Raquel Calvo: «Sexu-hezkuntza ezinbestekoa da pentsamendu kritikoa garatzeko»

Raquel Calvo sexologo eta sexu-hezitzaileak «Sareko sexismoak eta nerabeengan duten eragina» izeneko tailerra zuzendu zuen maiatzaren 7an Palmera Montero espazioan, hezkuntza digitalari buruzko HaurARTEan tailerren zikloaren barruan.

Tailerrak bi parte izan zituen. Aurrena, sexologoak, gizartean, oro har, ematen diren sexismoei buruz hitz egin zuen. "Betaurreko moreak" jantzi eta gero, sare sozialetako hainbat influencerren edukiak aztertu ziren bigarren zatian; sexismo sotiletatik, agerikoetara. Saioa ixteko, profil batzuetako prostituzioaren ezkutuko publizitatea aztertu zen ere bai.

Calvok nabarmendu zuenez, eduki sexualizatuen ondorioz, horiekiko sentiberatasuna galtzen da eta normaltzat hartzen dira, eta horrelako indarkeria kontsumitzen dutenak eduki horietara ohitzen dira. Autoestimu baxua, depresioa edo harremanak izateko arazoak dira, besteak beste, horren ondorioak.

Familiek rol garrantzitsua dute. Horretarako, nerabezaroan, gazteek konfiantza, maitasuna eta komunikazioa sentitu behar dituzte etxean; segurtasun afektiboa, azken batean. Egia da nerabezaroan familia bigarren maila batean geratzen dela eta garrantzi handiagoa hartzen dutela lagunek, baina sexologoak nabarmendu zuen familia «funtsezko zutarria dela orduan ere». Pentsamendu kritikoa garatzearen beharra oso garrantzitsua da eta, horretarako, ezinbestekoa da sexu-hezkuntza. Txiki-txikitatik landu daitekeen gaia da, betiere unean uneko adinera egokituta.

Izan ere, gero eta ohikoagoa da nerabeek pornografia kontsumitzea, eta beharrezkoa da tresnak ematea eduki sexistak eta biolentoak eta ez direnak bereizteko gauza izan daitezen. Calvok Irunen egindako ikerketa baten emaitzak eman zituen, 14 eta 19 urte arteko gazteen pornografia-kontsumoaren inguruko azterlan batenak, eta  Itsasne Galardirekin batera egindakoa. Hala, 1.000 neraberen lagin batetik, 0,2k pornografia kontsumitu zuen 8 urte bete aurretik, 19,9k eskuarki kontsumitzen zuen, eta 8,8k, egunero.

Irungo Udalak, GazteARTEan-en bidez, sexu-aholkularitzako zerbitzu bat dauka (AXEXORA-T), familiei, haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendua. Horretara jo daiteke edozer kontsulta egiteko.

Raquel Calvo sexologoak gomendatutako influencer eta espazioak (sexualitatea, hilerokoa...lantzen dute):

Asexora-T
Pamela Palenciano, La moderna de pueblo, Roy Galan, Miquel Mise, Fundación Sexpol, Omay Cazorla, Esperansa Grasia, Okudart, Lola vendetta, Menstruita, Espacio de desaprendizaje, Mi Crisantemo, La chica del coño, Zikloki bizitzen, La Basu, Sin peros, Magale 

X