Argi berdea hiriaren eta Bidasoaren arteko loturan funtsezkoa den Artiako kanala birnaturalizatzeko
Teresa Ribera Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikorako ministroak Jose Antonio Santano Irungo alkateari berretsi dionez, Estatuak aurki lizitatuko du Artiako kanala birnaturalizatzeko proiektua. Bi agintarien arteko topaketa Naturklimaren egoitza berriaren inaugurazioan izan da, eta ministroak berak aipatu du hiriarentzako horren garrantzitsua den proiektu hau, hitza hartu duenean.
Albiste hau iritsi zaigu Estatuko Kostaldeen departamenduak, hau da, birnaturalizatuko den eremuaren administrazio titularrak, Udalaren partetik proiektua jaso eta gero. Izan ere, Udala zenbait lan egiten ari da Bidasoaren ibai ertzeko eremuak berreskuratzeko eta Osinbiribil parkea txertatzeko ingurumena zaintzeko eremuaren barruan.
José Antonio Santano alkateak esan duenez, «albiste ezin hobea da, eta aukera ematen digu Txingudiko Plan Bereziaren erabateko garapenean aurrera egiteko; kasu honetan, birnaturalizatzeko dagoen zatia berreskuratuta, zeina Estatuaren eskumenekoa den. Horrela, Osinbiribil parke periferikoa eta haren ibaialdeko fatxada bururatuko lirateke, eta Juan Thalamas Labandibar kaleko oinezkoentzako pasealekuarekiko eta bidegorriarekiko konexioa hobetu».
Proiektuaren jarduketa-eremua lau zonatan zatituta dago: Artiako kanala, eskuineko ibaiertza (ekialdea), ezkerreko ibaiertza (mendebaldea), Bidasoa ibaiarekiko muga (iparraldeko oinezko eta txirrindularientzako bidea). Labur azalduta, birnaturalizazio horren barruan daude ibaiaren ibilguaren trazadura aldatzea, hormak ordeztea, ibaiertzak naturalizatzea edo ibaiaren ertzetako oinezkoentzako pasabidea eta bidegorria luzatzea.
Proiektuaren xedea da parke handi bat osatzen jarraitzea, inguru horren guztiaren ingurumeneko balio handia nabarmentzeko. Horrez gain, jarduketak bertako espezie propioen ezarpena sustatuko du, ahalik eta espezie gehien, baita paisaiaren integrazioa ere eta, gainera, ibaiertz hori babestuago egongo da itsas uhaldietan.
Lanak egiteko proiektuak bederatzi hilabeteko epea finkatzen du lanak egiteko, eta 4 milioi euroko aurrekontua.