Eraikin jasangarri eta berezia

Alarde kaleko babes ofizialeko alokairuko 10 etxebizitzen sustapena zurezko egitura-sistema batekin eraikitzen ari dira

Jarduneko alkate Miguel Angel Páezek eta etxebizitzako ordezkari Rebeca Gonzalezek, gaur goizean, Irunviko gerentea den Idoia Yarzarekin batera, Irunvi Alarde kalean eraikitzen ari den alokairuko babes ofizialeko 10 etxebizitza eraikitzeko obrak bisitatu dituzte.

Páezek nabarmendu duenez, "eraikin berezia da, eta bat dator azkenaldian hainbeste aipatzen ditugun ingurumen-erronkekin eta energia-aurrezkiarekin. Eraikinaren ezaugarrietan egindako hasierako inbertsioari esker, jasangarritasun handiagoa lortuko da, eta kontsumo-gastua ere nabarmen murriztuko zaie eraikineko bizilagunei".

PASSIVEHAUS etxebizitzen sustapen bat da, eta Etxebizitza Sozietate Publikoa ari da gauzatzen Alardeko eremuan. Obra CONSTRUCCIONES SUKIA eraikuntza-enpresa ari da egiten, eta ARRUABARRENA ARQUITECTURA - ACHE ARQUITECTOS aldi baterako enpresa-elkarteko taldeak zuzentzen du. Bertan, beheko eta lehen solairuko zurezko egitura nabarmentzen da. Hainbat arrazoirengatik aukeratu zen Radiata pinuaren CLT zur kontralaminatuzko material hori, besteak beste:

1. Eskaintzen dituen prestazioengatik::

  • Tailerrean aurrefabrikatu liteke, eta, beraz, zehaztasun handiagoa du,
  • azkar egiten da,
  • obran segurtasun handiagoa dago,
  • oso isolamendu termiko eta akustiko ona du,
  • erraz egokitzen da Passivhaus irizpideetara.

2. Barrualdeko airearen kalitateagatik:

  • zaugarri higroskopikoa eta bere inertzia termikoa ditu. 

3. Jasangarritasunagatik:

  • Bertako basoetatik dator egurra,
  • 250 tn CO2 emisio aurrezten da,
  • ohiko egitura batek baino % 50 gutxiagoko pisatzen du.

Egoin enpresa ari da egitura egiten.

Hirian Passivhaus sistemaren baldintzak beteko dituen lehen eraikuntza da. 90eko hamarkadan Alemanian garatutako eraikuntza jasangarriko eredu bat da, eta energia-efizientzia handiagoa izatea eta kontsumoak minimizatzea du helburu. Etxebizitza horien proiektua garatzeko erabili den Passivhaus estandarrak berokuntza- eta hozte-kontsumoan aurrezteko aukera emango die bizilagunei, ohiko etxebizitza batean baino %75 gutxiago gastatuko dute eta. Horrelako etxebizitza baten oinarrizko energia garbiaren kontsumoa, asko jota, 15 kWh/m2 izango da urtean.

Passivhaus etxebizitzen ezaugarriek oinarrizko 7 printzipio betetzen dituzte:

  1. Diseinu bioklimatikoa: oso gogoan hartzen dira hainbat faktore, hala nola orientazioa, eraikinaren trinkotasuna, eguzki-babesa, etab.
  2. Isolamendu termiko ona: araudian adierazitakoak baino lodiera handiagoak.
  3. Zubi termikorik eza: eraikinaren inguratzaile osoa dago isolatuta.
  4. Inguratzailearen hermetikotasuna: kanpoko airea iragaztea eragozten du, eta, beraz, baita energia galtzea ere, eta, gainera, aire-korronteak eta zarata kanpotik barrura hedatzea eragozten du.
  5. Prestazio handiko leihoak: beira hirukoitzak, ganberetan emisibitate txikiko gasak, eta marko eta profil isolatzaileak.
  6. Aireztapen mekanikoa, beroa berreskuratzekoa duena: energia termikorik galdu gabe barrualdea etengabe aireztatzeko aukera ematen du, eta, gainera, barneko airearen kalitatea etengabea da.
  7. Eguzki-babesa, etxebizitzak gehiegi bero ez daitezen.

Babes ofizialeko 10 etxebizitza horien alokairuko esleipena, eremu berean eraikitzen ari diren beste 42 etxebizitzekin batera, 2023ko lehen seihilekorako amaituta eta entregatuta egotea aurreikusten da.

2020ko aurrekontu-akordioan EH Bilduren zuzenketa bat sartu zen, eta horrek ahalbidetu zuen Alarde eremuan etxebizitza publikoko eragiketa bat egiteko beharrezko baliabideak bidera zitezen.

VPO Singular
VPO singular
X