Martxan da Irun Aurrera hiriko ekonomia eta gizartea suspertzeko planaren beste edizio bat

Martxan da Irun Aurrera hiriko ekonomia eta gizartea suspertzeko planaren beste edizio bat

Planaren barruko jardueretarako aurrekontua 4'2 milioi eurokoa da, eta Planak barnean hartzen ditu diru sarreren milioi erdi eurotik gorako murrizketak ere. Planaren lehenengo edizioko jarduerez gain, berritasunak dakartza edizio honek.

Iaz, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko alarma egoera deklaratu eta aste gutxira, orduko ezohiko egoera ikusita, Irungo Udalak IRUN AURRERA jarri zuen martxan, hiriko ekonomia eta gizartea suspertzeko plana, eta, haren barruan, neurri ekonomiko eta fiskalak eta prestakuntza eta kontsumoa sustatzeko neurriak hartu zituen, enpresa, autonomo eta familiei laguntzeko, "inork atzean gelditu behar ez" zuelakoan.

2020an barrena, Plana osatzen, zabaltzen eta unean uneko egoerara egokitzen joan zen, eta, orain, pandemiak eragindako egoera luzatu den jakitun, 2021erako, Irungo Udalak Irun Aurrera planaren bigarren edizioa jarri du martxan, eta, haren barruan, lehenengo edizioko jarduera batzuez gain, jarduera berriak sartu ditu, egungo egoerara egokitu nahian.

Gaur goizean, José Antonio Santano alkateak eta udal talde politikoetako bozeramaileek, Irungo Sozialistak taldeko Miguel Ángel Páezek, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeko David Nuñok, EH Bilduko Jokin Mélidak eta PPko Iñigo Manriquek, plan berria aurkeztu dute.

Planaren barruko jardueretarako guztizko aurrekontua 4.226.354 milioi eurokoa da, eta Planak barnean hartzen ditu diru sarreren 650.000 euroko murrizketak ere. Lau bloke nagusik osatzen dute Plana:

  1. Pizgarri ekonomikoak

    Bloke honen barrukoa da Irun Aurrera planaren 2021eko edizioaren berritasunetako bat: mikrokredituak emango zaizkie autonomo eta mikroenpresei eta irabazi asmorik gabeko elkarteei; 10.000 eurokoak ere izan ahalko dira, epea lau urtekoa izango da, eta Udalak finantzatuko ditu interesak. Gainera, kultura sektoreari lagunduko zaio, Kultura km 0 programaren bigarren edizioa martxan jarrita, eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren barruko dirulaguntzak eta ibilerraztasuna sustatzeko dirulaguntzak emango dira, familiei laguntzeko eta bertako gremioen jarduna sustatzeko; dirulaguntza horiei esker, ibilerraztasuna hobetuko da, fatxadak birgaituko dira, igogailu eta atariak eraberrituko dira... Azkenik, hornitzaileei azkar eta arin (zazpi egunean) ordaintzeko konpromisoa mantendu du Udalak.
  2. Pizgarri fiskalak

    Bloke honen barruan dago beste berritasun bat: hilabete honetan, 2021ean kirol taldeek udal kirol instalazioak (instalazio periferikoak, Artaleku eta Azken Portu kiroldegiak eta Sonia Etxezarreta mahai teniseko teknifikazio zentroa) erabiltzeko tarifari ia % 100eko hobaria aplika dakion onartzea proposatuko zaio Udalbatzari, Udalaren diru kutxan 130.000 euro gutxiago sartzea ekarriko duen neurri bat.

    Bestalde, 2021 osoan, % 95ekoa izango da terrazak instalatzeko hobaria, baita Urdanibiako azoka txikiko salmenta postuak eta kidekoak jartzeko hobaria ere, eta, hori dela-eta, ia 200.000 euro jasotzeari utziko dio Udalak.

    Azkenik, pandemiaren esparruan dekretatutako aldi baterako itxialdiek kaltetutako jarduera ekonomikoak urez hornitzeko eta berauen zaborra biltzeko tasei % 100eko hobaria aplikatzea aurreikusten da. Alde horretatik, bada berritasun bat: luzeen itxita daramaten jarduerek (txokoek, kultur jardueretarako lokalek, aisialdikoek, gauekoek...) ez dute ordaindu beharko itxita egon diren hilabeteetako tasa, 2021eko urtarriletik. Era berean, familia zaurgarriek ordaindu beharreko tasen % 50eko hobaria mantenduko da, diru sarrerak 330.000 bat euro txikiagoak izatea ekarriko duen neurri bat.
  3. Pizgarri sozialak

    Pertsonentzako laguntza ekonomikoek osatuko dute lerro nagusia: joan den urteko hazkundea mantenduko da, baita diruz lagundu daitezkeen gastuen inguruko aldaketak (maskarak, online eskoletarako ekipamendu informatikoa, etab.). Gainera, 2021eko aurrekontuen barruan, 20.000 euro gehiago jarriko dira, COVID-19aren ondorioak arintzen laguntzeko.

    Bestalde, Zubia eguneko 24 orduak egongo da zabalik, eta gaueko harrera zerbitzuaren gaitasuna handituko da, aurrekontuan dagozkion igoerak eginda; zehazki, 2021ean, 200.000 eurotik gora gehiago jarriko dira.

    Azkenik, pizgarri sozialen barruan ere bada berritasun bat: doluan laguntzeko taldeak eratuko dira, egungo egoeraren edo gaixotasunaren beraren ondorio zuzenak sufritzen ari diren pertsonei laguntza terapeutikoa emateko.

  4. Bertako merkataritza eta kontsumoa sustatzeko pizgarriak

    Batetik, aste batzuen buruan, uztailaren bukaerara bitartean, Irungo saltoki eta ostatuetan erosteko eta kontsumitzeko bonuen hirugarren edizioa jarriko da martxan. Era berean, bertako saltokiek online saltzeko plataforma baten diseinua eta ezarpena kontratatzeko lanean ari da Udala.

    Bestetik, bertako saltokien digitalizazioaren esparruan, TicketBAI proiektua martxan jartzeko laguntza gehiago emateko lerro bat sortuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahitaezko programa bat baita.

    Azkenik, Irun Aurrera planaren barruan badira lehendik saltoki berriak irekitzea bultzatzen arrakasta izan duten jarduerak, hala nola K-Biziak programa; bada, deialdirako zenbatekoa handitu, eta 95.000 euro ere jarriko dira. Gainera, komunikazio digitaleko kanpaina bat jarriko da martxan, bertako saltokiei laguntzeko, Merkataritza Mahaiaren ekimenez.
  5. Prestakuntza sustatzeko pizgarriak

    Planak merkataritza eta ostalaritzaren alorreko offline eta online prestakuntzarako hainbat jarduera hartzen ditu barnean, marketin digitalaren eta COVID-19aren osteko erronka berrien ingurukoak, baita mendetasun egoeran dauden pertsonentzako arreta soziosanitarioaren profesionalizazioa ziurtatzeko prestakuntza jarduerak eta ekintzailetza zirkularra sustatzeko eta haren inguruan sentsibilizatzeko jarduerak.

    "Iaz, azkar esku hartu nahi izan genuen, laguntzak eman, konfinamendu garaian jarduera ekonomiko asko geldi egon baitziren eta ziurgabetasun handia baitzegoen. Hilabete hauetan, berriz, oso talde desberdinekin harremanetan egon gara, helarazten zizkiguten beharrei adi, dekretu aldaketa bakoitzak enpresetan, negozioetan eta gizarte entitateetan izan zitzakeen ondorioei adi, eta, aktiboki entzunda eta herritarrei ahalik eta erantzun hurbilena ematen saiatuta, plan berri bat prestatu dugu. 2020an bezala, dokumentua ez dago osatuta, eta aberasten eta egoera sozial eta ekonomikoaren bilakaerara egokitzen joango da", azaldu du José Antonio Santano alkateak.

Harrera ona

Alkateak aitortu duenez, aktiboki entzuteaz gain, oso baliagarria izan da Irungo Udalak berriki egindako inkesta baten bidez herritarrek krisi sanitarioari aurre egiteko hartutako neurriei buruz duten iritzia bildu izana. Horrela, inkestaren arabera, hamar herritarretatik seik iritzi ona edo oso ona dute Udalak krisialdian egindako kudeaketa lanari buruz. "Emaitzak ikusita, neurtu ahal izan dugu zenbaterainokoak izan diren martxan jarri ditugun jarduerak eta zer gogobeteta gelditu diren herritarrak".

Alde horretatik, merkataritza eta ostalaritzarako bonuak izan dira neurririk ezagunenetako bat, herritarren % 64k baitzuten haien berri, baita puntuaziorik onenetako bat atera dutenak (4,55/5).

reedicion irun aurrera tabla

X