Garapen ekonomikoaren eta enpleguaren sorrera iraunkorra

Jakin badakigu egoera zaila bizi dugula. Harreman profesional eta ekonomikoen panorama berri honek eramaten gaitu ahalik eta emaitza onenak lortzeko eraginkortasun mailarik handiena bilatzera.

Benetan kezkatzen gaituen langabezia tasa dugu Irunen, baina baditugu, era berean, lanean ari den biztanleria tasa ez txikia, heziketa eta prestakuntza ikastegi interesgarriak, enpresa lehiakorrak eta, azken batean, maila handiko eragileen sare bat, bere hiriarekin eta biztanleekin inplikatuta dagoena eta elkarrekin gogor lan egiteko prest dagoena, denbora eta baliabideak eskainiz, garapen ekonomikoaren eta enpleguaren sorrera ahalbidetzeko xedean. Hiriko aktibo oso baliotsua da honakoa, areago garai argal hauetan, eta Udala alboan izango du laguntzeko eta lan egiteko orduan.

José Antonio Santano

Izan ere, egungo egoera gainditzeko Irungo enpresei eta herritarrei eskatzen zaizkien ahaleginek eta sakrifizioek hiriko agenteen babes osoa behar dute izan, baita Udalarena ere. Irunen 2001. urteaz geroztik ari gara ildo honetan lanean Enpleguaren aldeko Itunaren (2001-2004) eta Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Akordio Orokorraren (2005-2011) bidez, eta beraz, baterako lan dinamika hau sustatzen jarraitu behar dugu gure inguruko lurraldeen aldean abantaila garbia eskaintzen duelako, arazo baten eta beraren aurrean ikuspuntu sorta bat biltzen duelako, jarduerak koordinatzen direlako eta baliabideak optimizatzen direlako.

Aurreko proiektuen lekukotasunari eutsi eta helburu beraren bila abian jarri dugu "IRUN EKINTZAN" ekimena, Udalak eta enpleguarekin zerikusia duten agente guztiek, herritarrekin batean, garapen ekonomikoa sustatzen lagundu dezaten eta hirian enplegu iraunkorraren sorrera bultzatu dezaten, hiriaren kokaleku lehiakorra sendotzen jarraitzeko dinamikak sortzeko xedean.

Izan ere sektore publikoak, bakarrik, ezin sor dezake lehiakortasun iraunkorraren abantaila, baina hiriko beste eragile inplikatuekin elkarlanean jardun dezake eta jardungo du erakundeek diseinatutako estrategiaren ikuspuntuarekin bat egiten duten eta hirian dauden enpresetan berrikuntza bultzatzeko eta sustatzeko eta etorkizun hurbilean Irun berritzaile bat ezagutzeko, etorkizuneko ekonomiak exijitzen dizkigun parametroetan kokatuko den hiria izateko.

IRUN EKINTZAN ekimenak langabezia tasa gure inguruko eremuetako tasen mailara jaistea du helburu nagusia. Horretarako lan egingo du hiriko garapen ekonomikoaren eta enplegu iraunkorraren sorreraren alde.

Horrekin guztiarekin eta enpresen, administrazioen, langileen eta herritar ororen inplikazioarekin, Irun udalerri lehiakor eta gizartearen ikuspuntutik arduratsu bihurtu nahi dugu, lurraldea, enpresak eta pertsonak zainduko dituen udalerri.

J.A SANTANO
Irungo Alkatea

Irungo Udala eta Bidasoa bizirik

Irungo Udala eta Bidasoa bizirik urteak daramatzate elkarrekin eta hiriko gizarte eta ekonomia agenteekin lanean. Helburu komuna beti izan da gure eskualdeko profesionalen prestakuntza jarraituari eustea, gure ekintzaileen ekimena sustatzea, lan bila ari direnen prestakuntza emendatzea eta, ondorioz, baita lan aukerak ere. Ikastaroak, informazioa, jarraipen lanak, aholkularitza eta beste dira aipatu helburuak lortzeko abian diren ekimenetako batzuk, etenik ez duten ekimenetako batzuk.

Irunen, gainera, langabezia tasa garrantzitsuaren aurka egin behar dugu lan, egoera ekonomiko oro har oso zailean egin ere. 2001. urtean Enpleguaren aldeko Ituna izeneko foro publiko-pribatu bat osatzeko erabakia hartu zen aktore guztiak inplikatuta soluzio praktiko eta eraginkorrak barrutik bilatzen laguntzeko. 2004. urtean zabaldu egin zen proiektua eragile berri asko bilduta, eta Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Akordio Orokorra izenpetu zen urte hartan.

Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Akordio Orokor honen bidez ekimen kopuru garrantzitsua jarri zen abian, eta horietatik askok eta askok beren bidea egiten jarraitzen dute: Espazioa, etorkizuneko profesionalentzako Espazioa; Erabat, Bidasoako Hiri behatokia, KREA, Ekintzailetza eta berrikuntza Azoka, K-Biziak, Irungo hiri aldeetan negozio berriak irekitzeko alokairua ordaintzeko laguntzak, Gizarte Klausula, Bidasoa Prebentzioan eta beste asko.

Udalak eta Bidasoa bizirikek Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Akordio Orokorrarekin burura eramandako lana funtsezkoa izan da egun bizi dugun egoerara iristeko; izan ere, etenik izan ez duen lanaren ondorioz badaude asmo anbiziotsuago bat garatzeko baldintzak, badaude Irunen garapen ekonomikoa lortzeko elkarlanean oinarritutako lan bateratua egiteko aukerak. Orain baditugu proiektu bateratuak sortzeko, negozio berrien sorreran enpresei eta ekintzaileei laguntzeko eta pertsonak, baita laneratzeko zailtasun bereziak dituztenak ere, prestatzeko eta laneratzen laguntzeko beharrezkoak ditugun baldintzak.

Enpresen, sindikatuen, ikastegien eta hiriko hirugarren sektorean ari direnen elkarteen eskutik orain dela 10 urte baino gehiago abiarazitako ekintzari segida emateko garaia da; aipatu guztiekin hasiko gara lanean, abian jarri dugu IRUN EKINTZAN.

M.A PÁEZ
Bidasoa bizirikeko presidentea eta
Ogasun eta Sustapen Ekonomiko Alorreko Zinegotzi Ordezkaria.

X