Irun Ekintzan itunaren Kontseilu Nagusia aste honetan bildu da

 

            Joan den asteartean, hilak 21, Irun Ekintzan Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren Kontseilu Nagusiak bilera egin zuen, Ficoban. Irungo Udalak sustatzen du Irun Ekintzan. Horrela, Irungo alkate José Antonio Santanok eta Ekonomiako eta Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezek ez ezik, talde politiko guztietako, prestakuntza zentroetako eta hirugarren sektoreko enpresetako ordezkariek parte hartu zuten bileran.

"Egindako lana errepasatzeko ez ezik, Irungo enpresak berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzera bultzatzeko neurri berriak hartzeko bildu ginen. Era berean, lan merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza eta enplegua sustatzen jarraitzea onartu genuen, eta lanik ez duten pertsonei eta lan aukera bat bilatzeko zailtasun gehigarriren bat dutenei laguntzea. Horrela, Europaren laguntzek eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatuz, datozen hilabeteotan, familien eta jarduera ekonomikoaren aldeko baliabide publikoak eta programak mobilizatu ahalko ditugu. Izan ere, testuinguru ekonomiko eta soziala oraindik ere ziurgabea den honetan, are garrantzitsuagoa da hori", argitu zuen Miguel Ángel Páezek. 

Bileran, 2022an Irun Ekintzan Itunaren esparruan hartutako neurrien berri eman zen, baita 2023rako proposamenen berri ere, Ituna osatzen duten hiru mahaiak hartuta oinarritzat:

  • Merkataritza Mahaia
  • Enpresa eta Ekintzailetza Mahaia
  • Kualifikazio eta Laneratze Mahaia

Hiru mahaien artean, 1.628.782 euroko aurrekontua dute 2023rako, eta batez ere Lanbidek finantzatzen dituen enplegu proiektuek, zeinak urtean barrena ebazten joango diren, zenbateko hori nabarmenki handitzea ekar dezakete. Ildo horretatik, Irun Ekintzan Itunaren barruko neurriez gain, Irungo Udalak Next Generation funtsen bidezko finantzaketa lortzeko deialdira aurkeztu dituen proiektuen jarraipena egin zen: onartutako proiektuena zein ebazteko daudenena, baita Irunentzat interesgarriak diren proiektuak aurkezteko asmoa dagoen deialdiena.

Azkenik, Hiria Lehengoratzeko Plana azaldu zen: ez da Next Generation funtsen bidez finantzatuko, Eusko Jaurlaritzaren bidez baizik, 5 milioi euroko aurrekontuarekin, baina, proiektuaren garrantzia eta gizartean eta ekonomian izango dituen ondorioak kontuan izanik, Ituna osatzen duten eragileei aurkeztu zitzaien.

X