Ayuntamiento de
Buscador

Irun Ekintzan, gora hirian ekonomia garatzen eta enplegua sustatzen laguntzeko bidean

Astelehen honetan, Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Ogasuneko ordezkari Miguel Ángel Páezek Irun Ekintzan Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren balantzea egin du, eta haren barruko hurrengo pausoak iragarri ditu. Joan den otsailaren 21ean, Kontseilu Nagusiaren aurrean aurkeztu zen balantzea, eta onartu egin zuen hark.

Bileran, Kontseilu Nagusiak iazko jarduera ildo nagusiak errepasatu zituen, eta datozen ekitaldietarako erronkak aztertu. Alde horretatik, azpimarratzekoa da ekintza guztiak, garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriz, sei ekintza ildoren barruan kokatuta daudela.

Komunikabideen aurreko aurkezpenean, udal arduradunarekin batera, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano eta Enpresa eta Ekintzailetza mahaiko koordinatzaile Lander Beloki izan da, baita Irun Ekintzan itunaren koordinatzaile tekniko Ismene Tapia ere, Irun Ekintzan itunaren barruko Kualifikazio eta Laneratze Mahaiaren jarduna azaltzeko.

Miguel Ángel Páezek gogorarazi duenez, “Irun Ekintzan tokiko ekonomia sustatzeko lan egiten duten instituzio, enpresa, prestakuntza zentro eta entitate sozialak koordinatzen dituen foroa da. Sareko lanari esker, hiri gisa hazten jarraitzeko, jarduera ekonomikoa sustatzeko eta sektore guztien beharrei erantzuteko baliabideak optimizatzen ditugu, zaurgarrienen laneratzea gogoan betiere. Gainera, garapen jasangarrirako helburuen ikuspegitik egiten dugu hori guztia, Udalaren gobernu planaren eta Irun Aurrera planaren bide orria baitira".

Pertsonak eta enpresak

Irun Ekintzan itunaren helburu orokorra, Páezek adierazi duenez, "hiriko ekonomia eta gizartea modu jasangarrian suspertzeko baldintzak sustatzea da. Elkarlanean oinarritzen den sistema ekonomiko berritzaile eta zirkular baten alde egiten dugu, non gure enpresak talentuari eusteko eta hura erakartzeko gai diren eta pertsona guztiek duten lekua".

Zein da emaitza?

Teoria praktikan jartzeko, Irun Ekintzan itunak hainbat ekintza sustatuko ditu, 1.628.782,25 euroko aurrekontuarekin, Udalaren 2023rako funtsen kontura: ekintzaileentzako eta negozio berrien sorrera eta birgaikuntzarako laguntzak, 557.000 euroan, eta Enpresa eta Ekintzailetza Mahaiaren, Kualifikazio eta Laneratze Mahaiaren eta Merkataritza Mahaiaren ekintzak. Gainera, Lanbidek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntzak ematea espero da, eta azkenerako aurrekontua 2,6 milioi eurotik gora izatea.

Irun Ekintzan bada beste administrazio batzuen programa eta deialdiak garatzeko oinarria ere, hala nola enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako Lanbideren deialdia garatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Plus Europako Gizarte Funtsaren Programaren esparruan eta Next Generation funtsen bidez administrazio publikoetan lehenengo lan esperientziak izateko programaren esparruan gazteak kontratatzeko Lanbideren deialdiak garatzeko: kalkuluen arabera, haiei esker, 2023an eta 2024ko ekainera bitartean, Irun Ekintzan itunak aldi baterako 75 bat kontratu sustatu ahalko ditu, prestakuntza eta enplegu programen eta hirugarren sektoreko entitateek, Udalaren mendeko entitateek eta Udaleko departamentuek hilabete batzuetarako egiten dituzten kontratuen bitartez. Páezek gogoratu duenez, horrelako programak lan egiteko aukerak lortzeko zailtasunak izaten dituzten taldeentzat dira, hala nola luzaroan lan gabe egondakoentzat, 55 urtetik gorakoentzat eta lan esperientziarik ez duten gazteentzat.

2022ko ekitaldiaren errepasoa

Iazko ekimenik aipagarrienak errepasatzerakoan, ekintzailetzari dagokionez, Lander Belokik ekonomia zirkularraren esparruko ekintzailetza ekintzak eta enpresa berriak finkatzeko eta/edo eredu jasangarrietarantz eraldatzeko ekintzak nabarmendu ditu, baita enpresa finkatuetan jasangarritasuna eta digitalizazioa sustatzeko ekintzak ere, hala nola enpresa industrialen eraldaketa digitala sustatzeko ekintzak, enpresei lehiakortasuna hobetzeko aholku emateko programa, Irun Ekintzan berrikuntza sariak eta enpresen arteko topaketak.

Lander Belokiren esanetan, “enpresen ikuspegitik, lehiakortasunaren esparruan kokatzen dugu jasangarritasuna. Izan ere, ekonomia aldatzen ari da, eta gizarte eta ingurumen arloko helburuak gero eta zorrotzagoak dira. Lehiakorrak izango badira, sistema ekonomiko jasangarri bat birdiseinatu behar dute enpresek, ikuspuntu ekonomikotik ez ezik baita gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik ere”.

Ismene Tapiak, berriz, iazko prestakuntza jardueretako batzuk zehaztu ditu, hala nola eskorgak gidatzeko ziurtagiria eta IT Txartela eskuratzekoak, elikagaien manipulazioari buruzkoa, ostalaritza eta turismorako frantses eskolak eta eraikuntza lanetako arriskuen prebentziorako ikastaroa. Era berean, Bidalan proiektua aipatu du, zeina Irun Ekintzan osatzen duten zenbait entitatek elkarlanean jarri duten martxan, hala nola La Sallek, Mendibil Elkarte Pedagogikoak, Emaúsek eta Ijitoen Idazkaritza Fundazioak, Bidasoa bizirik-en lidergoaren pean, baita diru sarrerak bermatzeko errenta eta/edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen dituztenek esparru soziosanitarioan laguntza integrala emateko ibilbideen proiektu pilotua ere, zeina Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen. Tapiak azpimarratu duenez, "beste eskaintza batzuen barruan ez dauden baina beharrezkoak diren prestakuntza baliabideak eskaintzen saiatu gara, eta, enpleguari dagokionez, zaurgarritasun egoeran dauden askotariko pertsonei kontratu bat egiteko aukera ematen, hala nola 55 urtetik gorakoei, lan merkatura itzuli nahi duten emakumeei eta lan esperientziarik gabeko gazteei".

Azkenik, Miguel Ángel Paézek 2023rako jarduerak errepasatu ditu, egitura ekonomikoa sendotzeko eta enplegua sortzeko helburua dutenak azpimarratuta.

Batetik, ekonomia linealetik ekonomia zirkularrera igarotzea bultzatzeko neurriak hartuko dira, gure egitura ekonomikoa gizartearen eskakizun berrietara eta araudi berrira egokitzeko, enpresek laguntza behar baitute prest egoteko. Alde horretatik, aipatzekoak dira enpresa industrialen eraldaketa digitalerako laguntza, Bidasoa Gunea BIC Gipuzkoarekiko proiektu pilotua, tech tailerrak eta Irun Open Innovation.

Bestetik, Udalak enplegua sortzeko hainbat neurri hartzeko asmoa du, laneratzearen esparruan “finalista” esaten zaienetakoak (azkenean parte hartzaileak lan munduan sartzea helburu dutenetakoak). Lanbidek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dituzte, Udalarekin batera, eta Bidasoa bizirik-ekin elkarlanean hartuko dira:

  • Prestakuntza emateko eta laneko praktikak egiteko bi proiektu
  • Bidalan proiektuaren garapena (2022-2024)
  • Eusko Jaurlaritzaren 2022 eta 2024 arteko inbertsio estrategikoen planaren barruan hirien berroneratze integralari ekiteko proiektuen esparruan hiria berroneratzeko agenteak kontratatzeko enplegu proiektua
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Plus Europako Gizarte Funtsaren Programaren esparruan toki entitateek gazteak kontratatzeko laguntzak
  • Next Generation funtsen bidez ikasketak bukatu berri dituzten gazteei lehenengo lan esperientziak administrazio publikoan eskaintzeko programa (hamabi hilabeteko kontratuak)
  • Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzak (Udalak, Bidasoa bizirik-ek eta hirugarren sektoreko entitateek normalean sei hilabeterako egiten dituzten kontratuak, lan munduan sartzeko zailtasunak dituztenentzat nagusiki)

Gainera, Irun Ekintzan itunak beste administrazio batzuek urtean zehar argitaratzen dituzten deialdien barruko proiektuen finantzaketan parte hartzeko aurrekontu sail bat gordeko du, laneratzea sustatzeko eta enplegua sortzeko interesgarri irizten dien proiektuetarako.

X