Irungo Udalak kanpaina bat abian jarri du, Irungo auzo-elkarteen federazioaren eta Danok Bat ostalaritza-elkartearekin batera, jaietan ohitura onen inguruan eta errespetuaren eta bizikidetzaren alde sentsibilizatzeko, "Jaietan, kontrolatu zeure burua" lelopean.

Cristina Laborda Udaltzaingoko ordezkariak adierazi duenez, "bi urte jairik gabe pasa ondoren, egun hauetan irundar asko gogo biziz aterako dira kalera antolatuta dauden jai-jarduerez gozatzera. Horrek esan nahi du jende asko bilduko dela hiriko leku askotan, eta denok gure harri koxkorra jar dezagun lagundu nahi dugu, aisia eta gozamena atsedenerako eskubidearekin bateratzeko. Horretarako, oso ukituak gertatzen diren aldeei entzuten ari gara, eta uste izan dugu jaiak ofizialki hasi aurretik herritarrei mezu hau elkarrekin bota beharra geneukala.

Eragindako sektore guztiekin izandako harremanetan, zenbait informazio eman da, hala nola ordutegiak zein egunetan zabalduko diren, ostalaritzak, arazo orokorrarekin sentsibilizatuta, zarataren ondorioak arintzeko zer neurri har ditzakeen, esaterako, establezimenduetako ate eta leihoak itxita edukitzea. Era berean, beste urte batzuetan bezala, gizalegearen kanpaina eta jaien irudia bera sartu dira programan, eta hori ere aztertu dute, eta baita ildo horretan datozen egunetan egingo den ahalegina ere, kalean gehiago ikusiko baita, errespetuzko jokabideak zaindu beharraz sentsibilizatzeko.

Bestalde, Kulturako eta Hiri-bultzadako ordezkari Juncal Eizaguirrek gaineratu duenez, "gure jaiegunak dira, irundar askok gehien espero dituzten egunak, baita ostalaritzaren sektorearentzat ere, azken bi urteotan oso gaizki pasatu dute eta. Seguru establezimenduek ahal dutena egingo dutela dena normaltasunez gerta dadin; beraz, gure esku dago egun hauek alaitsuak izatea eta ondo pasatzea, aisialdia eta atsedenerako eskubidea bateragarri bihurtuta".

Hala, programan argitaratutako irudian, bizikidetzaren eta errespetuaren alde egiteko kontuan hartu beharreko zenbait piktograma nabarmentzen dira, hala nola bizilagunak ez gogaitzea, paperontziak erabiltzea, neurriz edatea eta komun publikoak erabiltzea.

Zati guztiak bat datoz funtsezko mezuan. "Jaiak errespetuz eta kartelak agertzen duen espirituaz gozatzen dira", adierazi du José Barreiro Auzo Elkarteen Federazioko ordezkariak. Germán Borro, Erdialdeko elkartekoak adierazi du garrantzitsua dela "jendeak gizalegez jokatzea eta aisialdia errespetuz gozatzea". Ildo horretatik hitz egin du Josera Otaegik ere, Alde Zaharra-San Juan ELKARTEAREN izenean: "bizikidetzan gozatu behar dela" nabarmendu du. Bestalde, Danok Bat elkartetik, Eneko Mitxelena presidenteak zera azpimarratu du: "ahal dugun guztia egingo dugu, baina dena ez dago ostalaritzaren mende, eta pazientzia izan behar da. Dena hitz batean laburbiltzen da: errespetua".

Erantsitako irudia: Cristina Laborda eta Juncal Eizaguirre Udaltzaingoko eta Kulturako eta Hiri-bultzadako ordezkariak, San Juaneko obaloan jarritako gizalege-kanpainaren irudiaren ondoan. Bertan izan dira, halaber, elkarteen ordezkariak.

X