Anfibioentzako Irungo putzuak
Irungo Udalak putzuak eta hezegune txikiak eraiki eta egokitu ditu mendialdeko lurzoru urbanizaezineko udal lursailetan, horrelako habitaten eskasia arintzeko eta ingurune urtarretako biodibertsitatea sustatzeko.
Bereziki, anfibioen, burruntzien eta beste ornogabe urtar batzuen populazioen osasuna hobetzeko. Guztira, hogei putzu eraiki ditu, bederatzi udal lursailetan.
Putzuak kudeatzeko lanen ardatza, funtsean, hondakin eta ekarriak garbitu eta kentzea da, hezeguneak erabiltzen dituzten intereseko fauna populazioen jarraipena egitea, fauna eta flora inbaditzailea kentzea, inguru hurbileko landaretza kudeatzea, babeslekuak sortzea, putzuetako elementuak (iragazketa elementuak, gainezkabideak, dikeak, hesiak, kartelak...) mantentzea eta informazio elementuak diseinatu, hornitu eta jartzea.