Udal-plangintzako aholku-kontseilua
Botere publikoei dagokie herritar guztiei aukera ematea bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte har dezaten, tresna baita nortasuna aske garatzeko, eta hori da, hain zuzen, ordena politikoaren eta bake sozialaren funtsa.
Herritarrek gai politikoetan zuzenean nahiz ordezkarien bidez parte hartzeko duten eskubidea alor guztietan sustatu eta adierazi behar da, bai norbanakoari dagokionez bai herria osatzen duten talde askotarikoei dagokienez.
Alde horretatik, kontuan hartu behar da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 69. artikulua, xedatzen baitu toki-korporazioek aukera eman behar dutela herritar guztiek bertako bizitzan parte har dezaten.
Hirigintzaren gaian, ekainaren 30eko Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak printzipio batzuk jasotzen ditu; besteak beste, hitzarmen sozialaren, herritarren parte-hartzearen eta informazio publikoaren printzipioak, eta ezartzen du Hirigintza Plangintzako Aholku Batzorde bat eratu beharra daukatela Plan Nagusiak behin betiko onesteko berezko edo eskuordetutako eskumena duten udalerriek, kontsulta- eta eztabaida-izaera duen tokiko organo gisa, betiere hirigintzako planak gizartean hitzartzea helburutzat hartuta. Aholku Batzorde horren xedea da toki-erakundeari urgaztea hirigintza antolatzeko dituen tresna nagusiak formulatzen eta onesten eta, zehatzago, Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko zehaztapenei dagokienez.
Horregatik, Udalbatzak, 2007ko abenduaren 26ko osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Udal Plangintzako Aholku Kontseiluaren Araudia. Horrela, bada, araudi honen bidez, Kontseiluaren sorrera eta funtzionamendua arautzen dira, kide anitzeko organo aholku-emaile eta deliberatzaile gisa. Organo horri esker, gizarteak hirigintza-plangintza estrategikoan parte hartzeko aukera izango du, hirigintza-ondarearen babesa eta udalerriaren garapen arrazional eta iraunkorra bultzatze aldera.
Araudi horren bidez, Aholku Kontseiluaren oinarrizko egitura, eginkizunak eta araubide juridikoa ere zehazten dira, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22.2 artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoaren izaera kontuan hartuta.
Honako hauek proposatzen ditu araudiak:
Kontseiluaren funtzioak
Osaera
Funtzionamenduaren araubidea
Horrela, bada, funtzio hauek bete beharko ditu Udal Plangintzako Aholku Kontseiluak:
- Udalak plangintza orokorraren eta udalerriko egiturazko hirigintza-antolamenduko beste tresna batzuen arloan egiten dituen azterlanak, programak, gidalerroak, jarduketa-ildoak eta proiektuak ezagutzea eta horiei buruzko txostenak egitea.
- Plangintza orokorreko zehaztapenei buruz beste instantzia batzuek Udalari planteatzen dizkioten ekimenak, iradokizunak, proposamenak eta alternatibak aztertzea.
- Batzordeak hirigintza-antolamenduko beste edozein plan edo tresna ezagutzea informazioa jasotzen duenean, bereziki, Hirigintza Ondarearen Katalogoari eragiten dioten antolamendu-plan eta -tresnak, eta, hala badagokio, horiei buruz informatzea.
110. artikuluak xedatzen duenez, udalerriko alkatea izango da batzordeburua, eta hirigintza-arloko zinegotzi arduraduna bertan izango da. Gainera, bermatu egingo da auzo-elkarteek eta udalerrian ingurumena babesten eta defendatzen diharduten erakundeek bertan parte har dezaten.