Igande honetan hasiko gara Irunen "La Vuelta" gozatzen

Irun Itzulian da aurtengo abuztuan. "La Vuelta" berriz dator hirira, hemendik aterako baita aurtengo 5. etapa. Abuztuaren 24an izango da hitzordua, eta hiria dagoeneko prestatzen ari da, kirol-ekitaldi handi horri harrera egiteko. Jardunaldi horren inguruan antolatutako ekitaldien 'hasierako tiroa' igande honetarako (abuztuak 21) antolatu den Igandero berezia izango da. Gaur goizean, Borja Olazabal Kirol ordezkariak xehetasun guztiak aurkeztu ditu, Irungo Txirrindulari Elkarteko lehendakari Edurne Izagirrerekin eta Kromosoma enpresako arduradunekin batera, jarduera batzuk dinamizatzeaz arduratzen baitira.

"La Vuelta lehen etapetan Herbehereetan barrena dabilen bitartean, Irunen karrera sentitzen hasi nahi dugu, eta horregatik prestatu dugu Igandero berezi bat. Bizikletari buruzko jarduera-programa bat da, eta horrekin batera, beste ekimen batzuk ere egingo dira, dagoeneko abian direnak, izan ere kaleak dagoeneko apaintzen hasiak dira, eta beste ekimen batzuk ere laster izango dira. Horrenbestez, Irunen txirrindularitzaren airea arnastuko da alde guztietatik datorren asteazkenean, hilak 24, Itzulia gure errepideetan sartzen denean", adierazi du Borja Olazabalek.

Zehatz-mehatz, igande honetarako programatutako jarduerak Igandero programaren esparruan egingo dira. Igandero programak jende ororentzako jardueraz eta planez betetzen du igandero Colon ibilbidearen erdialdea, oinezkoentzako eta txirrindularientzako tokia hartzen dela aprobetxatuz.

Honako jarduera hauek antolatu dituzte goizez egiteko (10:30etik 13:30 aldera arte): Irungo Txirrindulari Elkartearen eskutik, ginkana bat eta bizikletaz ibiltzeko zirkuitua egingo dira, eta 12:00etan, Udaltzaingoarekin batera, bizikleta-irtenaldi txiki bat zuzenduko dute, nahi duen ororentzat.  Bertan, tropel profesionalak datorren asteazkenean (hilak 24) Irungo kaleetan egingo duen ibilbide neutralizatuan barrena ibiliko dira. "Aukera bikaina izango da txirrindulariek kale berberetatik pasatzean biziko dutena bizitzeko", nabarmendu du Kiroletako ordezkariak.

Halaber, Zabaltza inguruan, jolasak egingo dituzte bizikleten material birziklatuarekin, eta baita birziklatze-tailer bat ere (giltzatakoak…), eta argazki-erakusketa bat eta serigrafia tailer bat ere egingo dira Kromosoma Tailerraren eskutik. Pasquierren eskutik, zirkuitu bat egongo da txikienentzat eta hamaiketakoa ere bai. Azkenik, bertaratzen direnek oroigarri bat eraman ahal izango dute, argazki bat aterata, gaiari buruzko photocall bat jarriko baitute.

Trafiko-oharrak eta Irunbusenak

Iganderon ohikoa denez, zirkulazioa eten egingo da Iparralde eta Gipuzkoa hiribideetako bidegurutzeen artean, goiz guztian, eta baita arratsaldean ere 18:00ak arte.  Irunbusek bertan behera utziko ditu erdialdeko geralekuak.

Kirol-kontuak

Colon ibilbidetik abiatuta, Zabaltza plazaren ondoan, pelotoia Iparralde hiribidetik jaitsiko da Santiago kaleraino, eta Junkal kaleko galtzada-harria zeharkatu eta San Martzial kalea igoko dute, Urdanibia plaza alde batera utzita. Lasterketa San Juan plazara iritsiko da, udaletxearen aurretik, eta Karrika Nagusiko harzola igoko dute, eta, ondoren, Artaleku kaletik eta Elizatxo hiribidetik barrena aterako dira hiritik.

Aparkalekuek izango duten eragina eta aparkaleku alternatiboak

Halaber, jakinarazten da proba Irundik pasatzeak eragina izango duela trafikoan, batez ere aparkalekuetan. Zehaztu ahala, xehetasunez emango da horren berri, baina, hasteko, nabarmendu behar da lasterketa igaroko den kale guztietan ezingo dela aparkatu, hilaren 22tik (astelehena) 24ko arratsaldera bitartean. Egun horretan bertan, gainera, zirkulazioa itxita egongo da irteera neutralizatua hasi baino ordu batzuk lehenago.

Udalak aparkaleku alternatiboak jarriko ditu, abuztuaren 19tik aurrera, Dunboa ikastetxean, Leka Enea ikastetxean, Pio Baroja institutuan eta Bidasoa Lanbide Heziketako institutuan.

Ukitutako kaleak, dela pelotoia pasatzeagatik, dela Antolakuntzaren beharrengatik, honako hauek izango dira: Hondarribia, Zubiaurre, Colon ibilbidea (zamalanetarako guneak), Iparralde hiribidea, Bidasoa, Santiago, Junkal, San Martzial, Nagusia, Artaleku, Gipuzkoa hiribidea, Berrotaran eta Joaquín Gamón, eta Argentinar Errepublika. Leku horietan ezin izango da aparkatu hilaren 22tik (astelehena) 24ko (asteazkena) arratsaldera arte, biak barne.

Gerta daitezkeen gainerako ukipenak aztertzen ari dira, eta behin berretsitakoan, ohi bezala jakinaraziko dira.

X