Udalak bertako merkataritzaren aldeko apustua areagotu nahi du, Europaren laguntzak baliatuz
Asteazken honetan, Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezek prentsaurreko bat eman du, Merkataritza Mahaiak goizeko lehen orduan egindako bileran aztertu dituen gai nagusien berri emateko. Irun Ekintzan Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren esparruko foro bat da Merkataritza Mahaia, eta, Udalbatza osatzen duten udal taldeez gain, bertako merkataritza eta ostalaritza sektoreko kideak biltzen ditu.
"Merkataritza Mahaia merkataritza sektorearekiko topagune bat da, non iritziak eman eta entzuten ditugun, sustatzen goazen ekimenak aurkezten ditugun, etab. Hau da, bat egiten gaituena aurrera ateratzeko lekua da: Irungo merkataritzaren erakargarritasuna sendotzeko lekua. Udalak denbora luzea darama sektoreari laguntzen, are gehiago garai zailetan, hala nola pandemia garaian, eta, gaur, beste pauso bat eman dugu, Europaren funtsak eskuratzeko eskaera aurkeztuta, apustu hori areagotzeko. Bada, merkatari eta ostalariei horren berri eman nahi izan diegu", adierazi du ordezkariak.
Zehazki, Udala "Merkatuei, hirigune komertzialei, merkataritza ez-sedentarioari eta merkaturatze kanalei babesa emateko laguntzak" programara aurkeztu da, zeinaren oinarria sektoreko enpresei bultzada eta erraztasunak emateko zenbait neurri diren:
- Enpresen eta administrazioaren arteko lankidetza proiektuetan parte hartzea, eskaintza biltzeko eta hari ikusgaitasun handiagoa eta bultzada emateko
- Digitalizazio prozesuak sustatzea, bereziki helburutzat bezeroen kudeaketa dutenak, teknologia berriak modu efizientean erabiltzeko prestakuntza pertsonalizatuaren bitartez
- Negozio ereduak berrikustea, garapen jasangarrirako helburuak lortzen laguntzearen ikuspegitik, pandemia aurreko lehiakortasun mailak errekuperatzeko eta are hobetzeko, sektoreko enpresek inbertitzen eta enplegua sortzen jarraitzeko gaitasuna izan dezaten
Zein da emaitza?
Laguntzetara aurkeztuta, Hiri Bultzadako Arloak bertako merkataritzaren aldeko ekimen berriak sortu nahi ditu, eta hirian lehendik martxan zeudenak sendotu. Esate baterako, IRUNMARKET plataforma digitala sendotu eta garatzen jarraitu nahi du, eskaintza bildu eta hari ikusgaitasuna emateko eta, aldi berean, enpresen arteko lankidetza sustatu eta haien esku jarriko diren tresna eta eduki digitalentzako euskarri bat izateko. Era berean, CommerceLAB laborategi komertziala martxan jarri nahi du, teknologia berriak erakutsi, kontsumitzaileen portaera aztertu, joeren jarraipena egin eta lankidetza proiektuak sustatzeko eta, horrela, sektorearen berrikuntza sustatzeko; gainera, bertako merkataritza eta ostalaritzak lehiakortasun eta erakargarritasun handiagoa izateko erabil litzaketen hainbat baliabide jarriko lirateke proposamen horretarako, hala nola webguneak birdiseinatzeko jarduerak (online merkataritzaren sustapena), etiketatze inteligentea, kanpainak eta erakusleihoetako edukietarako errefortzuak.
Horrela, proiektuak zeharkako bi ardatz ditu, haren barruko jarduketak justifikatzen dituztenak: digitalizazioa eta jasangarritasuna. "Azken batean, egungo inguruneari erantzuteko soluzio sendoak proposatu nahi ditugu, oso azkar bilakatzen ari baita, bertako merkataritza enpresa independenteek merkatuan gainontzeko operadoreekin lehiatzeko tresnak izan ditzaten, bakarka zailtasun gehiago izango lituzkete eta", erantsi du Miguel Ángel Páezek.
Guztira, Europaren funtsak eskuratzeko aurkeztutako jarduketek 2 milioi eurotik gorako aurrekontua egiten dute, eta Europaren funtsak baliatuz haien % 80 finantzatzea espero du Udalak, eskema honen arabera:
Eraldaketa digitala |
465.850,00 |
Salmenta puntuaren eraldaketa |
1.282.465,31 |
Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra |
125.878,91 |
Hornikuntza katea eta trazabilitatea |
25.410,00 |
Sentsibilizazioa eta prestakuntza |
76.230,00 |
Beste gastu batzuk: LCD totemak, merkatua, etab. |
66.550,00 |
2.042.384,23 |
|
Dirulaguntza (% 80) |
1.633.907,38 |