Irungo Udalak adinekoentzako baliabide eta zerbitzuen gida berritu du

David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak ostegun honetan aurkeztu du Irungo Udalak argitaratu duen gida berria, hiriko adinekoei zuzendutako Udalaren zerbitzu eta baliabide guztiak biltzen dituena.

«Gida eguneratzea oso beharrezkoa zen eta, itxura berritzeaz eta erakargarriago egiteaz gain, ezarri eta martxan jarri ditugun beste baliabide batzuk txertatu ditugu. Adinekoei bizitza erraztu nahi diegu, dela ekimen hauen bidez, dela lehendik ere martxan zeudenen bitartez. Pertsonen ondoan egotea da gure ardura, gure esku dagoen guztia hobetuz», nabarmendu du ordezkariak.

Gida elebidun bat da, adinekoentzako irisgarria: hizkera soila erabili da, eta letra-tipo handia, errazago irakur eta uler dezaten. Gainera, plano bat ere badauka, eta horren gainean markatu dira gidan aipatutako baliabide guztiak. Bestalde, zentro bakoitzaren helbidea eta harremanetarako telefonoak eta emailak ere jaso dira, ordutegiarekin batera.  

Gizarte-zerbitzuetatik diotenez, helburua zen hiriak dituen zerbitzu eta baliabideen funtsezko informazioa jasotzen duen gida bat argitaratzea, Irungo adinekoentzat. Guztira, dokumentuaren 3.800 ale banatuko dira Irungo zenbait puntutan (Gizarte Ongizateko arloa, HAZ, adinekoentzako espazio sozialak, Osakidetza, etab.).

Gidan honelako baliabideak aipatzen dira: komunitateko zerbitzuak (adinekoentzako espazio sozialak, adinekoen elkarteak, Tipi-Tapa programa, isolamendua prebenitzeko programa), laguntza pertsonaleko programak (etxez etxeko laguntza programa, farmazia-programa, telelaguntza, etab); mendekotasuna duten pertsonentzako eta beren kasa moldatzen direnentzako bizitegiak; eta prestazio ekonomikoak (laguntza bereziak, mendekotasun-legearen prestazioak), besteak beste.

X