Eta Hendaian?
Droga ilegalak, alkohola, tabakoa, zer dio Frantziako legediak?
Droga ilegalak
Zein dira drogak kontsumitzearen ondorioak?
- Frantzian, debekatuta dago drogak kontsumitzea.
- Drogak erabiltzea delitua da, eta urtebeteko kartzela zigorra eta 3.750 isuna ezarrita zigortu daiteke gehienez.
- Gainera, bere kontu estupefazienteak erabiltzearen arriskuen kontzientzia hartzeko ikastaro bat egitera edo justiziak agindutako tratamendua egitera kondenatu dezakete erabiltzailea.
Zein dira inori drogak eskaintzearen edo saltzearen ondorioak?
- Zigorra bost urteko kartzelaldia eta 75.000 euroko isuna ere izan daiteke, eta kartzela zigorra aipatutakoa halako bi izan daiteke baldin eta adingabeei saltzen edo eskaintzen bazaizkie estupefazienteak edo irakastegi batean edo inguruan saltzen edo eskaintzen badira.
- Zaindaria edo bitartekoa konplizeak dira, eta zigor berak ezar diezazkiekete nahiz eta ordainetan diru edo gauzarik hartu ez izan.
Alkohola
Zenbat urtetik gorakoek edan dezakete legez edari saltokietan eta erosi alkohola?
- Debekatuta dago edari saltokietan, dendetan eta leku publikoetan 18 urtetik beherakoei edari alkoholdunak saltzea eta are doan eskaintzea, eta edaria saltzen duen pertsonak adinduna den froga bat erakusteko eska diezaieke bezeroei.
- Open bar direlakoak ere (doako barra) debekatuta daude –horrelakoetan, nahi adina alkohol har daiteke, kostu finko bat ordainduta–, baita alkohola nahierara eskaintzea ere, kontsumitzaileen adina dena delakoa ere.
Zer ondorio ditu kalean edo leku publiko batean mozkortuta egoteak?
- Bide publikoan, taberna batean, diskoteka batean edo beste leku publiko batean mozkortuta dagoen edonor polizia etxera eraman dezakete, eta desintoxikazio gela batean sartu. Mozkorkeria nabarmenagatiko isuna 150 euro ere izan daiteke.
Tabakoa
Non ezin da erre?
- Erretzen ez dutenak babesteko, debekatuta dago erabilera kolektiboko lekuetan erretzea, hala nola taberna, jatetxe eta diskoteketan. Leku publikoan erretzeak 68 euroko isuna ekar dezake.
Zenbat urtetik aurrerakoek eros dezakete legez tabakoa?
- Debekatuta dago 18 urtetik beherakoei tabakoa saltzea.
Drogak, alkohola eta gidatzea
Zirkulazio istripu bat gertatzeko eta istripuan hildakoak izateko arriskua askoz ere handiagoa da alkohola edo drogak kontsumitu dituztenen artean, eta are larriagoa biak nahastu dituztenen artean. Zehazki, arriskua hamabost aldiz handiagoa da alkohola eta kalamua nahastu dituztenen artean.
Zer alkoholemia tasatatik aurrerako emaitzak dira arau hausteak eta zer zigor aplika daitezke?
Debekatuta dago odolean litroko 0,5 gramo alkohol edo gehiago izanik gidatzea:
- Alkoholemia tasa odoleko litroko 0,5 eta 0,79 gramo alkohol artekoa bada, 135 euroko isuna jar diezaiokete arau hausleari, eta gidabaimeneko 6 puntu kendu.
- Alkoholemia tasa odoleko litroko 0,8 gramo alkoholetik gorakoa bada, 4.500 euroko isuna jar diezaiokete arau hausleari, eta gidabaimeneko 6 puntu kendu.
Istripu hilgarri bat eragiten bada, hamar urteko kartzela zigorra eta 150.000 euroko isuna ere ezartzeko arriskua dago, eta, betiere, gidabaimena aldi baterako kentzeko eta indargabetzeko aukera. Arau hausleak ez badu justifikatzen Frantzian bizi edo lan egiten duenik, isun finko bat berehala ordaintzera behartu dezakete; bestela, ibilgailua gordailuan atxiki diezaiokete harik eta 4.500 euro ere ordaintzen duen arte.
Gidatu al daiteke ibilgailurik drogak kontsumitu ondoren?
- Ez. Gidari batek produktu estupefaziente bat kontsumitu duen detektatzeko proba egiten badu eta emaitza positiboa bada, bi urteko kartzela zigorra eta 4.500 euroko isuna ezartzeko arriskua dago. Gidaria alkoholaren eraginpean badago gainera, kartzela zigorra hiru urtekoa izan daiteke, eta isuna, 9.000 euro.
Opiazeoak ordezkatzeko tratamenduak
- Opiazeoak ordezkatzeko tratamenduak legezkoak dira Frantzian. Komeni da bidaiarako beharrezkoa den tratamendua eskuratzea eta errezetak soinean eramatea; izan ere, mugan edo Poliziaren edo Jendarmeriaren kontroletan, litekeena da egiaztagiriak eskatzea.
- Tratamendurik eskuratu behar baduzu Frantzian zauden bitartean, mediku orokor batekin harremanetan jar zaitezke, edo zaintza egitura espezializatu batera jo, hirian bertan edo ospitalean, eta zure herrialdean egindako errezeta aurkeztu.
- Ikus egituren zerrenda www.drogues-info-service.fr helbidean.
- MILDECA Drogen eta Mendetasuna sortzen duten Jokabideen kontra Borrokatzeko Ministerio arteko Misioa