Gu ere bertsotan
Bertsolaritza sustatzeko programa. Bertsolaritzak hizkuntza normalkuntzan lagun dezake, hizkuntza haurren eta gazteen aurrean prestigiatu eta erabiltzeko motibazio pizgarri izan daitekeelako.
Hitzaren bidez egiten den jolasa eta komunikazio ekintza den aldetik, euskal kulturaren adierazgarri arrakastatsua izan da eta oraindik, garaian garaiko hizkuntza eskakizunetara moldatzen jakin duelako. Gainera, bertsogintzak ahozko adierazpidea hobetzea, komunikazio estrategia eraginkorrak baliaraztea, hizkuntza aldetiko sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzea, ideiak ordenatzen laguntzea eta komunikatzaile onak hezteko beste zenbait ekarpen interesgarri ekar dakizkioke eskolari.
Beraz, bertsolaritza Hezkuntza Proiektuan jasotako helburuak bermatzeko tresna ezin hobea da.
Helburuak
Bertsogintza bitarteko delarik, hau da, eskola kurrikulumean bertsolaritza ezarriz, ikasleen euskararen erabilpen maila eta kalitatea handitzea.
Bertsotarako zaletasuna piztea eta bertsogintzari eskolako jardunean funtzionalitatea emanik, zaletuen beharrak eta gogoak elikatzea.
Programaren funtzionamendua
Bertsogintzan "espezialistak" direnen laguntza dute ikastetxeek, bertsolari gazte talde batena hain zuzen ere, eskola kurrikulumean bertsolaritzari sarbidea emateko. Gune bakoitzeko arduradun batek osatzen du ikastetxeko bertsolaritza komisioa.
Ikasturte bakoitzaren bukaeran ebaluaketa bat egiten da, eta honen arabera proiektuari egokitzapenak ezarri, hurrengo ikasturtean jarraipena emateko. Halaber, ikasturte amaieran, Irungo Udalak Amaia Kultur Zentroan bertso jaialdiak antolatzen ditu, ikasleek ikasturte osoan egindako lana jendaurrean azaltzeko.
Egitasmo honetan parte hartu duten ikasleek "Bertsometa" izeneko liburua jasotzen dute, non talde guztien argazkiak eta bertsoak jasotzen diren.
Ikastetxeentzako dirulaguntzak
Izen emateak: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea
- E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
- 943 67 05 75
- Gipuzkoako Bertsozale Elkartea
"Bertsolari" film dokumentala