Irungo udalak bi beka emanez lagunduko du bazterketa-arriskuan daudenei arreta emateko berrikuntza sozialean

Irungo Udalak antolatzen duen ikerketa-beka berriaren berri eman du David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak. Bi ikerketa-beka dira, eta helburua dute gizartean sustatzea gizarte-bazterketa jasaten dutenei arreta emateko berrikuntza sozialeko programa eta proiektuak.

“Pozik gaude alor horretan aitzindaria den beka aurkeztuta. Berrikuntza eta ikerketa sustatu nahi ditugu gai sozialetan eta, bereziki, gizarte-bazterketaren alorrean. Gure helburua da egoera horretan dauden pertsonentzako arreta hobetzen jarraitzea. Horregatik, hau aukera bikaina dela uste dugu. Gizarte-bazterketak aurpegi asko ditu; beraz, tresna gehiago baldin baditugu, hobeto egingo diogu aurre eraginkortasunez”.

Xehetasunez esanda, ekimenaren ardatza da ikerketa sustatzea Irunen gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei ematen zaien arretaren kalitatea hobetuko duten programa eta/edo proiektu berritzaileak garatzeko, gaur egungo erantzunei beste erantzun eraginkor, efiziente, jasangarri eta bidezkoagoak gehituta.

Lanak argitaragabea izan behar du, eta ez da onartutako aurrez saritutako lanik, eta ezta itzulpen edo egokitzapenik ere. Behin proiektua hautatuta, 8 hilabete iraungo du ikerketak. Betekizunei dagokienez, interesdunak bakarka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira bekara. Erdi- edo goi-mailako unibertsitate-titulu bat eduki behar da Gizarte Zientzien adarrean edo ikerketaren xedeari lotutako arloren batean. 6.000 euroko bi beka emango dira.

Arloko zuzendaritzak, esku-hartze komunitarioko zerbitzuko arduradunak eta esku-hartze komunitarioko teknikariak osatuko dute hautaketa-batzordea. Proiektuaren jatorrizko memoria eta formatu digitaleko artxibo bat Irungo Udaleko Artxibo Zerbitzuan geratuko dira gordailututa, historiari buruzko informazio-dokumentu gisa eta kontsultatzeko moduan.

Eskaerak, eta aurkezteko epea eta lekua

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urriaren 24ra arte egongo da zabalik hautagaiak aurkezteko epea. Deialdiaren oinarriak Irungo Udalaren web orrian daude: www.irun.org.  Interesdunek Udalaren Egoitza Elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak.

Beka hau Irungo Udalak sustatzen dituen antzeko beste ekimen batzuetara gehitzen da. Alde horretatik, aipatzekoak dira tokiko historia ikertzeko Serapio Múgica bekak, arte garaikiderako Ribera bekak, gazteriaren alorreko Gazteartean beka,  euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoaren ikerketa sustatzeko Iñigo Muguruza beka eta, berriagoa dena, Berdintasuneko Julia Iruretagoyena beka.

X