Irun, mugikortasunaren eredu berriro ere. Oraingoan, Hirien Arteko VII. Topaketan

Ostegun honetan, hilak 2, Hirien arteko VII. Topaketa hasiko da, Valladoliden. Ingurune seguru, osasungarri eta jasangarriagoetarantz egiteko oinarritzat hiriko mugikortasuna duen hitzordua da Hirien arteko VII. Topaketa, eta Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioak, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak eta Valladolideko Udalak antolatzen dute.

"Denon artean, hiri osasungarriak" da aurtengo topaketarako aukeratutako leloa. Bideko segurtasunaren alorreko nazioarteko eta estatu mailako estrategien helburuak lortzeko bide orria izango da topaketa, eta, haren barruan, bi egunez, hiri, diputazio, gobernu, erakunde eta enpresek hiriko mugikortasunaren esparruko jardunbide egokiei buruz eztabaidatuko dute, luze eztabaidatu ere.

Topaketara deitutako administrazioen artean, joan den urtean bezala –iaz, Zaragozan egin ziren jardunaldiak–, Irungo Udala dago, eta, haren izenean, hiriko alkate José Antonio Santano eta Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabal.

Topaketaren gai nagusietako bat hiriguneetan abiadura 30 km/h-ra mugatzeko neurria da. Hari esker, hiri aitzindaria da Irun, duela hamabi urte ezarri baitzuen bere kaleetan. "Apustu zuzena izan zen; horren adierazgarri, beste hiri askok jarraitu zioten gure ereduari, eta, gaur egun, neurria nahitaezkoa da. Irun mugikortasun jasangarriarekin konprometituta dago, eta horrelako ekitaldietan parte hartzea aberasgarria da betiere. Gure esperientziaren berri ematen dugu, baina gauza berriak ikasi ere egiten dugu", adierazi du alkateak.

Irun erreferentziazko hiri bilakatu duen beste gai bat irisgarritasuna eta inklusibitatea da. Irunek pertsona guztientzat egokia izango den hiri bat eraikitzeko apustuari eusten dio, eta, horretarako, oinezkoentzako pasabideak beheratzen ditu, espaloiak zabaltzen, eta bide publikoa konpontzen, neurri horiek oso garrantzitsuak baitira mugikortasun urria duten herritarren eguneroko bizitzan. Are gehiago, horixe izan da José Antonio Santanok gaur goizean "Hiriko mugikortasunerako araudia eta politika" mahai inguruan eman duen hitzaldiaren gai nagusia. Hain zuzen ere, hirian emisio gutxiko zonen, garraio publikoaren, "Irun 30" guneen eta hiriko irisgarritasun eta inklusibitatearen inguruan martxan jarri diren proiektuak azaldu ditu alkateak.

José Antonio Santanok aipatu duenez, inoiz baino gehiago, erdigunean pertsonak jartzen dituen hiri eredu baten alde egin behar dute hiriek: "Irungo Udalak pertsona guztiei ongizatea lortzen laguntzen dien hiri baten alde lan egiten jarraitzen du. Hori dela eta, jasangarritasun irizpideetan oinarritutako hainbat eraldaketa prozesu ditugu martxan, bizi kalitate handiagoa eta oinezko eta txirrindularientzako gune atseginak bermatzeko, ingurumena areago errespetatzen dutenak". 

Mahai inguruan, José Antonio Santanok Trafikoko zuzendari nagusi Pere Navarro Olivella, Garraioetako eta Mugikortasuneko idazkari nagusi María José Rallo del Olmo eta Ingurumen Ebaluazioko eta Kalitateko zuzendari nagusi Marta Gómez Palenque izan ditu ondoan, eta moderatzaile lanetan Gaztela eta Leongo Telebistako kazetari eta bideko segurtasunean aditu Manuel Centeno aritu da.

Mugikortasun Batzordearen bilera

Topaketaren aurretik, joan den asteazkenean, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioko Garraioetarako, Mugikortasun Jasangarrirako eta Bideko Segurtasunerako Batzordea bildu zen. Irungo alkate José Antonio Santano da batzordeburua, eta mugikortasun gaien gaineko toki erantzukizunak lantzen ditu.

X