Armarria eta hiriaren tituluak

Hona hemen Irungo armarriaren deskribapena, hizkuntza arruntean eta ez armarrien hizkuntza berezian:

  • Hondo gorri baten gainean zilar koloreko gaztelu bat, hormaren harriak ondo bereizirik, eta leiho eta ate urdinak.
  • Alboetako dorreen gainean bi kurrilo gris ageri dira.
  • Goiko aldean, bost barra dituen buru-babesa eta zinta beltz bat, "Vigilantiae Custos" inskripzioarekin, aurkezten ditu. (Inskripzio honek etsaien, batez ere frantses eta nafar etsaien, balizko erasoen aurrean adi eta zurt egoteko Irungo hiriak zuen betebeharrari egiten dio erreferentzia).

Irungo armarria

Irun ez da beti "hiria" izan. XVIII. mende arte, "unibertsitatea" izan zen eta arlo juridiko batzuetan Hondarribiko hiriaren menpe egon zen 1766ko otsailaren 27 arte. XVIII. mendean bertan lortu zuen Irunek "hiribildu" titulua, eta ez zen 1913. urte arte "hiri" izatera iritsi.

Hiriaren tituluak

Gipuzkoako herria izatetik datozkio; izan ere, probintziak aspaldi lortu zituen titulu hauek beretzat eta probintziako herri guztientzat. 1818ko urriaren 4an Fernando VII.ak.

Titulu honek eman zion hiribilduari, Independentziako Gerran herriak izandako portaera saritzeko.

Alfontso XII.ak, 1863ko Gerra Karlistetan jasandako setioari hiribilduak ondo eutsi ziolako, "Heróica" titulua eman zion 1875eko irailaren 1ean.

Harrigarria da karlistek ere "Fidelísima y Memorable" tituluak eman izana gerra honen hasieran Irunek erakutsi zuen jarreragatik. Nolanahi ere, egun ez dira bi titulu horiek erabiltzen, nahiz eta tituluak behar bezala jasotzeko tramiteei hasiera eman zitzaien.

"Excelentísimo" titulua 1897ko abenduaren 22an lortu zen Maria Kristina erreginordearen eskutik, Irunek bat egin baitzuen monarkia konstituzionalarekin.

Azkenik, 1913. urtean, Alfontso XIII.ak "Muy Humanitaria" titulua eman zion Iruni, udalerri honetan gertatutako tren istripu batean izaniko zaurituei herritarrek eskaini zieten laguntzagatik.

Irun, bere jatorria, bere esanahia

Historian zehar Irun izena Gaztelako Alfontso VIII.ak 1203ko apirilaren 18an Hondarribiari emandako "Privilegio de fueros y términos" edo "Hiri-gutunean" aipatzen da aurreneko aldiz (honek ez du esan nahi lehenagotik hemen herrigunerik ez zegoenik). Urte hartatik aurrera Irungo lurrak eta biztanleak Hondarribiaren menpe egon ziren arlo zibil eta kriminalean, ez ordea arlo politiko, ekonomiko eta militarrean.

1766. urtean, Irungo herriak erabateko burujabetasuna lortu zuen.
Irun izena era askotan agertu izan da historian zehar.

IRUN esaten da, besterik gabe, Alfontso XI.ak 1338an emandako pribilegioan eta Pio II.a Aita Santuak, 1462. urtean, Baionako gotzainari igorririko gutun apostolikoan; 1365. urtean Oiartzun eta Irungo olagizonei emandako Burdinolen Foruan IRUN-ERANZU irakur daiteke; IRUN-IRANZU irakurtzen dugu 1428an berretsitako foruetan eta baita XV. mendeko beste dokumentu batzuetan ere, esate baterako salerosteko gaien zama-lanetarako 1480ko patente-agirian eta urte berean Hondarribiari zigorrak ezarri ahal izateko idatziriko patente-agirian.

Santiago-bidea egiteko itsasbazterreko ibilbidea hautatzen zuten erromesen artean, HUAN, HURUN eta IRUNE bezalako izenak erabiltzen ziren. XV. eta XVI. mendeetako dokumentu batzuetan IRUN-URANZU izena irakur daiteke; IRON-URANCHU ageri da Baionako gotzaitegiko 1577. urteko dokumentu batean. Izan ere, hasierako eta jatorriko izena era askotan desitxuratu zuten hiritik igaro ziren bidaiariek: HERUNG, YRUN, HURIN, HURAIN, IRON.

URANZU ez da IRUNen izen euskalduna. Bata bestea bezain euskalduna da, izen biak parekoak dira. IRUN-URANZU bi lekuen arteko bateratzea adierazteko aukeratu zen izena da, herri bakarra adierazten duena, egungo Irun alegia.

San Juan Harri zutabea

San Juan Harria, izen bereko plaza eta Udaletxea, arkitektura-multzo bakartzat har daitezke. Zutabea 1564. urtean eraiki zuten.

Denboraren poderioz, Irungo hiriaren nortasuna eta izaera irudikatu du, baina, antza denez, irundarrek garai hartan frantsesen aurreko erasoaldian hiria babesteko erakutsitako ausardiaren ohoretan altxa zuten harria.

San Juan Harri zutabea

Era berean, harri hau Urdanibia jaunaren ohoretan eraiki zela esan izan da, berea zuen Arantzate Etxeari su emateko zalantzarik izan ez zuelako etxe barruan babestu ziren 300 etsaiekin akabatzeko. Dena dela, ez dago datu hau egiaztatzerik.

Harrizko oinarri baten gainean altxatzen da zutabea, fustean ildaskak ageri ditu eta fustearen goiko aldean kapitela dago. Kapitelean denboraren poderioz higatu diren armarri batzuk oinarritzen dira eta baliteke armarri hauek Austriako Etxearena, Gipuzkoarena eta Irun-Uranzu Unibertsitatearena izatea. Zutabearen goiko aldean estatua txiki bat dago. Estatua honek beste baten lekua hartu zuen 1850. urtean.

1964an monumentu historiko-artistiko izendatu zuten.

X