Foto de pies encima del logo de Camino Escolar

Mugikortasun seguru eta osasungarria sustatzeko proiektu bat da, haurrak eskolara oinez eta modu autonomoan joan daitezen duena helburu.

Zertan datza?

  • Eskolara oinez joateko ibilbiderik jendetsu eta seguruenak aztertzen dira.
  • Ibilbideetan barrena, haurrak jasotzeko edo elkarrekin gelditzeko topalekuak kokatzen dira.
  • Inguruan bizi diren haurrak topalekuetan elkartzen dira.

Abantailak eta helburuak

  • Haurren autonomia garatzea.
  • Haurren arteko harremanak landu eta sendotzea.
  • Haurrek bidean lagun berriak egin eta ondo pasatzea.
  • Bizimodu aktiboagoa sustatzea eta eskolara bidean ariketa fisikoa egitea.
  • Hirian ibilgailu gutxiago ibiltzea eta, horrela, arriskua eta kutsadura txikitzea.

Eskola bidearen sorrera Irunen

  • 2009-2010 ikasturtean, Udaleko Bide Heziketako Departamentuak proba pilotu bat egin zuen hiriko ikastetxe batekin.
  • 2011-2012 ikasturtean, modu esperimentalean, hiriko ikastetxe gehienetan jarri zen martxan programa. Denborarekin, parte hartzeak behera egin zuen.
  • 2013-2014 ikasturtean, Udaleko Mugikortasun Arloak programari berriro heldu, eta Eguzkitza Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearekin sustatu zuen. Proiektua sendotzen joan zen.
  • 2014-2015 ikasturtean, aipatutako ikastetxeak eskola bideari buruzko unitate didaktiko bat sortu eta hezkuntza proiektu gisa landu zuen. Eskola bidea bere kabuz funtzionatzen hasi zen.
  • 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan, Elatzeta eta Dunboarekiko lana hasi zen.
  • Gaur egun, aipatutako hiru ikastetxeetako eskola komunitatearekiko lanak eta interakzioak indarrean jarraitzen du, eskola bidea dinamizatzeko, mantentzeko eta ebaluatzeko.

Ikastetxe parte hartzaileak

Gaur egun, hiru ikastetxe ari dira eskola bidea lantzen eta egiten: Eguzkitza, Elatzeta eta Dunboa.

Ikastetxe bakoitzak bere ikasleen jatorriaren arabera planifikatu ditu bere ibilbideak, eta topaleku nagusiak seinaleztatu dira, herritarrek eta ikasleek berek identifikatzeko.

Eskolaminutuetan markatu dira ibilbide eta topalekuak, Udaleko Mugikortasun Arloak hirian oinez egiteko ibilbideak adierazteko sortutako metrominutuei jarraikiz: eskolaminutu bakoitzak zehazten du zenbat denbora eta pauso behar diren ibilbide bakoitza egiteko, Lehen Hezkuntzako haurren erritmoa eta neurria kontuan izanik.

Gainera, ikastetxe bakoitzak, ikasleekiko jardueren esparruan, bere logo edo “maskota” diseinatu, aukeratu eta izendatu du: Dunboakoa DUNBY da, eta Elatzetakoa, SUA.

Gero, ibilbideetan barrena jarri ditu logoak, kaleko altzarietan, biniloak erabiliz.

Saltoki laguntzaileak

Eskola bideari babesa eta oihartzuna emateko, hiri mailako proiektua delakoan, eskola bideetatik gertu dauden establezimenduak inplikatzeko eta berauen laguntza lortzeko ahalegina egin da.

Identifikazio eranskailu bat banatu zaie, saltokian bertan agerian jartzeko, eta, horrela, erreferentziazko puntu seguruak bihurtu dira ikasleentzat:

  • Ikasleak eskolara bidean ikusten dituzte aurretik edo gertu igarotzen direnean.
  • Laguntza behar duten haurrei laguntzen diete: baso bat ur, lotura itsaskor bat, zapi bat... eman diezaiekete.
  • Gorabeherarik badago eta beharrezkoa bada, ikastetxera deitzen dute.

Saltoki laguntzaileentzako logoa

X