Jarduera ugari izan dira Irunen uda honetan, eta aipatzekoa da Oiasso Erromatar Museoa, 10.000 bisitari baino gehiago bildu baititu,

Datu horien barruan, garrantzi handia du Dies Oiassonis erromatar jaialdiak: berriz ere normaltasunez egin zen, pandemiaren ondoren, eta emaitzak % 60 hobetu ziren, 2021ekin alderatuta

Emaitzak onak izan dira hiriko eta udaletxeko bisita gidatuetan ere, bai eta Lapurriturri, Irugurutzeta eta bestekoa baliabide turistikoetan ere

Irungo Udalak uztail-abuztuetan hiriko baliabide turistiko nagusiei buruzko lehen datuak jaso ditu.

Miguel Ángel Páez jarduneko alkatea eta Bidasoa bizirik-eko presidenteak esan duen moduan: «Hiria ez da gelditu udan. Praktikan, pandemia atzean utzi eta normaltasuna berreskuratu dugu hilabete hauetan, eta gure hiriko altxorrez gozatu ahal izan dugu guztiok, bai irundarrok bai kanpotik etorritakoek. Proposamen sorta ederra dugu, zorionez, eta Irun bisitatzea oso esperientzia erakargarria da hari esker, hainbeste mugimendu egoten den data hauetan».

Udaren «behin-behineko lehen argazki» horretan, guztiz funtsezkoa izan da Oiasso erromatar museoa.  Uztail eta abuztuan, 10.768 bisitari eta erabiltzaile bertaratu dira instalazioak bisitatzera edo jardueretan parte hartzera. Horrek % 60ko igoera dakar, 2021eko datuekin alderatuta.

Uda honetako datuetan, berebiziko garrantzia izan du Dies Oiassonis Erromatar Jaialdiaren XII. edizioak. Berriz ere jende ugari erakarri du antolatutako jarduerekin: azoka, zirkua, antzezpen historikoak, antzerki-emanaldiak, ekitaldi gastronomikoak eta Irungo merkatari eta ostalariekin elkarlanean antolatutako beste ekimen batzuk.  Gutxi gorabehera 4.000 lagun inguruk hartu zuten parte uztailaren 14tik 17ra bitartean antolatutako jarduera ugarietan, egun haietako bero handia gorabehera.

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak nabarmendu duenez, «Oiassok garrantzi handia du hiria bisitarientzako kulturaren, aisialdiaren eta entretenimenduaren arloko erreferente gisa sustatzeko gure eskaintzan. Dies Oiassonis jaialdia ezinbestekoa izan zen, baita jarduera paraleloak eta Santa Elena edo Irugurutzetako irtenaldiak ere. Etorkizuna, gainera, ilusioz beterik dator, hortxe baitugu erromatar termen proiektua».

Museoaren emaitzak % 8 baino gehiago hobetu dira erromatar jaialdiaren datuak kontuan hartu gabe ere. Nabarmentzekoa da bisitari gehiago etorri direla museoaren erakusketak bisitatzera, bai erakusketa iraunkorra, bai aldi baterakoak ere: «Erraldoien bizkarren gainean» (irailaren 25era egongo da) eta «Theatrum Mundi» (urriaren 30era arte egongo da). Bien artean 4.457 bisitari jaso dituzten (+% 23).

Irugurutzetako bisita gidatuek, Santa Elenako nekropoliko bisitek eta tailer didaktikoek 1.124 bisitari eta erabiltzaile erakarri dituzte guztira. Kontzertuek eta bestelako ekitaldi kulturalek 694 pertsona erakarri dituzte uztail-abuztuetan. Azken horien artean, Santa Elena egunaren ospakizunen arloko jarduera tradizionalak nabarmendu behar dira, abuztuan. Euria gogoz egin zuen arren, abuztuaren 18ko ate irekien egunean 123 bisitari izan genituen, eta abuztuaren 20an beste 283 pertsonak bisitatu zuten ermita, San Juan-Alde Zaharreko auzo-elkartean antolatutako ekitaldietan.

Frantziatik etorritako bisitari eta erabiltzaileen kopurua hirukoiztu egin dira aurreko urtearekin alderatuta, eta estatu barruko turistekin batera museoko bisitarien % 39 dira. Azken horien artean, Madrildik, Kataluniatik eta Andaluziatik datoz gehienak.

Irun plan ona da

Uztailean eta abuztuan Irunen turismoaren alorrean egin diren gainerako ekimenen emaitzen berri ere eman da. Aurten, Irungo Udalaren eta Bidasoa bizirik-en elkarlanaren bidez, udako bisita gidatuak antolatu dira, uztailaren 13tik abuztuaren 31ra. Hiriko lekurik enblematikoenak ezagutzeko bisitak antolatu dira, asteazkenetan 11:00etan eta ostiraletan 17:00etan.

Bisita gidatuek 2 orduko iraupena izan dute, Junkaleko parrokiatik hasita, eta hiriko zenbait eremu bisitatu dira: Oiasso Museoko inguru erromatarra, Urdanibia plaza, Ama Xantalen ermita eta Udaletxea. Bisitak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez egin dira, eta 30 parte-hartzaile inguru izan dituzte. Bisitariei zein irundarrei edo eskualdeko biztanleei zuzenduak zeuden, Irungo iragan historikoa eta baliabide turistikoak ezagut zitzaten. Aurten, bisitari gehienak irundarrak, gipuzkoarrak, madrildarrak eta katalanak izan dira. Bisita bakoitzaren prezioa 2 € izan da. Ekimen honen berri emateko, eskuorri batzuk argitaratu dira. Irunen udan egin daitezkeen planak jasotzen ziren, beste datu batzuen artean: bisiten ordutegia, Oiasso Museoko eskaintza eta bisita gidatuak, eta abar. Eskuorri horiek turismo-bulegoetan banatu dira, eta informazioa eskuragarri egon da turismoari buruzko webguneetan eta sare sozialetan ere.

Horrez gain, udaletxeko bisita gidatuak ere antolatu dira. Maiatzetik abuztura, bi hilabete horiek barne, 108 lagunek eman dute izena. Bisita horien guztien berri eman da Luis Marianoko turismo-bulegoan. Bertatik pasatu dira 2.407 pertsona (2021ean, 2.208). Azkenik, aipagarria da Lapurriturriko informazio-puntuan izandako bisitarien fluxua. Udazkenera arte irekita egongo da, baina uztailean eta abuztuan bakarrik 485 lagun bertaratu dira Aiako Harriko baliabide horretara.

X