Garapen Jasangarriko Helburuetan inplikatutako gizarte eragileek parte hartuko dute Innova+Gazte tailerrean

Maiatzaren 27 eta 28an, Innova+Gazte tailerra egingo da, Palmera-Montero Gunean, gazteentzat, eta garapen jasangarrirako helburuetan inplikatutako gizarte eragileek parte hartuko dute.

GazteARTEAN GJH programaren esparruan egingo da tailerra, gazteei ideiak proiektu jasangarri bihurtzeko tresnak eskaintzeko eta parte hartzaileak beren etorkizunerako zeharkako abileziez jabetzeko, modu dinamiko eta praktikoan betiere. 

Programa berritzailea da, eta garapen jasangarrirako helburuetan inplikatutako gizarte eragileek parte hartuko dute: haiek arduratuko dira parte hartzaileei erronkak jartzeaz.

Batetik, Uxue Díez Guiralek eta Maite Azabal Gallegok parte hartuko dute programan. Lamiaren Oihua entitateko kideak dira biak, eta GazteARTEan bekaren esleipendunak.

Lamiaren Oihua gazteentzako gai psikoedukatiboetan espezializatuta dago, eta, gaur egun, Irungo LGBTI+ gazteen egoeraren diagnostikoa egiten ari da, GazteARTEan bekaren bidez. Besteak beste, Lamiaren Oihuak LGTBI+ pertsonen gizarteratzean eta Euskal Herriko genero aniztasunean sakontzen du, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, ikerketa eta ekintza metodologien bidez.

Bi gazteek beren proiektuarekin lotutako erronka zehatz eta espezifiko bat jartzea da asmoa, Irunentzat mesedegarria betiere.

Lamiaren Oihuaren ustez, garapen jasangarrirako helburuak etorkizun inklusiboa sortzeko nazioarteko ahalegin baten parte dira. Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da herritarrei etorkizuna ikuspuntu integral batetik eraikitzeko tresnak ematea. Alabaina, entitateko kideek adierazi  dutenez, “jende askok ez daki zer-nolako eragina duten garapen jasangarrirako helburuek haren eguneroko bizitzan. Bada, gure ustez, garrantzitsua da herritartasun sentibera eraikitzea, bizikidetza beterako tresnak eta bere eskubideak erabili eta garatzeko espazio seguruak dituena, eta, horretarako, beharrezkoa da garapen jasangarrirako helburuak herritarrei helaraztea eta erakundeen eta teoria konplexu eta anbiguoen arteko arrakala txikitzea.  Ildo horretatik, funtsezkoa iruditzen zaigu garapen jasangarrirako helburuak herritarrei helaraztea, jarduera ludiko eta dinamikoen bidez batez ere, eta halakoxea da programa hau”.

Bestetik, Hezkide astialdiko eskolak parte hartuko du dinamiketan.

Innova+Gazte bezalako programei eta horrelako ekimenen aldeko apustuaren garrantziari dagokienez, entitatearen ustez, “garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako jarduerak gauzatzea: alde batetik, gazteek gogoeta egiteko eta talde lanean aritzeko espazioak eskaintzen eta/edo zabaltzen dituzte; beste alde batetik, Udala gazteengana gerturatzeko eta proposatzen diotena entzuteko prest dagoen adierazgarri dira; eta, azkenik, etorkizunari begira, planeta jasangarria izateko aurrerapausoak emateko balio dute, horrelakoak beharrezkoak baitira”.

Ekimen berritzailea da hau, eta, arreta garapen jasangarrirako helburuetan jartzeko ez ezik, gazteak berrikuntza prozesuaren erdian jartzeko balioko du; haiek izango dira gizartean eta tokian eragina duten erronkei erantzuna emateko protagonistak. 

Bi dinamizatzaile izango ditu programak: Elena Arnaiz, garapen profesionalean espezializatutako psikologoa eta talentuan aditua, eta Nagore García Sanz, komunikazioan aditua.

Tailerraren bukaeran, taldeek beren proiektua aurkeztu beharko dute; hau da, jarritako gizarte eta toki mailako erronkari aurre egiteko proposatzen duten soluzioa jendaurrean azaldu beharko dute. Horrela, beren komunikazio abileziak praktikatzeko aukera izango dute; dudarik gabe, bi jardunaldi interesgarri eta praktiko bukatzeko luxuzko modua.

 

Izen ematea HEMEN

X