Gemma Martínez: “Online hezkuntzaren oinarria offline hezkuntza bera da”.

Gemma Martínez Gizarte Komunikazioaren alorreko doktore eta ikertzailea da, eta Gurasoentzako Bitartekaritza Digitalean aditua, 2008tik. Gaur egun, PantallasAmigas ekimenarekin elkarlanean dihardu, eta EU Kids Online Europa mailako ikerketa sareko EHUko taldeko kide da. Martxoaren 30ean, “Esperientzia digital positiboak familiartean: seme-alabak digitalki hezteko erronka eta oinarriak” tailerra eman zuen, Palmera Montero Gunean, familiarteko hezkuntza digital onerako oinarriak emateko.

 Hona hemen oinarri horietako batzuk:

1. Eskolarekin batera, gurasoak gara teknologiaren erabilera egokia sustatzeko arduradun nagusiak. Batera gara arduradun, ez gaude bakarrik.
2. Familiek, seme-alaben ongizate digitalaren lehenengo arduradunok, txikitan, ez genuen gaur egun bezainbeste teknologia, eta, hain zuzen ere, “ezezaguna zaigunaren eta aldaketen beldurrak” funtsik gabe ikararaz gaitzake. Kontuan izan behar dugu gaur egun maiz erabiltzen ditugula Internet eta teknologia digitala, eta konfiantza handiagoa izan behar dugu gure buruarengan, abilezia digital handiagoak (pentsamendu kritikoa...) baititugu seme-alabek baino. Are gehiago, abilezia digital gutxien dituzten gurasoek murrizten dute gehien seme-alaben jardun digitala, haiek ematen dute denbora gutxien jarduera digitaletan, eta haiek bultzatzen dituzte seme-alabak gutxien sarearen aukera berriak deskubritzera. Bada, horrela, kalte egiten diote adingabeek online dituzten aukerak aprobetxatzeari eta abilezia digitalak garatzeari.
3. Adingabeek tresna bat erabiltzeak ez du esan nahi horretarako gaitasun kritikoa dutenik. Hori dela-eta, funtsezkoa da pentsamendu kritikoa transmititzea eta seme-alabak pentsamendu kritikoan heztea.
4. Itunak oso eraginkorrak dira: sakelako lehenengo telefonoa ematen diegunean seme-alabei, hura erabiltzeko itun bat egin dezakegu.
5. Seme-alabekiko komunikazioa eta konfiantza funtsezkoak dira mundu digitalean, eguneroko bizitzan bezainbat. Garrantzitsua da konfiantza eta komunikazio hori txikitatik lantzea, nerabezarora arte ez itxoitea, seme-alabak txikiak direnetik konfiantzazko harremanak garatzea eta elkarrizketarako espazioak sortzea.
6. Adingabeek online ematen duten denborarekiko kezka familiarteko liskarren iturri nagusietako bat da; zertan ari diren ez dakigu, ordea. 
7. Laguntzea. Seme-alabekin esertzea, jolastea, aholku ematea, gaitasun kritikoa garatzen laguntzea eta eredugarri izatea, sakelakoa erabiltzen dugun moduak ere badu-eta eragina: horiexek gakoak.
8. Online pribatutasunari dagokionez, gurasook kontuan izan behar dugu zer dakarren eta zer ondorio dituen adingabeen irudiak argitaratzeak.
9. Gurasoen kontrola eraginkorra izan daiteke seme-alabek 15 urte bete arte, betiere akonpainamenduarekin.
10.Teknologiaren bidez deskubritu eta ikastera bultzatu behar dugu, sarearen bidezko sormena eta ikaskuntza sustatu. Teknologia sormenaren eta ikaskuntzaren ikuspuntutik deskubritzen erakusteko, gurasook denbora eman behar dugu teknologiekin. 

Gemma Martínezek emandako baliabideak: 
www.is4k.es
PantallasAmigasen dekalogoa; gurasotasun positiboa.
Maldita.es

X