Kontsumitzaileen oinarrizko eskubideak

Abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarenak, herritarrek kontsumoari dagokionez dituzten eskubideak eta betebeharrak jasotzen ditu, eta, gure eguneroko jardunaren oinarria izateaz gain, jardun horri dagokion esparrua finkatzen du.

Merkaturatutako produktu eta zerbitzuak, aurreikusteko moduko baldintza normaletan erabilita, ez lukete arriskutsuak izan beharko kontsumitzaileen edo erabiltzaileen osasunerako edo segurtasun fisikorako.

Gure interes ekonomiko eta sozial zilegiak babesteko, produktuak edo zerbitzuak baldintza zuzen eta bidezkoetan erosteko aukera izan behar da.

Horretarako, besteak beste, honako hauek ezartzen dira:

  • Produktuen eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea ezin da izan faltsua edo engainagarria.
  • Kontratuetako klausulek argiak izan behar dute, eta bidezko oreka ezarri behar dute aldeen artean. Debekatuta egon behar dute gehiegikeriazko klausulak.
  • Ondasun iraunkorrek bermea eduki behar dute idatziz.

Kontsumitzaileen eskura jarritako produktuek eta zerbitzuek berekin eduki beharko dute informazio egiazkoa, eraginkorra eta objektiboa beren funtsezko ezaugarriei buruz.

Era berean, abian jarri beharko dira Kontsumitzailea Informatzeko Bulegoak, publikoak (KIUB) nahiz pribatuak (Kontsumitzaileen Elkarteak). Gizarte-komunikabideek ere tokia eskaini beharko die kontsumoko gaiei.

Kontsumitzailearen heziketa eta prestakuntza mailaz maila sartuko da hezkuntza-sistemako mailetan.

Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubidea daukate zilegi diren beren interesak taldeka defendatzeko beren elkarteen bidez.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeek informazioa eman ahal izango die kontsumitzaileei, eta parte hartu ahal izango dute izaera orokorreko xedapenak (legeak eta araudiak) prestatzeko prozeduran, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eragiten dien gaietan.

Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak eskubidea eduki behar du ondasunak kontsumitzeagatik edo zerbitzuak erabiltzeagatik sortu zaizkion kalteen eta galeren ordaina jasotzeko, betiere kalte edo galera horiek bere erruagatik edo bere erantzukizun zibilaren pean dauden pertsonengatik eragindakoak ez badira.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legeak hizkuntza-eskubideak aitortzen dizkie Euskadiko kontsumitzaileei, esan nahi baita: :

  • Eskubidea dute ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko.
  • Eskubidea dute Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean jarduten duten enpresekin edo establezimenduekin izaten dituzten harremanetan gaztelania nahiz euskara erabiltzeko.
X