Ayuntamiento de
Buscador
Hona Anaka auzoaren mugak: iparraldean, Hondarribia eta Bidasoa ibaia; hegoaldean, Katea, Olaberria eta Lapitze; ekialdean, Behobia eta Lapitze eta mendebaldean Hondarribia.

Anaka izenaren jatorriari dagokionez, batzuen ustez txilardi edo txilarren tokia esan nahi du, eta beste batzuen ustez ano/anu hitzetik dator. Azken hauentzat, beraz, anoa edo aziendarentzako janari-kopurua esan nahi du.

Auzo honetan, Anaka izenaz ezagutzen den auzoaz gainera, Urdanibia, Pinudi kalea, San Migel, Geltokia, Mendibil, Beraun eta Santiago kaleak daude, eta Anakako auzoaren ekialdeko muga Dunboako kanaleraino iristen da; ubide honek bereizten ditu Anaka eta Behobiako auzoak Behobiako auzoarekiko muga izanik berau (Colon ibilbideko zenbaki bikoitiak eta Nafarroako Hiribideko bakoitiak ere Anaka auzora biltzen dira).

XIX. mendearen erdialdera arte, Lapitze auzoaren parte bat zen Anaka; trenbidearen etorrerarekin ordea, auzoaren egitura guztiz aldatu zen eta honekin batera auzo garrantzitsu bihurtu zen, gero eta biztanle gehiago izango zituen.

Nola RENFE-k hala trenbidearekin zerikusia zuten industria laguntzaileek gero eta toki gehiago behar zuten burdinbideak egokitzeko eta tailerrak izateko. Gisa berean kanpotik etorritako langileentzat etxebizitzak eraikitzeko espazioa behar zen.

30. urteetan Etxe Merkeak izeneko auzo ederra eraiki zuten; izan ere, familia bakarreko etxe hauek, beren lorategiekin eta hesiekin, oso itxura berezia ematen diote auzoari.

Mendibileko aldeak aipamen berezia merezi du. Bertan, XX. mende hasierako frantziar estiloko txaletak daude. Eta aipagarria da, gisa berean, Beraun, batez ere izen bereko etxea, ospe handiko leinu irundar batena. XX. mendearen hasieran inguruko muino osoaren jabe zen familia hori.

Ezin aipa gabe utzi Urdanibia-Jaizubiako alde ederra, baso trinkoez inguraturik, Jaizubiako golf-zelaitik gertu eta Urdanibiako jauregi, errota eta olaren ondoan. Aipaturiko azken eraikin hauetan Udal Hipikaren instalazioak eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzte gaurko egunean.

Etxe Merkeak - 1933. urtea
Etxe Merkeak - 1933. urtea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

XVI. mendeko Beraun etxea
XVI. mendeko Beraun etxea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

Urdanibia jauregia
Urdanibia jauregia

Halaber, aipagarri dira Santiago kalea eta ingurua; Junkaleko Ama Birjinaren Elizaren ondoan sortu zen aspaldi batean Konpostelako Santiagora zihoazen erromesak, Zubernoako prior-barrutitik zetozenak, iristen ziren nasa edo kaia zegoen toki berean. Istillagako untziola eta nasa xumeak alde honetan egon ziren, beharbada iraganeko oroigarri baten modura, izan ere, duela gutxi erromatarren garaiko kai garrantzitsu baten aztarnak aurkitu dira alde honetan. Seguru asko Aiako Harritik ateratako mineralak kargatzen ziren kai honetan.

Ezin ahantzi dezakegu Bidasoako estuarioaren xarma: Plaiaundiko padurak orain gutxi bihurtu dira parke natural hegazti migratzaileei babesa emateko. Gainera, Anakan bertan daude Galera, Santiagoaurrea eta Irukanale irletako eremu hezeak.

Bestalde, Anaka auzoan daude Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituzten Bidasoa gaineko zubi garrantzitsuenak. Zubi hauetatik zehar trenak, ibiltariak eta ibilgailuak igarotzen dira. Zubi hauetatik hurbil Aduanako zabalgunea dago, 1992. urteaz geroztik erabiltzen ez dena. Irungo Udalak erakustazoka bat eta hotelak antolatu nahi ditu eremu honetan. Zabalgune honetatik hurbil Real Unión C.F. taldearen futbol-zelaia dago, Stadium Gal izenekoa. Futbol zelai hori Salvador Echeandía Gal jaun irundarraren eskuzabaltasunari esker eraiki zuten eta garai hartan Espainiako Gobernuko Presidentea zen Primo de Rivera Jeneralak inauguratu zuen, 1926ko irailaren 19an. Inaugurazioan F.C. Barcelona izan zuen arerio talde irundarrak.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi dezakegu 1997. urte arte auzo honetan bertan egon zen Chocolates Elgorriaga fabrika ospetsua. Fabrika eraitsi egin zuten eta egun etxebizitzak eraikitzen ari dira alde honetan.

Santiago kalea - 1950. urtea
Santiago kalea - 1950. urtea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

Plaiaundi - 1974. urtea
Plaiaundi - 1974. urtea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

Santiagoko Nazioarteko zubia - 1966.urtea
Santiagoko Nazioarteko zubia - 1966.urtea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa - Gorka Alvarezen jatorrizko jabetza)

Chocolates Elgorriaga fabrika - 1969.urtea
Chocolates Elgorriaga fabrika - 1969.urtea

(Argazkia Irungo Udal Artxiboa)

X