Luis Mariano lorategietan jarritako seinale batek adierazten du Irun Hiria Haurren Adiskidea dela

Irun Haurren Adiskide diren Hirien Sareko kide da 2021eko ekainetik, orduantxe onetsi baitzuen UNICEFek hautagaitza ofizialki. Hautagaitza 2019ko azaroan aurkeztu zen eta, aldi berean, UNICEFekin elkarlanean hasi zen Irungo Udala, haurren eta nerabeen alorreko politiken garapena, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza babesteko.

Astearte honetan, José Antonio Santano alkateak eta Santi Jiménez Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak Luis Mariano plazako haur-parkean instalatu den plaka inauguratu dute, UNICEFeko ordezkariek lagunduta. Irudiak trafiko-seinale baten itxura du, eta Irun Haurren Adiskide den Hiri gisa identifikatzen du.

Lekua aukeratzeko Irungo haurtxokoetako eta gaztelekuko eta Haurren eta Nerabeen Foroan parte hartzen duten ikastetxeetako haur eta nerabeek hartu dute parte. Aurreko ostiralean egin zuten, hain zuzen, Foro horretako aurreneko bilera. Lehen bilera hori aipatu du alkateak: «haurrak ere herritarrak dira, eta eskubidea dute beren iritzia emateko eta hiria hobetzeko eragiten dieten gai guztietan. Entzun behar diegu, eta konpromiso horren isla da puntu fisiko hau: haurren adiskide den hiri bat garen oroigarri, UNICEFek aitortu duen moduan».  

Haurren Adiskide den Hiri bat izan daiteke edozein hiri, herri, komunitate edo tokiko gobernu-sistema, baldin eta konpromisoa badu haurren eta nerabeen eskubideak betearaztearen alde, Haurren Eskubideen Hitzarmenaren arabera.

Horrela, Irungo Udalaren I. Haurren eta Nerabeen Planak berretsi egiten du Udalak haurren eta nerabeen eskubideen aldeko konpromisoa. Plana diseinatzeko, diagnostiko bat egin da, parte-hartzaile ugarirekin. Plana 2021ean onetsi zen, eta 2024ra arte egongo da indarrean.

Helburu nagusia haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzea eta horretarako mekanismoak sortzea da, haurren eta nerabeen ahotsa ere udal-politiketan txertatzeko. Gai hauek ditu ardatzean: eskubideak eta parte-hartze aktiboa; ingurune lagunkoi eta babesleak sortzea; zaurgarritasun-egoerei erantzutea eta erresilientzia lantzea; hiri-ingurune seguru, osasungarri eta jasangarriak eraikitzea; instalazioak, zerbitzuak eta jarduerak kodiseinatzea; eta politika publikoak transbertsalak eta integralak izatea.

X