Bueltan dira Irun Aurrera bonuak, orain arteko kanpaina handienean, hiriko merkataritza eta ostalaritzaren alde

2020an, Irungo Udalak Irun Aurrera ekonomia eta gizartea suspertzeko plana abiarazi zuen, COVID-19 pandemiaren ondorioei aurre egiteko. Haren barruko ekimenik aipagarrienetako bat hiriko saltokien eta ostalaritzako establezimenduen aldeko bonuak ziren. Bada, asteazken honetan, Hiri Bultzadako ordezkari Juncal Eizaguirrek, zenbait merkatari eta ostalarirekin batera, seigarren edizioa aurkeztu du, zeina urriaren 20tik azaroaren 30ra bitartean izango den.

Bonuen funtzionamendua erraza da: Udalak 10 euro jartzen ditu establezimendu parte hartzaileetan egiten den 30 euroko erosketa bakoitzeko –ostalaritzaren kasuan, kontsumoak 20 eurokoa izan behar du gutxienez–, eta erosleak beste horrenbeste aurrezten du. Besterik gabe, NAN zenbakia eman behar da, eta aplikazio informatiko bat arduratzen da irundar bakoitzak erabil ditzakeen hamar bonuak zenbatzeaz, harik eta bonu guztiak agortu arte.

Seigarren edizioan, 20.000 bonu aterako dira. Establezimenduek doan parte hartu ahalko dute, eta Udalaren webgunean argitaratuko da kanpainarekin bat egiten duten saltokien eta taberna eta jatetxeen zerrenda.

 2 milioi euro baino gehiago

Orain arteko edizioen balantzea oso ona da: 33.526 lagunek erabili dute Irungo Udalak 2020ko udatik merkaturatu dituen 85.000 bonuetakoren bat. Guztira, Udalak 1.050.000 euro jarri ditu, seigarren edizio hau ere kontuan hartuta. Kontsumitzaileen gastua batuta, tokiko ekonomikoan izandako eragina 2.037.890 €-koa izan da gutxienez establezimendu parte-hartzaileen alde, aurreko edizioetan.

X