Irunek Almudena Grandesen omenezko plaza bat inauguratuko du larunbat honetan

Iazko azaroan, osoko bilkurak onartu egin zuen San Juan plaza aldean, Eliza eta Leon Iruretagoyena kaleen artean, haur parkearen eta Carlos Blanco Aguinaga Kultur Gunearen (CBA) sarreraren artean dagoen eremuari «Almudena Grandes plazatxoa» izena jartzeko proposamena. Horrela, gure eskualdeko zenbait erakunde feministak egindako proposamenari erantzuten zitzaion: Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkartea, Emakumea eta Zinea Kultur Elkartea, Bidasoa Aldeko Elkarte Feminista eta Txingudiko Elkarte Feminista, bai eta Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikanoen Elkartea ere. Proposamen hori larunbat honetan iritsiko da helmugara, plazatxoa inauguratzeko ekitaldi ofizialarekin, 12:00etan hasita.

Plaka estalgabetzeaz gain, José Antonio Santonok hitza hartuko du. Horrez gain, ekitaldia osatzeko, Almudena Grandesen lanen pasarte batzuk irakurriko dira Noelia Lorenzoren eskutik, eta musika-emanaldi bat ere izango dugu, Musika eta Dantza Eskolako gitarra (Laura Nicolas) eta akordeoi (Naroa Otamendi) batek osatutako duoaren eskutik. Programa horren bidez, bi helburu bete nahi dira: alde batetik, 2021eko azaroan hil zen Almudena Grandesen figura eta obra eta bizitza guztian zehar babestu zituen balio zibikoak ohoratzea, eta bestetik emakumeek gure gizartean duten rola aldarrikatzea.

Gainera, egun horretan aurkeztuko da gizarte osoaren aurrean Irungo Udalak sustatu nahi duen «liburutegi libreen» proiektua. Izan ere, Almudena Grandesen omenezko plazatxo horretan berariaz egindako euskarri bat instalatuko da. Zenbait apal izango ditu, eta liburuak trukatzeko eta literatura sustatzeko balioko du. Ekimen hori martxan jartzeko, Irungo herritar batzuek apalategi horiek Almudena Grandesen liburuekin beteko dituzte, eta horiek libre geratuko dira bertan, nahi dute irundarrek har ditzaten, bertan beste batzuk utzita, ekimenaren espirituarekin bat eginez. Aipagarria da liburutegi horretan omendutako idazlearen esaldi batzuk grabatu direla.

Almudena Grandes eta Bidasoa

Erreferentea izan zen Almudena Grandes hitzaren eta memoria historikoaren aldeko konpromisoan, eta legatu zabal eta aberatsa utzi digu. Haren obren artean, aipagarria da «Episodios de una guerra interminable» proiektu narratiboa. Hil zenean, amaitu gabe geratu zen serie horren seigarren eta azken alea: «Mariano en el Bidasoa», gure eskualdearekin estuki lotua.

X