Irisgarritasuna eta argiztapena hobetzeko egungo kanpaina, azken txanpan

Funtsean, bide publikoa konpontzea eta jasangarritasun irizpideei jarraikiz argi puntuak ordezkatu edo berritzea da lanen helburua.

Udalak milioi erdi euro baino gehiago jarri du lanak egiteko.

Obra Arloak jakinarazi duenez, martxan dira oinezkoentzako ardatzak hobetzeko egungo kanpainaren barruko lanak, bide publikoa hobetu nahian. Aldian-aldian programatzen dira horrelako lanak, eta, oraingoan, Obra Arloak gabeziaren bat duten hiriko sei puntu identifikatu ditu, hala nola zolagaina egoera txarrean dutenak, behar bezala argiztatu gabekoak, espaloi estukoak eta oinezkoentzako ibilbideak lotzeko zatiak edo pasabideak falta dituztenak.

Lan hauei esker, hiria ingurune atseginagoa izango da oinezkoentzat, Irisgarritasuna hobetuko dugu, espaloiak zabalduta batez ere, eta, bide batez, gabeziaren bat duten puntuak konponduko ditugu. Antzeko beste kanpaina batzuen barruan bezala, ez dira jarduketa handiak, baina funtsezkoak dira oinez mugitzen diren herritar askoren eguneroko bizitzan. Are gehiago, kanpaina hau auzo elkarteen beren eskariei jarraikiz programatu dugu”, azaldu du Cristina Labordak.

Kanpainak zenbait aste iraun du, eta lehenengo lanak burututa daude dagoeneko: Berrueta Pintorea kalean egin ziren; zehazki, hasieran, Artiga Ibilbidearekiko eta Zurbaran kalearekiko bidegurutzeen artean. Hurrena Juan de Albisu kaleko lanei ekin zitzaien, Mendibil inguruan, eta dagoeneko bukatu dira ia. Era berean, Teodoro Murua kaleko lanak bukatu dira, 5 eta 11 zenbakien artean.

Gaur egun, Toki Alai ikastetxearen inguruko espaloia zabaltzen ari dira, Alzukaitz kalean: eraisketa lanak egin dituzte, eta argi hodi eta zintarri berriak jarri. Laster, Uranzuko 51 eta 55 zenbakien artean hasiko dira lanean, eta oinezkoentzako pasabide semaforodun berri bat jarriko dute Letxunborro hiribidean.

Lanak egiteko guztizko aurrekontua 342.919,49 euro da, eta 308.677,69 euro Europako laguntzekin finantzatuko dira. Enpresa esleipenduna Construcciones Otegui-Gaztañaga da.

Argiztapena

Obra Arloak jakinarazi duenez, argiztapen publikoa hobetzeko lanei ere ekin die, argi kutsadura murrizteko eta potentzia instalatua eta potentzia kontsumitua jaisteko eta, horrela, karbono dioxido isuriak murriztuta, ingurumena babesteko. Zehazki, jasangarritasun irizpide horiei jarraikiz, sei puntu identifikatu dira, argiak ordezkatzeko edo berriak jartzeko: Salvador Etxeandia karrika, Eguzkitzaldea eta Luis Mariano kaleak, Letxunborro hiribidea, Sarjia parkea eta Colón ibilbidea. Tartean, LED teknologia instalatuko da. Lanak egiteko epea bost hilabete da, eta aurrekontua, 231.484,45 euro.

Oinezkoentzako ardatzak eta argiztapena hobetzeko kanpainen aurrekontua, guztira, 574.403,94 euro da.

X