Izozkiak badira negurako ere

Igandero programak, Irungo igandeak jardueraz betetzeko asmoz, plan erakargarriak eskaintzen jarraitzen du, Colón ibilbidearen erdialdea oinezkoentzat eta txirrindularientzat erreserbatzen dela aprobetxatuz, eta, aste honetan, abenduaren 11n, gonbidatu berezi batzuek parte hartuko dute ekimenean: Yon Gallardo irundarra duela buru, izozkigileen Espainiako taldea etorriko da hirira. Hain zuzen ere, taldea Europako eta Munduko Txapelketetan lehiatuko da, 2023ko urtarrilean eta 2024koan hurrenez hurren, Riminin (Italian), Izozkigileen Nazioarteko Azokaren barruan.

Igandero programaren barruko saio hau izozkiaren historian barrena egingo den "bidaia" bat izango da, eta parte hartzaileek izozkiak egiteko metodoak ikasi eta gozatzeko zenbait tailerrek osatuko dute. Zehazki, honako hauek izango dira tailerrak:

Antzinako Mundua

Ordua:11:00

Ordubete inguruko tailerra, adin guztietako 10-15 lagunentzat

Hozteko ekiporik ez zegoenean, eta are gutxiago makineria, izozkia izotz edariaren antzeko zerbait zen: elurra bildu edo izotza karrakatu eta fruituekin eta eztiarekin nahasten zen, gozatzeko. Bada, tailer honetan, parte hartzaileek izotza birrindu eta motrailua baliatuz xehatutako fruituekin nahastuko dute.

Paris, 1680 – Café Procope

Ordua: 12:00

Ordubete inguruko tailer teoriko eta praktikoa, sei nerabe edo heldurentzat

1680an, Francesco Procopio siziliarrak Café Procope izeneko establezimendua zabaldu zuen, Parisen. Izozkia merkaturatu zuen lehenengo lekua izan zen, baina, lehengaien kostu handia zela-eta, Parisko goi mailako klaseak bakarrik goza zezakeen produktuaz. Bada, tailerreko parte hartzaileek orduko osagaiak baliatuz egingo dute izozkia, eskuz.

Auch, 1981 – Restaurant Le Jardin des Saveurs

Ordua: 13:00

Ordubete inguruko tailer teoriko eta praktikoa, 6-10 heldurentzat

André Daguinek, Le Jardin des Saveurs jatetxeko chef frantsesak, nitrogeno likidoa erabiltzen hasi, eta armagnac sorbete bat sortu zuen, eta, ordutik, hainbat chefek izozkiak egiteko teknika berriak sortu dituzte nitrogenoaren izozte ahalmen handiari esker. Bada, tailerreko parte hartzaileek, nitrogeno likidoa baliatuz, izozkiak, piruleta izoztuak zein jogurtezko sasikrispetak egingo dituzte.

 

Informazio gehiago

Espainiako izozkigintzak berezko tradizio luzea du: badira italiar jatorria duten izozkigile asko, baina, beste herrialde batzuetan ez bezala, tradizioa ez zen iritsi Italiatik. Zehazki, Xixona inguruan errotu zen izozkigintza, eta bertan kokatu zen Izozkigileen Espainiako Elkartearen egoitza.

Yon Gallardo irundarra team manager, Izozkigileen Espainiako Elkarteko zuzendaritza batzordeko kide eta Irunen bertan duen izozki denda baten gerentea da.

Sasoi honetan, Colón ibilbidea goizez bakarrik ixten da, 10:00etatik 15:00etara bitartean, Iparralde hiribidetik Gipuzkoa hiribideraino, ohi bezala. Bitarte horretan, Irunbusen 1., 2. eta 4. lineetako erdialdeko geltokiak ez daude zabalik.

X