Oinezkoentzako beste kale bat dugu Irunen

Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta Borja Olazabal Mugikortasun eta Garapen Jasangarriko ordezkariak Legia kalean egiten ari diren lanak bisitatu dituzte astearte honetan. Uztailean hasi zen San Juan eremu osoko proiektua, Irungo erdialdea emisio baxuko eremu bilakatzeko prozesuaren barruan (jarduketa honen eta beste batzuen bitartez), eta lehen etapa burutu du orain.

Proiektuaren xedea San Juaneko eremu osoa berrantolatzea da, zona guztia maila berean jarrita, koskarik edo goragunerik gabe, eta oinezkoentzako eremuen eta oinezkoek lehentasuna duten guneen ikuspegia indartuko duten zoladurak erabilita.  Plazatxoan, egoteko eremuak sortuko dira, zuhaitzez edo berdegunez hornituak, San Juan plazan dagoeneko badauden eremuei segida emateko. Aparkalekuak kenduko dira, baina egoiliarrek aparkatzeko lekuak sortuko dira inguruko kaleetan.

«Udan hasi ginen, eta lehen fasea gainditu dugu jada, hots, Legia kaleko jarduketa egitea. Ia-ia amaierako emaitza ikus daiteke dagoeneko. Orain, Foru kalean ari dira lanean, eta gure asmoa da Berrotaranen hastea urte berriarekin batera», adierazi du Cristina Labordak.  

Horrela, oinezko mugikortasuna eta espazio lagunkoiak indartuko dira jarduketa honen bidez, emisio baxuko eremuak sortzeko helburuei jarraikiz. Izan ere, eremu horiek nahitaezkoak izango dira 50.000 biztanletik gorako hiri guztientzat, 2023tik aurrera, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legeak xedatutakoaren arabera.

Bestalde, Borja Olazabalek nabarmendu duenez, lan hauei esker «Irunek oinezkoentzako kale berri bat du, horrek inguru osoari dakarzkion abantailekin. Bizitza publikoaz gozatzeko espazio gehiago, irisgarritasun hobea, baita joan-etorrietarako mugikortasun hobea ere, aldi berean atseginagoa eta jasangarriagoa den hiri baten aldeko gure konpromisoaren barruan».  

Zer unetan gaude?

Lanak Legia kalean hasi ziren, eta amaitu dira jada, azken akabera batzuk gorabehera. Ur beltzen eta euri-uren saneamendu-sareak berritu dira, bai eta edateko uren tarte batzuk eta hartune batzuk ere. Beste azpiegitura batzuk ere osatu dira, hala nola Iberdrolarenak edo telekomunikazioetakoak, eta kanalizazio berri bat eraiki da Udalaren argiteriaren eta zuntzaren sareetarako. Zoladura kareharrizko lauza eta granitozko frisoen bidez egin da, eta parterreak eraiki dira, ureztatzeko sarearekin, kalearen luzera guztian, granitozko ertzarekin. Argiteria instalatu behar da, bai eta eraikitako parterreetan integratuta doazen granitozko bankuak ere. Landareak jartzeko urte-sasoi aproposa iritsi arte itxarongo dugu.

Hurrengo pausoak

Azkena asteetan, Legia kaleko lanekin batera, Foru kalean ere jarduketa batzuk egiten hasi dira. Uneotan, Legia eta Foru kaleen arteko bidegurutzeko azpiegiturak jartzen ari dira. Gainera, Foru kale ia osoa eraitsi da, etxe eta saltokietara sartzeko espaloia izan ezik. Foru kalean egin beharreko hurrengo urratsak hauek dira: argiteriaren kanalizazio berria eta telekomunikazio- eta ur-zerbitzuen lotura batzuk, Legia eta Foru kaleen arteko bidegurutzearen  zoladura, bai eta azken kale horretakoa ere. Eguraldiaren mendeko jarduketa da, baina Gabonetarako fase hori ere amaitu ahal izatea espero dugu.

Proiektua Otegui-Gaztañaga SL enpresari esleitu zaio, ia milioi eta erdiko aurrekontuarekin (1.489.378,56 euro), eta 12 hilabeteko exekuzio-epea du. Jarduketa «Emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiriko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzeko udalerrientzako laguntza-programaren» esparruan garatu da, eta Europar Batasuneko kofinantzaketa jaso du, NextGenerationEU funtsen bidez, 600.000 euro inguruko zenbatekoarekin.

X