Deskripzioa
Irungo udal barrutia 4.200 ha inguru da, eta horietako 3.250 ha lurzoru urbanizaezinaren kategoriei dagozkie.
Alde geografikotik, hiru unitate nagusi bereiz daitezke landa lurzoruan:
Padura
Paduran lur lauak dira nagusi. Bidasoak Kantauri itsasoarekin bat egiten du, eta Baztango mendietatik arrastaka dakartzan sedimentu guztiak jalkiarazten ditu. Ur gozo eta gazien, mantenugaien, argiaren eta sakonera txikiaren nahasketak padura sorrarazten du, ekosistemarik bereziena eta dibertsitaterik handikoena: mareei jarraikiz kulunkatzen diren ur askeak, lezkadiekin, zelai lohitsuekin, urmaelekin eta halofilo zelaiekin nahasian. Lurrak urpean geratzen diren mailan zentimetro eskaseko aldea izateak edo gazitasun mailan alde txiki bat izateak ingurunearen fisionomia aldarazten du.
Europako migrazio bide nagusietako batean egonik, ehunka hegaztik Txingudiko padura erabiltzen dute bidean elikatzeko eta atseden hartzeko. Nolanahi ere, Bidasoan badira beste migratzaile batzuk: izokinak, kolakak, itsas amuarrainak, aingirak eta lanproiak ibaian gora eta behera ibiltzen dira, ugaltzen diren tokietatik elikatzen diren tokietara joan-etorrian.
Balio natural handikoa izan arren, padurak kalte larria jasan du historian. Laborantza lurren beharra zela-eta, lehenik eta behin, ia osorik okupatu zen. Gerora, hazi ahala, hiria eta azpiegiturak kokatu ziren bertan. Zorionez, ingurumenaren gaineko kontzientzia berriari esker, padura lehengoratzeko lan aitzindariak egin dira Txingudin, eta, gaur egun, lehengoratze lanak bukatzeko daudela, Txingudiko padura Natura 2000 sarearen barruan eta hezegune garrantzitsuen nazioarteko Ramsar zerrendan dago.
Landazabala
Hiriaren eta mendiaren artean, haran hondoek eta muinoek osatzen dituzten erliebe leunek landazabalaren berezko laborantza lurrak hartzen dituzte barnean. Hazi ahala, hiria eta garraio azpiegiturak kokatu dira bertan, hein handi batean, baina, hala eta guztiz ere, Irunen azaleraren heren bat dira oraindik ere. Hariztiek eta baso mistoek sortu zituzten bertako lur emankorrak, kantauriar oihanek, baina, gaur egun, haien eremu txikiak besterik ez da gelditzen, lurraldean sakabanatuta, eta, haien ordez, laborantza lurrek, zelaiek, sagardiek, zuhaiztiek, konifero sailek, heskaiek eta erreken inguruko haltzadiek osatutako mosaiko bat sortu du nekazaritzak. Ildo horretatik, baserria izan da paisaia modelatu duen eragilea.
Inguruneen nahasketa, lurraren emankortasuna eta klimaren gozoa direla medio, landareen hazkundea handiagoa da: zelai eta basoak espezie gehiagoz osatuta daude inguruko medietan baino, eta hostotsuagoak dira. Dibertsitate handiko fauna komunitatea erakartzen du horrek, neguan batez ere; orduan, hegazti kopuru handi bat iparraldetik eta inguruko mendietatik etortzen da, hotzaren ondorioz bizirik irauteko aukera gutxiago baititu han. Gizakien presentzia gehien nabaritzen duten espezieak, ordea, aldendu egiten dira.
Mendia
Irungo lurraldearen hegoaldean, lurrak goratu eta tolestu, eta mendialdeko erliebeak sortzen ditu: trokarte maldatsuak, gailur lerroen, harkaitzen, haran estuen eta mendixka leunen artean. Granitoa azaleratzen den tokietan, Euskal Herriko harkaitzik zaharrenak ageri dira. Lur gogor eta elkorreko lurralde bat da, non basoak eta larreak diren nagusi. Alabaina, naturak ez ditu ezabatu meatzari eta militarren jardun sutsuak duela ez askora arte mendi hauetan utzitako arrastoak.
Gaur egun, harizti, gaztainadi, pagadi eta lizardi naturalak gero eta zabalagoak dira, eta, haien aldean, arboladi modernoagoak (konifero exotikoak eta haritz gorriak) XX. mendean egindako basotze lan handiaren adierazgarri dira. Gaur egun, lurzoru publikoko basoen kudeaketak biodibertsitatearen balioari ematen dio lehentasuna, eta, bertako arboladiak eta arboladi bereziak kontserbatzeaz gain, bertako basoak lehengoratzea du helburu.
Baso trinkoen aldean, mendi bizkarrek txilardiz eta larrez osatutako paisaia irekiei eusten diete, eta, bertan, behiak, zaldiak eta ardiak bazkatzen dira, eta espezie mehatxatu batzuek bizirik diraute, hala nola San Markos lorea (Daphne cneorum).
Irunen % 40 inguru mendialdea da, eta ingurunearen balio natural handiak babespean daude, Aiako Harria parke naturalaren eta Natura 2000 sarearen barruan.
- 2018ko Daphne azterketa [PDF]
- 2017ko Daphne azterketa [PDF]
- 2015ko Daphne azterketa [PDF]
- 2014ko Daphne azterketa [PDF]