoan heinean, batez ere XX. mendeko 60. urteetatik aurrera, zenbait etxadiri "auzo" deitzeko ohitura zabaltzen hasi zen, nahiz eta ofizialki behintzat auzotzat hartzen ez diren.

Besterik gabe hedadura eta populazio handiko eta txikiko aldiriak dira. Honenbestez, auzo esaten zaie San Migel, Geltokia, Larreaundi, Arbes eta Ibarla eta beste etxadi batzuei.

X