Oktober Fest Irungo erara eta Baserritar Eguna hiriko ostalariekin

Hiri Bultzadako ordezkari Juncal Eizaguirrek, Denok Bat Irungo ostalaritza elkarteko ordezkariekin eta hiriko beste ostalari batzuekin batera, datozen bi asteburuetarako aurreikusitako jarduera programa bat aurkeztu du.

 Hain zuzen ere, hiri osoko ostalaritza guneak dinamizatzeko asmoz, bi proposamen gauzatuko dira, Antzaranen eta Meakan, establezimendu protagonistekin elkarlanean eta haien parte hartzearekin, haiek sortu eta sustatu baitituzte, eta Udalaren finantzaketarekin.

Oktoberfest made in Irun

Datorren asteburuan, hilak 22 eta 23, Antzaran inguruan, Bakar jatetxearekin, Boulevard garagardotegiarekin eta Zubi kafe-tabernarekin elkarlanean, Oktoberfest egingo da, eta, hurrengo larunbatean, hilak 29, Baserritar Eguna, Meakan, Denok Bat Irungo ostalaritza elkartearekin elkarlanean eta inguruko zenbait ostalaritza establezimenduren (Borda Txiki, Félix Manso, La Juanita eta Ola Sagardotegiaren) parte hartzearekin.

Jarduera bataren zein bestearen helburua da Udalak sektorearekin elkarlanean irundar zein bisitariei hiriko ostalaritza eskaintza hobeto ezagutzeko jarduera erakargarriak eskaintzea eta, horrela, hura dinamizatzea.

Ildo horretatik, datorren asteburuan, Antzaranen, Garagardo Azoka egingo da. Bertan, parte hartuko duten establezimenduen eskaintza gastronomiko bereziaz gain, txikientzako jarduerak ere izango dira, hala nola puzgarriak, giza futbolina, Umore Horia eta laser tag izeneko jokoa, larunbat zein igandean, 11:00etatik 15:00etara bitartean.

Era berean, musika emanaldiak izango dira: larunbat arratsaldean, Lee Junior eta Cliché, 18:00etatik aurrera, eta, igandean, batukada, 12:00etatik aurrera, eta Dolo Radio Rebelde, 17:00etatik aurrera.

  

Baserritar Eguna

Astebete geroago, urriaren 29an, larunbatarekin, Meakako ostalaritza dinamizatuko da, Baserritar Egunaren bidez. 11:00etan hasiko da egitaraua, Meakako auzo elkartearen lokalean burruntzia eskainita, eta, gainera, La Juanita jatetxearen pareko parkean, pilarik gabeko jolasak izango dira.

11:30etik 13:30era bitartean, herri kirolen erakustaldiak egingo dira, jardunaldian parte hartuko duten lau establezimenduetan, eta, aldi berean, dantzari eta txistulariak arituko dira. Gainera, establezimenduek artisautza azoka txiki bat instalatuko dute, eta eskaintza gastronomikoa egingo dute.

Arratsaldean, berriz, pilota erakustaldia egingo da, Ola Sagardotegian, 17:00etatik aurrera, bertsolariek girotuta, eta, 18:00etatik aurrera, bertso poteoa, Borda Txiki, La Juanita eta Félix Manso artean.

Azkenik, Versos Perdidos taldeak kontzertua emango du, 19:00etatik aurrera, Meakako auzo elkartearen egoitzan.

X