Zergatik Irun? Pisuzko Hamar Arrazoi
1. Mugaz gaindiko lurralde estrategikoa
Irunen aktibo eta bereizgarri nagusietako bat kokaleku geografikoa da. Historian barrena, mugaz gaindiko topaleku estrategiko bilakatu da Bidasoaren bi ertzen arteko truke ekonomiko eta kulturaletarako, eta, horren ondorioz, nortasun berezia garatu du, baita Gipuzkoako eta Euskadiko gainontzeko lurraldeenaren aldean desberdina den eredu ekonomiko bat. Eurohiriaren erdiko ardatzean dago Irun, eta, horri esker, iparraldearen eta hegoaldearen arteko errotularena egin dezake Donostia eta Baiona arteko barnebidean; euskal eurohirian garatzen diren mugaz gaindiko harremanen nodo nagusia izan daiteke, eta posizio hori sendotu.
2. Komunikazio sare intermodal osoa
Enpresen ikuspegitik, lehiatzeko abantaila handiak ditu Irunek, hala nola konektibitatea. Lurraldean, garraio azpiegiturari (bereziki, trenbide eta errepide bidezko garraioari) esker, Europako edozein lekutara joateko orotariko giltza da, eta, Donostiako eta Biarrizko aireportuei eta Pasaiako portuari esker, berriz, Espainia osoarekin eta nazioartearekin lotuta dago, gertu baitaude. Gainera, intermodaltasun aitzindaria sustatzen du hiriak, baita elektromugikortasuna ere.
3. Negozioak egiteko bide ematen duten azpiegiturak
FICOBA erakustazoka bertan dago, Donostia-Baiona eurohiriaren bihotzean, eta Europar Batasuneko mugaz gaindiko lehenengo erakustazoka da, inguruko enpresa txiki eta ertainek beren produktuak erakusteko eta harreman komertzialak izateko aukerako gunea.
ZAISA, berriz, mugaz gaindiko plataforma logistiko bat da, eta hura ere Irunen bertan dago, Frantzia eta Espainia arteko mugako lehen mailako kokaleku estrategiko batean, Europako ardatz atlantikoko mugimenduetako askok bat egiten duten tokian.
4. Ezagutzaz jabetzeko aukera
Bertako enpresa sarearekiko etengabeko elkarlan estuan, prestakuntza ibilbideko etapa guztiez osatutako kalitateko prestakuntza eskaintza integrala izateagatik nabarmentzen da Irun. Alde horretatik, aipatzekoak dira Mondragon Unibertsitatearen campus unibertsitarioa, Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroa eta Lanbide Heziketako kalitate ezagutuko zentroak, hala nola LHI, Plaiaundi BHI eta Irungo La Salle.
Baliabide horiei guztiei esker, Irun leku pribilegiatua da prestakuntza eskaintza zabal eta askotariko baten barruan aukeratu ahal izateko, talentua erakartzeko eta ezagutza zentro eta eragileetatik gertu egon nahi duten enpresak kokatzeko.
5. Mugaz gaindiko berrikuntza ekosistema
Lurraldeetan enpresa berritzaileak izateak harreman estua du eragile publiko eta pribatuen gidaritzapean enpresak eta ezagutza eta ikerkuntza eragileak biltzen dituzten berrikuntza ekosistemak izatearekin. Esparru horretan, Irungo Udalak eta Bidasoa bizirik-ek, Irungo garapen ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko hitzarmen orokorraren bidez, enpresetan berrikuntza sustatzeko programak garatu dituzte, hala nola E-Berritzailea, ekintzailetza ekimen berritzaileak laguntzeko proiektua, eta, ezagutza publikoaren esparruan, Irun Ekintzan sariak, zeinek enpresetako berrikuntza aitortzen duten.
Era berean, eskualdeko enpresa sarean eta gizarte egituran kultura berritzailea sustatzeko jarduerak egin izan ditu Bidasoa bizirik-ek.
6. Enpresa eta ekintzailetza sare dinamikoa
Irunen badira enpresa sare dinamiko bat eta enpresaburu ekintzaileak, 2001etik hona eragile publiko-pribatuen goi mailako sare baten barruan elkarlanean aritu direnak, hiriarekin eta herritarrekin konprometituak, denbora eta baliabideak jartzen dituztenak garapen ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko.
Horri esker, produkzio baliabideak modu efizienteagoan bideratzen dira, eta enpresetan produktibitatea sustatzen duten jardunbideak ezartzea bultzatzen, hala nola berrikuntza, prestakuntza eta nazioartekotzea.
7. Etorkizuneko sektore ekonomikoak
sectores de futuro Irunek berrikuntzaren eta etorkizuneko sektoreen alde apustu egin du, eta enpresak kokatzeko eta garatzeko aukerarik onenak ematen ditu. Lurraldeko ekonomia lehiakorragoa izateko eta enplegua sortzeko moduan eraldatzeko beharrak bultzatuta, enpresa ekimen berritzaileak garatzen laguntzen du etorkizunik handieneko sektoreetan (elektromugikortasunean, garraio eta logistika aurreratuan, nekazaritzako elikagaien industrian, 4.0 retailean, zerbitzu aurreratuetan, turismoan eta ekonomia sortzailean).
8. Inbertitzeko, bizitzeko eta aurrera egiteko ingurune erakargarria
Irun aukeraz betetako leku bat da, jardun ekonomikoa eta enpresen jarduna erakartzen dituena eta kulturarekin, gastronomiarekin, naturarekin eta historiarekin konbinatzen dituena. Donostiatik eta Biarriztik 20 minutura eta Bilbotik eta Iruñetik ordubetera, bizileku onean dago: baditu mendia, itsasoa, lehen mailako gastronomia, bizi kalitatea eta saltoki eta zerbitzu onak. Gainera, oinezkoengan pentsatuz antolatu da, ingurumenaz arduratuz, eta mugikortasun sistema integratzailea du; hiri kohesionatu eta orekatua da.
Unibertsitateak eta Lanbide Heziketako ikastetxeek, gure egitura produktibo eta komertzialarekin batera, ekonomia berri bat sustatzen dute, ezagutzan, talentuan eta ahaleginean oinarritua, horiek guztiak egungo eta etorkizuneko giza kapitalaren garapenerako tresnak diren aldetik.
9. Jardun ekonomikoa sustatzeko programa eta jarduerak
Irungo Udalak, Irun Ekintzan itunaren esparruan, Bidasoa bizirik-en bitartez, lehendik dauden enpresetan ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko, haien lehiakortasuna hobetzeko, kontratazioa sustatzeko eta Irun berritzaile baten ikuspegi estrategikoarekin bat datozen eta etorkizuneko ekonomiak eskatzen dizkigun parametroen barruan dauden enpresa berriak irekitzeko proiektuak eta jarduera espezifikoak garatzen ditu.
Era berean, egitura ekonomikoarentzako ekitaldi nabarmenak antolatzen eta sustatzen ditu, hala nola Irun Open Innovation urteroko jardunaldia, Krea Bidasoa ekintzailetza, berrikuntza eta sormen azoka eta Industria Sortzaileen Azoka.
10. Gaurko proiektuak, etorkizuneko aukera
Hiri Proiektu Estrategikoak hiri barruko berrikuntza barruti bat proposatzen du, hiriaren erdialdean (Aduana inguruan) trenbideen eremuan libre geratzen den 30.000 m2-tik gorako eremuan jardun ekonomiko berritzailea sortzeko eta, horrela, eremu hori aprobetxatzeko. Hona aurrerakinaren proposamenak:
- Jardun ekonomiko garbi, aurreratu eta ez-kutsagarriko eremu bat sortzea, ohiko parke teknologikoenarekin zerikusirik ez duen hiriaren ikuspuntu batetik, periferian kokatzen baitira horrelakoak.
- Hiri erdian ekiteko gune bat sortzea.
- Iparraldetik hegoalderako barnebide berdean merkataritzarako eta produkziorako erabilerak kokatzea.
- Jardun ekonomikoa sortzea eragile eta espazio mota desberdinen bitartez (hala nola ekintzaileentzako guneen bitartez).
- Prestakuntza emateko guneak, enpresak kokatzeko guneak eta merkataritza eta zerbitzu hurbilerako guneak.
- Centro Irun eraikin berria, zeinak geltokia eta Aduanako plaza lotuko eta 360 º-ko bista pribilegiatuak izango dituen, jarduera ekonomikoetarako erabiltzea (oinarrian, merkataritzarako eta, goiko solairuetan, hirugarren sektoreko erabileretarako).