Ayuntamiento de
Buscador

Drogak kontsumitzea eta nork kontsumitzeko drogak edukitzea ez da delitua. Dauzkazun drogak zuk bakarrik kontsumitzeko badira, hau da, ez baduzu haiekin trafikatzeko asmorik, ez zara ari inongo deliturik egiten. Hala ere, horrek ez du esan nahi drogak kontsumitzea eta edukitzea legeztatuta dagoenik edo zigortu egiten ez denik: badira administrazio zigorrak, jendaurrean drogak ez kontsumitzea eta horrelako substantziarik ez edukitzea bultzatzeko.

Debekatutako substantziak lantzea eta egitea eta haiekin trafikatzea da delitua, baita haien kontsumoa sustatzea eta erraztea ere (Zigor Kodearen 368. artikulua).

Atxilotua izatea, Poliziak fitxa egitea, kartzela zigorra bete behar izatea eta isuna ordaindu behar izatea dakartza, baita aurrekari penalak izatea ere: substantzia edo produktuak kalte larria egiten badio osasunari (kokaina, heroina, MDMA, kristala, LSD… bada), kartzela zigorra hiru urtetik sei urtera bitartekoa da, eta isuna, drogaren balioa halako hirukoa; gainerakoan (substantzia edo produktua haxixa, marihuana eta abar bada), berriz, kartzela zigorra urtebetetik hiru urtera bitartekoa da, eta isuna, drogaren balioa halako bikoa.

Hala eta guztiz ere, gertakarien garrantzia eta errudunaren baldintza pertsonalak kontuan izanik, aipatutakoak baino gradu txikiagoko zigorrak ezar ditzakete auzitegiek.

Bestalde, baldintza hauetan, aipatutako zigorrak baino larriagoak ezar ditzakete:

  • Erruduna agintaria, funtzionario publikoa, aditua, gizarte langilea, irakaslea edo hezitzailea denean eta bere kargu, lanbide edo ogibidean ari denean.
  • Errudunak beste jarduera antolatu batzuetan edo delitua eginda errazago gauzatzen direnetan parte hartzen duenean.
  • Delitua jendaurrean zabalik dagoen establezimendu batean establezimenduko bertako arduradun edo enplegatuek egiten dutenean.
  • Debekatutako substantziak 18 urtetik beherakoei, urritu psikikoei edo mendekotasuna gainditzeko edo errehabilitatzeko sendabidean dauden pertsonei ematen zaizkienean.
  • Debekatutako substantzien kantitatea handia denean aurreko artikuluan aipatutako jokabideen barnean.
  • Debekatutako substantziak aizuntzen, manipulatzen edo elkarrekin edo beste batzuekin nahasten direnean eta horrela osasunarentzako arriskuak handitzen direnean.
  • Aipatutako jokabideak irakastegietan, zentro, establezimendu edo unitate militarretan, espetxeetan edo mendekotasuna gainditzeko eta errehabilitatzeko zentroetan edo horrelakoetatik hurbil jazotzen direnean.
  • Errudunak indarkeria erabiltzen duenean edo armak erakusten edo erabiltzen dituenean delitua egiteko

Epaiketetan, kantitate mota bat eta bestea desberdinak dira hainbat faktoreren arabera, eta pertsona ohiko kontsumitzailea den hartzen dute kontuan auzitegiek, baita droga trafikoarengatik aurrekaririk duen ere.

Honako hauek dira administrazio arau hausteak:

  • Droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak legez kontra kontsumitzea edo edukitzea toki, bide, establezimendu publikoetan edo garraio kolektiboetan, horrelakoak trafikatzeko ez badira ere.
  • Droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak legez kontra kontsumitzeko edo edukitzeko erabilitako tresnak edo bestelako gauzak aipatutako tokietan uztea (papera, morak, erruloak, xiringak…).
  • Pertsonak edozein ibilgailutan lekualdatzea droga toxikoak (…) eskura ditzaten errazteko, betiere hori delitua ez bada.
  • Droga toxikoak edo substantzia psikotropikoak legez kontra jendeak ikusteko moduko tokietan landatzeko eta hazteko ekintzak gauzatzea, horiek zigor arloko arau haustea ez direnean.
  • Droga toxikoen, estupefazienteen edo substantzia psikotropikoen legez kontrako kontsumoa edo trafikoa onartzea lokal edo establezimendu publikoetan edo horrelakoen jabeek, administratzaileek edo arduradunek jarduera horiek eragozteko arretarik ez jartzea”.

Horrelako arau hausteengatiko administrazio zigorrak kentzeko aukera dago baldin eta arau hauslea mendekotasuna gainditzeko sendabidean jartzen bada behar bezala onetsitako zentro edo zerbitzu batean araudiaren arabera xedatzen den moduan eta epean.

Zirkulazio Araudi Orokorraren arabera, alkohola hartu duten gidariek (ibilgailu eta bizikletenek) ezin dute zirkulatu baldin eta litroko 0,5 gramo baino alkohol gehiago badute odolean edo litroko 0,25 miligramo baino alkohol gehiago badute botatako arnasan. Araudi horren kontrako egiteak eta ez-egiteak administrazio arau hausteak dira, eta honela zigortzen dira:

  • Gorputzean alkoholaz beste droga bat izanda gidatzen denean, 1.000 euroko isuna ezarrita.
  • Alkohol tasa baimendutakoa halako bitik gorakoa denean edo gidaria aurreko urtean gorputzean alkohola izanda gidatzeagatik zigortu dutenean, 1.000 euroko isuna ezarrita.
  • Gidariak probak egiteari uko egiten dionean, 1.000 euroko isuna ezarrita.
  • Gidabaimeneko 4 edo 6 puntu kenduta.

Zigor Kodea aplikatzeko, hau da, delitua egiteko, beharrezkoa da gidariak litroko 1,2 gramo baino alkohol gehiago izatea odolean edo litroko 0,60 miligramo baino alkohol gehiago izatea botatako arnasan. Gidatzeko eskubidea galtzeko zigorra urtebetetik lau urtera bitartekoa da, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko kartzela zigorra ezartzen da, edo sei hilabetetik hamabi hilabetera bitarteko isuna eta gizartearentzat lan egiteko zigorra

Ausarkeriaz gidatzen duen pertsonari (gidatzean pertsonen bizia eta segurtasuna arriskuan jartzen duenari), berriz, sei hilabetetik bi urtera bitarteko kartzela zigorra ezar dakioke, baita motordun ibilgailuak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubidea galtzeko urtebetetik sei urtera bitarteko zigorra ere.

Ibilgailuen gidariak alkoholemia probak egitera behartuta daude, baita bidearen erabiltzaileak ere baldin eta istripu batean inplikatuta badaude.

Proba eta analisien emaitza positiboa bada, ibilgailua berehala ibilge daiteke. Era berean, ibilgailua ibilge daiteke baldin eta gidariak uko egiten badio alkohola detektatzeko probak egiteari. Alkoholemia proba egiteari uko egiteak administrazio zigorra ezartzea ekar dezake, eta, gidaria istripu batean inplikatuta badago edo mozkortasun akutuaren sintomak baditu, litekeena da delitua egin duela jotzea.

Droga testa egiteko, inork drogarik kontsumitu duen jakiteko tresna bat erabiltzen da: listu lagin bat hartu, eta tresnan uzten da; bost minututan, sei droga motatako edukirik dagoen detektatzen du tresnak.

Inork drogarik kontsumitu duen bakarrik detektatzen du droga testak; alegia, ez du ematen tasarik. Normalean, behar bezala araututako ohiko kontrol baten barruan (adibidez, alkoholemia kontrolen barruan) egiten da, edo alkoholemia probaren emaitza negatiboa denean baina inork drogak kontsumitu dituen sintoma argiak dituenean (begi nini handituak, hitz egiteko zailtasunak, etab.).

Esan bezala, listua erabiltzen da droga testa egiteko. Emaitza positiboa bada edo zalantzarik badago, odol analisi bat egin daiteke, horrelako substantzien presentzia zehazteko. Denborarekin, gernua eta izerdia ere erabil daitezke inork drogarik hartu duen egiaztatzeko.

Alkoholemia proba edo droga testaren emaitzarekin ados ez dagoenak beste proba bat egiteko eska dezake, emaitzak egiaztatzeko. Inguruko osasun etxe batera eraman, eta odol edo gernu analisi bat edo antzeko proba bat egingo diote, eta adituek gaiaren eskumena duen pertsonari bidaliko diote emaitza: prozedura penala abiarazten bada, epaitegiari; Trafiko Buruzagitzari; edo udal erakunde eskudunari.

Alkoholemia proba edo droga testaren emaitza positiboa bada, zera egin daiteke:

  • Isuna ordaindu (dagokion epean ordaintzen bada, zenbatekoaren erdia).
  • Errekurtsoa jarri.
  • Noren burua kaudimengabe deklaratu.

Ez, agenteek miatu egin dezakete kalean, baina behar bezala egin behar dute miaketa: ezin dute inor biluzi bide publikoan, ez inoren parteak ukitu, eta neurrian egin behar dute miaketa, pertsona erabat errespetatuz, beharrezkoa bada eta zantzu argiak badaude bakarrik.

Lokal pribatuak ezin dira miatu epailearen agindurik gabe, baina, delitu bat egin den susmo argirik badago, agenteak agindurik gabe sar daitezke lokalean.

Estupefazienteekin trafikatzea eta establezimendu publikoetan horrelakoen kontsumoa onartzea arau hauste larria dira, baita haien jabe edo arduradunek jarduera horiek eragozteko eragozpenik ez jartzea ere, eta lokalaren jabeari 30.000 euroko isuna ere jar diezaiokete arau hauste horiengatik.

X