Lizitatu dituzte Ermita karrikako lanak

Tokiko Gobernu Batzarrak proiektua eta lanen lizitazioa onartu ditu.

Tokiko Gobernu Batzarrak Ermita karrika berrurbanizatzeko lanak egiteko proiektu teknikoa onartu du, baita lehenengo faseko lanen kontratazioa ere, 732.966 euroan, % 21eko BEZa barne.

Lehenengo fasean, Ermita karrikaren mendebaldean esku hartuko da, hasieratik (Ama Xantalen ermitatik, karrikaren beraren eta Ibaieta ibilbidearen arteko bidegurutzetik) Santa Elena karrikako zubiko bidegurutzerainoko tartean, Dunboako kanalarekiko paraleloan.

Kale historikoa

Miguel Angel Paezek, alkate ordeak, honako hau adierazi du: "Kale hau berritzea espero eta garrantzitsua da, esanahi historiko handiko kalea delako eta Irungo hirigune historikoaren zati delako. Gure alde zaharreko kale enblematiko bat da ".

Bertan dago Ama Xantalen ermita, Erdi Aroko eraikuntza bat, museo bihurtutakoa, I. mendeko erromatar tenplu baten aztarnak ere badituena. Era berean, bertan dago Errotaberria errota, XVI. mendekoa, ondare arkeologikoaren barruko ondasun kultural gisa katalogatutakoa eta etxebizitza bihurtutakoa, baita Ama Xantalen iturria ere, XVII. mendekoa eta estilo barrokokoa, Santa Elena karrikako zubiko bidegurutzean: Donejakue bideko monumentu multzoaren barruan dago iturria, Donejakue bidea Ermita karrikaren ekialde osotik iturriraino bertaraino baitoa, eta, handik, Santa Elena karrikarantz.

Gaur egun, jarduketa eremua bidetarako erabiltzeko moduan antolatuta dago nagusiki: erdian bada errei bat, eta, bazterrean, espaloi estu bat, etxebizitzetako atarietara daramana. Gainera, kanalaren ondoan bada bananondo ertainen zerrenda bat, baina ez da paseatzeko moduko espaloi egoki bat. Santa Elena karrikarantz eta zubiaren, Ermita karrikaren beraren eta Uztapide Bertsolaria kalearen arteko bidegurutzeko zati zolaturantz, zabaldu egiten da kalea.

Etorkizunerako kalea

Aurreikusitako lanen barruan, besteak beste, kalea oinezkoentzat egokituko da, akabera eta zolagainak berrituko dira, azpiegiturak eta kaleko altzariak berrituko dira, argiak berrituko dira, eta lorategiak jarriko dira.

Zehazki, honako hauek dira proiektuaren helburuak:

  • Esku hartzen den eremu osoan irisgarritasun unibertsala bermatzea
  • Ibilgailuen zirkulazioaren aldean oinezkoen segurtasun eta erosotasunari ematea lehentasuna eta mugikortasun jasangarri, osasungarri eta inklusiboa sustatzea, genero ikuspegia kontuan izanik
  • Jarduketa eremua Irungo multzo historikoan integratzea
  • Espazioak antolatzea, oinezkoen zirkulazioa sustatu eta bideratzeko moduan, paseatzeko eta atseden hartzeko gune atseginak eta interakzio sozialerako topalekuak eskainita
  • Eremuaren itxura haren izaera historikoarekin koherentea izatea
  • Eremuko monumentu historikoen ingurua haiek behar bezala bistaratu eta gozatzeko beharrezkoak diren elementuez hornitzea eta ondare eraikia errespetatzea
  • Zerbitzu eta azpiegiturak hobetzeko beharrezkoak diren lanak egitea
  • Eremua ingurumenean integratzeko elementuak sortzea, hala nola berdegune eta lorategiak

Azken batean, proposamenaren helburua eremua hiriko parte zaharrean integratzea da, eta, ildo horretatik, esku hartzeko irizpideak Irungo Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziak finkatzen dituenekin bat etorriko dira, Planak barnean hartzen baitu Ermita karrika. 

Eremua eraldatzea eta hiriaren egituran duen garrantziaren arabera egokitzea da asmoa, eremuko elementu interesgarriak nabarmendu eta akabera eta argiteriaren bidez haien monumentaltasuna azpimarratuta eta espazioa haiek egokiro bistaratzeko moduan antolatuta. Horretarako, jasangarritasun irizpideetan, genero ikuspegian eta irisgarritasun unibertsalean oinarritzen da planteamendua.

Proiektuaren lehentasun nagusietako bat oinezkoei bide publikoan dagokien protagonismoa ematea denez, esku hartzen den eremu osoaren luzetara oinezkoek eta ibilgailuek batera zirkulatzen duten espazio bat sortzea izango da abiapuntua; kalean zirkulaziorako ez ezik beste erabilera batzuetarako tokia sortzea, hala nola paseorako, kontenplaziorako, atsedenerako eta interakzio sozialerako. Horretarako, erabiltzaile guztiek atari, monumentu eta zerbitzu guztietara heltzeko ibilbide irisgarri, seguru eta erosoak izatea ziurtatuko da.

Espazioen antolamendua

Batetik, ibilgailuek Santa Elena zubiko bidegurutzearen eta Ibaieta ibilbidearen hasieraren artean bi noranzkoetan zirkulatzeko aukera izaten jarraitu beharko dute, eta, bestetik, oinezkoak etxebizitzetako atari guztietara, ermita eta museora eta iturri historikora heltzeko ibilbide irisgarriak izatea bermatu beharko da. Bestalde, kalea Dunboako kanalaren bazterrean dagoenez, bertako zuhaitzekin osatzen duen multzoak halako interesa ematen dio paisaiaren aldetik ere.

Ermita karrika estua denez bere luze-zabalaren gehiengoan, beharrezkoa da espazioa optimizatzea. Bada, ildo horretatik, proposamenaren arabera, parterre jarraitu bat sortuko da kalearen luzetara, kanalerantz ematen duen hormaren ondoan, egungo zuhaitzak zerrenda berde zabal baten biltzeko eta zirkulaziotik babesteko moduan, eta, zuhaitzen artean, bankuak jarriko dira, erabiltzaileak itzaletan esertzeko. Santa Elena zubiko bidegurutzean, zabaldu egingo da parterrea, desnibela desagerrarazteko eta lorategi bat sortzeko moduan. Gainontzekoa, Ermita karrikaren zabalera 4 metro denez gutxienez salbu eta kalearen beraren eta Ibaieta ibilbidearen arteko bidegurutzean, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako erabiliko da.

Ama Xantalen iturriaren inguruan, kalea zabalagoa denez, oinezkoentzako guneak eta oinezkoentzat eta ibilgailuentzat direnak oztopo zutoinak baliatuz bereiziko dira, oinezkoak babesteko. Horrela, eta zehazten den sekzio estandarraren eta aukeratzen diren zolaketa materialen bidez, ibilgailuak moteltzea bultzatuko da.

Era berean, zabalgune horretan, planteamenduaren arabera, bi parterrez osatutako zerrenda berde bat sortuko da oinezkoentzako eta ibilgailuentzako gunearen eta errota zaharraren ondoko espaloiaren artean, eremua ingurumenean integratzeko eta nolabait ibilgailuen zirkulazioa kale bukaerako bi eraikin berezietatik bereizteko.

Ama Xantalen ermitaren ekialdeko fatxadaren ondoko lorategia txukunduko da, eta hura zaharberritzeko lanak egingo dira, hala nola estalkia berritzeko eta hormak garbitzeko lanak.

Lizitazioaren aurrekontua 732.966,71 euro da, eta 222.890,92 euro Txingudiko Zerbitzuek jarriko dituzte.

Lanak egiteko aurreikusten den epea sei hilabete da.

X