Beste mugarri bat Irungo mugikortasun jasangarrian

Asteazken honetan, Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek Irungo hiri barruko garraio kolektiboko zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu berriaren ildo nagusiak azaldu ditu, Udalbatzak ostiral honetako osoko bilkuran bozkatuko baitu.
"Aldaketa urtea izango da hau, eta aldaketak funtsezkoak izango dira, hiriak eta Udalak mugikortasun jasangarriaren alde egin duten apustuaren beste mugarri bat. 2019an, 1. linea, zeinak urtean milioi bat bidaiari baino gehiago garraiatzen duen, osorik elektrifikatu genuen, eta mugarria izan zen hori. Bada, laster, Katearen eta Erdialdearen arteko linean dagoeneko fabrikazio prozesu betean dauden lau ibilgailu elektriko berri sartzen ditugunean, beste mugarri bat jarriko dugu, oso berritasun garrantzitsuak dakartzan kontratu berri baten esparruan: linea berri bat sortuko dugu, 5.a; ibilbide guztiak hobetuko ditugu; eta autobusen barruko ekipamendua berrituko dugu, teknologia berriak erabiliz", nabarmendu du Borja Olazabalek.
Zehazki, Udalbatzak ostiralean bozkatuko duen kontratuaren helburua Irungo hiri barruko garraio kolektiboko zerbitzu publikoa ematea da; autobusak eta haien barruko ekipamendua izan ezik, zerbitzua emateko beharrezkoak diren elementu guztiak eskuratzea; eta instalazioak, ibilgailuak, karga puntuak eta autobusen barruko ekipamendua kontserbatu eta mantentzea.
5. linea
Kontratu berria egiteko proposamenaren ezaugarri nagusietako bat linea berri bat (5.a) sortzea da. Linea horrek Elizatxo goialdeari egingo dio zerbitzu, Elatzeta eta Lapitze kaleetan barrena, eta Mendibil ingurura ere sartuko da, Zuberoa kalean eta Nicolás Guerendiáin kalearen goiko aldean geldituta, Ficoba eta Gal alderaino.
Hona hemen kontratu berriaren gainontzeko berritasunak, linea guztietan egitekoak diren hobekuntzak:
- eta 2. lineetan, egun osoko irteera ordutegiak bat egingo dira, eta, lehenengo orduan, zerbitzu berriak emango dira, ibilgailu elektrikoak ospitaleko, Zaisako eta suhiltzaile parkeko abiaburuetan kargatzeko denbora nahikoa izateko.
- linean, behin 2. linean autobus elektrikoak sartuta, edukiera handiagoko ibilgailu bat sartuko da
- linean, Lope de Irigoien kaleko geralekua kenduko da, eta geraleku berri bat jarriko da, Hendaia kalearen goialdean. Gainera, behin 2. linean autobus elektrikoak sartuta, edukiera handiagoko ibilgailu bat sartuko da.
- Gautxori zerbitzuan, maiztasuna handituko da, beste autobus bat eskuratuko baita: bi autobusei esker, destino bakoitzera 60 minutuan behin egin beharrean zerbitzu, 30 minutuan behin egingo da.
Gainera, zerbitzu bereziak (San Marko, San Martzial eta Domu Santu egunetakoak) kontratu berrian sartuko dira.
Behin esleipen prozesua bukatuta, kontratu berriak lau urte iraungo du, eta urtebete luzatu ahalko da. Urteko oinarrizko aurrekontua, berriz, 2.725.635,17 euro izango da, BEZik gabe.
Kontratu berria esleitzeko prozesuari buruzko informazioaz gain, Mugikortasuneko ordezkariak 2. linearako ibilgailu berriak eskuratzeko prozesua zertan den jakinarazteko informazioa eman du. Ibilgailuoi esker, autobus elektrikoen kopurua lautik zortzira igoko da, eta, laster, 2019an hasitako estrategiaren ildotik, behin hiri barruko autobus flota elektrifikatzeko lehenengo fasea burututa (behin 1. linea osorik elektrifikatuta), bigarren fasea bukatuko da. Ildo horretatik, aurrerago sare osoa elektrifikatzea da asmoa: datozen hilabeteetan, 2. lineak azkar kargatzeko zein noiznahi kargatzeko hiru autobus elektriko izango ditu, egungo karga puntuetan berdin-berdin kargatu ahalko direnak –suhiltzaile parkekoa instalatzen bukatzen ari dira–, baita gauez kotxeretan kargatzeko autobus bat. Horrela, Irunbusek egiten dituen bidaien % 90 elektrikoak izango dira.
Laster egingo den beste berrikuntza bat teknologikoa izango da: autobusen barruko ekipamendua berrituko da, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta MUGI txartelaren garapenak eskatzen duten azpiegitura instalatuta, eta Irunbusen hamahiru autobusek ticketing euskarri berriak, informazio panel modernoagoak eta dagokion softwarea izango dituzte. Era berean, ekipamendu berriari esker, wifi konexioa izango da autobusetan, eta txartelarekin ordaindu ahalko da.
2. linearako autobus berriak zein autobusen barruko ekipamendua eskuratzeko, Next Generation EU programaren kontura finantzatutako laguntzak eta emisio gutxiko zonen sorrerarako eta hiri barruko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarrirako deialdiaren kontura finantzatutakoak erabiliko dira.
Pandemia aurreko kopuruak gaindituta
Irunbuseko bidaiarien kopuruari buruz bildutako azken datuak ikusita, zera ondoriozta daiteke: joan den martxoan, bidaiarien guztizko kopuruaren goranzko joera egonkortu zen –datozen hilabeteotan ikusiko da hazkundea iraunkorra den–, eta, gainera, 2019ko martxoko datuak % 8 hobetu ziren. Alde horretatik, gogoan izan beharra dago Irunbusek 2019an izan zituela bidaiari gehien, pandemia aurreko urtean: urte hartako martxoan, 162.538 bidaia egin ziren Irunbusen autobusetan, Irunbusen historiako hileko bidaia kopuruetan bigarrena –lehenengoa 2019ko urrikoa izan zen, orduan 167.850 bidaia egin baitziren–.
Linea guztietako datuak izan ziren pandemia aurreko azken urtekoak (2019koak) baino hobeak; bereziki, 2022ko irailaren 1etik aurrera, Irunbusen autobusak, taxibusa edo landa autobusa erabiltzen duten MUGI txartelaren erabiltzaileek egun hartan indarrean sartu zen lege dekretuarekin bat etorriz garraio publikoaren tarifetan % 50eko beherapenak ere dituztenetik eta, oso bereziki, 2023ko otsailetik, hiri barruko garraioan maskarek nahitaezkoak izateari utzi ziotenetik.
Zehazki, 1. lineak, Irunbusen linea guztietan bidaiari gehien dituenak, % 8 hobetu zituen 2019ko datuak, eta 2. lineak, Irunbusen linea guztietan bidaiari gehien dituztenetan bigarrenak, % 9, 34.732 bidaia egin baitziren linea horretan, inoizko daturik onenetan hirugarrena. 3. lineako martxoko datuak, berriz, pandemia aurrekoak baino ia % 30 ere hobeak izan ziren, goraldirik ikusgarriena, eta 4.ekoak, COVID-19 aurrekoak baino % 12 hobeak. Guztira, 2022an, 1.564.396 bidaia egin ziren Irunbusen.