Irunbuseko 2. linea elektrifikatua errealitate bihurtzen hasi da

Irungo Udalak herritar guztiei jakinarazten die aste honetan hasi direla Irunbuseko 2. linea (hiri erdialdea eta Katea auzoa lotzen dituena) autobusak azkar kargatzeko azpiegitura batez hornitzeko lanak.

L-2 linearen elektrifikazioaren lehen urratsa da. Lan horiek, guztira, 317.098,26 euroko aurrekontua dute, BEZa barne. Ekimen hori tokiko gobernu-batzarrak abuztu amaieran hartu zuen erabakiaren parte da. Orduan, Irizar E-Mobility SL enpresari kontratu bat esleitu zitzaion, 12 m-ko lau autobus % 100 elektriko ekoitzi eta hornitzeko, 2. linearen linea-buruan autobusak azkar kargatzeko sistema bat instalatzeko (suhiltzaileen inguruan) eta autobusak gauean kargatzeko sistema bat instalatzeko, hiriko garraio-zerbitzu publikorako.

L-2 linea (Katea-Erdialdea) %100 elektriko bihurtzeko beharrezko azpiegitura osoa da. Proiektuak, gainera, Europako 1.250.000 euroko laguntzak ditu: 800.000 euro, autobusak erosteko, eta 450.000 euro, karga-sistemarako. Azken horietako 157.500 € orain hasi den hargune elektrikoaren obrarako dira. Irunbusekin batera, gogoratu behar da Europako laguntzetako beste 342.000 euro autobus barruko ekipamendua digitalizatu eta modernizatzeko erabiliko direla.

 

Irunbus jasangarria, 2. fasea

Irunen garraio publiko jasangarri baten alde egiteko ekimena ez da berria. Izan ere, L-1 linea, hirian erabiltzaile gehien dituena (milioi bat baino gehiago), % 100 elektrikoa da 2019tik. L-2 linea bigarren garrantzitsuena da, eta 400.000 bidaiari inguru ditu. Horrela, bada, Irungo bidaiarien % 90 mugitzen dute bi lineen artean.

Hargune elektrikoa eta kargatzeko puntua instalatzeko lanek 5 hileko exekuzio-epea dute, eta enpresa esleipenduna Proyectos y Montajes Eléctricos LDO SL da. Obren barruan sartzen da hiriko garraio publikoak bakarrik erabiltzeko eremu bat gaitzea, egun dagoen autobus-geltokiaren mugakide den berdegunean, segurtasun handiagoa izateko. Antolamendu berrian, hiriko autobusek bakarrik erabiltzeko errei bat jarriko da eta, haren ondoan, espaloi bat, baita geltokiko markesina bat ere. Horrez gainera, eremuan argiteria publikoa ere instalatuko da, espaloian zenbait argi-puntu jarrita, behar besteko argia dagoela bermatzeko

X