La La Love You taldea ere, Irun Zuzenean festibalean

Ostegun honetan, jai bat egin da Bidassoa Basque Brewery artisau garagardo lantegiaren lokalean, Irungo Udaleko Kultura eta Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek eta Get In sustatzaileko kide Iñaki Estévezek Irun Zuzenean Festibaleko kartel osoa aurkezteko. Jaialdiaren apustu nagusiak, aurten ere, rocka eta indiea dira, eta, gainera, gorantz ari diren zenbait talenturen balioa erakutsiko da. Aurtengo edizioa irailaren 29an eta 30ean izango da, Ficoban, eta talde hauek jardungo dira:

IRAILAK 29, OSTIRALA

19:00

SLIM FIT

19:45 MORGAN
21:00 GRISES
22:00 NADA SURF
23:30 SERIAL KILLERZ DJ

IRAILAK 30, LARUNBATA

19:00 SIGLAS
19:45 SHINOVA
21:00 VEINTIUNO
22:00 LA LA LOVE YOU
23:15 INNMIR DJ

Ekitaldia irekia izan da, eta zuzeneko musika ere izan da, Monday Fever gazte irundarrak eta DJ Nerea hondarribiarra aritu baitira. Horrela, udaberrian egingo diren 0 kilometroko kontzertu akustikoen zikloari hasiera eman zaio –egutegia Udalaren webgunean dago jadanik–.

Izan da beste berrikuntzarik: Bidassoa Basque Brewery garagardo lantegiak propio fabrikatu duen edizio mugatuko garagardoa aurkeztu da, eta, horrela, balio berezia eman zaio arratsaldeari. Gainera, festibalerako bonuak zozketatu dira Instagramen jaiaren argazkiren bat argitaratu eta Irun Zuzenean aipatu dutenen artean. Hain zuzen ere, kontu horren bidez eskuratu daiteke jaialdiari buruzko informazio eguneratua.

Saririk egokitu ez zaienek, berriz, dagoeneko Ticketmaster, Marcaentradas eta Wegow plataforma birtualen bidez eros ditzakete sarrerak, 30 euroan bi egunetarako eta 15 euroan egun bakarrerako, eta, fisikoki, baita Irungo turismo bulegoan ere.

Bide batez, jaiak hiriko zuzeneko musikaren programa nagusietako baten hasierarekin kointziditu du: 0 kilometroko kontzertu akustikoen birarenarekin. Izan ere, Irungo Udaleko Kultura Arloak bertako talentu musikalaren alde egin du berriz ere, eta produkzio xumeko kontzertuak programatu ditu hiriko auzo batzuetako ostalaritza establezimenduetan. Hurrengoa martxoaren 23an izango da,  20:00etan, La Vinotekako terrazan: Onintze, Neox Discovery saria irabazi duen kantautorea, EP berria aurkezten.

 

X