IBILALDI BIRTUALA IRUNGO UDALETXEAN

Erakunde antolatzailea AYUNTAMIENTO DE IRUN - IRUNGO UDALA
Hasiera data 2021-12-16
Lekua www.irun.org
Web

Oharrak

Udal-webguneak aukera eskaintzen du ordenagailua, mugikorra edo tableta erabilita udaletxe barrutik ibiltzeko.
Bisita San Juan Plazan hasiko da automatikoki, bertatik San Juan Harritik pasatu gaitezke, edo udaletxera jo. Eraikin barruan, zenbait helbururi buruzko informazio-puntuak sortu dira, hala nola beirateei, udal-pinakotekako margolanei edo sarrerako kanoiei buruzkoak. Objektu horiek guztiak aukeratu daitezke, eta artxiboko argazki bat agertuko da pantailan. Zoom egiteko aukera ere egongo da» esan du ordezkariak.

Intereseko xehetasunen artean, gertutik azter daitezke beirateak: eraikinaren ezaugarrietako bat dira, eta hiriko enpresa batek egin zituen, gainera. Nabarmentzekoa da, halaber, alkatearen aginte-makila eta Alkatetzaren atondoan kokatuta dauden azken alkateen erretratuak, Enrique Albizu margolariak egindakoak. Beste puntu interesgarri batzuk: kupula; Areto Nagusia (bertan egiten dira Udalbatzaren osoko bilkurak; Batzar Aretoa (bertan egiten dira udal-arloen batzordeen bilerak eta prentsaurrekoak, besteak beste).

Eraikinaren deskribapena

Irungo Udaletxea kubo ia perfektua da: lurretik teilatuaren erpineraino 26,35 m-ko altuera du, 23,85 m-ko zabalera, eta 30 m-ko sakonera, atzealdeko eranskina kontuan hartu gabe. Eraikinaren fatxada nagusia dotorezia eta simetriagatik nabarmentzen da. 1756an hasi ziren eraikitzen, Fernando VI.a errege zela, eta 1763an inauguratu zuten, ordurako Karlos III.a errege zela. Horregatik ikusten da bere profila ate nagusiaren gaineko medailoian. Urte askotan zehar, errege-bidea igaro zen San Juan plazaren aurretik. Gaur egungo Jesus karrikako arrapalatik jarraitzen zuen, eta bidaiariak, salgaiak eta diligentziak igarotzeko bide nagusia zen. Udaletxea zen Irungo gune nagusia.

Arkupeak erdi-puntuko bost arku ditu, harlanduzko kuxinduraz eginak, eta ertz-gangak ditu barruan. Fatxada harlanduzko kuxinduraz egina dago, eta, goialdean, balaustrada apaingarri bat du, floroi handi batzuekin, bi kanpai muturretan eta hiriaren armarri bikain bat erdian, harriz landua.

Teilatuan, lau isurkiko teilatua duen dorre garai batek barnealdeko kupula handia babesten du, eta argiztapen naturala ere ematen dio, beirateak dituzten zortzi leihoren bidez. Leiho horiek Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetako armarriak irudikatzen dituzte, Irungoaz gainera, eta erdigunetik kristalezko lanpara handi eta luxuzko bat dago zintzilik. Barrualdean, Irungo Udaletxearen dotorezia eta noblezia ere nabarmentzen dira. Haritz-zurez egindako eskailera nagusi bat dago. Jatorrian harrizkoa zen, baina ordeztu egin zuten 1903an, Euskal Jaiak zirela bide.

X