Udaltzaingoak hiru auto hibrido berri ditu

Azken urteetan, kutsadura aztarna txikitzen eta efizientzia energetikoa handitzen duten unitateak eskuratu dira udal ibilgailuen flota berritzeko.

Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordak eta Mugikortasuneko eta Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek Irungo Udalak udal flota jasangarritasun irizpideei jarraikiz berritzeko konpromisoaren barruan eskuratu dituen azken ibilgailuak aurkeztu dituzte: hiru ibilgailu hibrido entxufagarri, udal agenteak erabiltzen hasi berriak direnak.

Cristina Labordak azaldu duenez, ibilgailu berriak “partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan” eskuratu dira, “agenteen baliabideak areagotzeko proposamenik bozkatuenetako baten ondorioz. Ibilgailuen flota berritzen joatea funtsezkoa da, agenteek asko erabiltzen baitute egunero hirian barrena mugitzeko, eta, gainera, modu jasangarrian berritzen ari gara; alegia, ez da oraingo kontua, Udaltzaingoak hainbat ibilgailu elektriko edo hibrido entxufagarri baititu". Ibilgailu berriek aurreko ohiko ibilgailuak erretiratzeko aukera ematen dute, 180.000 km-tik 282.000 km-ra bitarteko eta 8 urtetik gorako kilometro metatuekin.

Ibilgailu “berdeak” dira, hibrido entxufagarriak, eta, autonomia elektrikoa bukatzen zaienean, 53 km-ko autonomia dute. Lehiaketa bidez eskuratu dira, errentamendu erregimenean, lau urterako, zerbitzu guztiak hileko prezioaren barne direla, erregaia izan ezik. Kotxe bakoitzeko 1,133,27 euro hilero ordainduko dira

Mugikortasuneko eta Garapen Jasangarriko ordezkariak, berriz, “Udalak bide honetatik emandako pauso berria” baloratu du. “2019an L1 linea elektrifikatu izana mugarri garrantzitsua izan zen Udalak mugikortasun jasangarriaren alde egindako apustuaren barruan, baina ez zen izan udal zerbitzuek ibilgailu jasangarriak eskuratzeko hartutako konpromiso bakarra. Garraio publikoa adierazgarri garbia da, baina Lorategi Zerbitzuan, Kulturako brigadan eta Udaltzaingoan bertan baditugu beste froga batzuk”. Borja Olazabalek gogorarazi duenez, horrelako ekimenak Irungo Udala klimaren eta energiaren jasangarritasunaren alde lantzen ari den ekintza planarekin bat datoz –haren barruan, badira 2030erako isuriak % 55 txikitzeko neurriak ere–.

Udala modu jasangarrian mugitzen da

Aipatutako ibilgailu berriak eskuratuta, Irungo Udalak pixkanaka udal ibilgailuen flota berritzen jarraitzen du, ahal duen neurrian jasangarritasun irizpideei jarraikiz betiere. Eskuratutako azken ibilgailuak 2019an eskuratu zituen: guneak egokitzeko brigadarako furgoneta elektriko bat, agertokiak garraiatu eta muntatzeko eta abarretarako, eta udal basozaintza zerbitzurako lur orotako 4 x 4 ibilgailu konbentzional bat.

Ibilgailu jasangarrien artean, gainontzean, Irunbusen L1 lineako autobus elektrikoez gain, Irungo Udalak baditu lau ibilgailu hibrido, 2019ko lehenengo seihilekoan Udaltzaingoarentzat gasolio bidezkoen ordez eskuratu zituenak: hiru patruila autoak dira, eta bestea, lur orotako 4 x 4 ibilgailu bat, landa bideetan ibiltzeko eta baserrietara baldintza hobeetan iristeko erabiltzen dena. Ordezkatu ziren autoek hamar urte inguru zituzten, eta 200.000 km eginak ziren batez beste.

Udaltzaingoak baditu beste ibilgailu jasangarri batzuk. Izan ere, duela hilabete gutxi, furgoneta bat eskuratu zuen, berez konbentzionala dena baina ahalik eta irizpide ekologikoenak betetzen dituena, eta, gainera, 2015ean, bi kuatriziklo elektriko eskuratu zituen, eta, 2009an, ibilgailu elektriko bat; era berean, lau bizikleta konbentzional ditu. Bestalde, beste zerbitzu batzuetan, Irungo Udalak baditu etiketa berdea duten beste ibilgailu batzuk, hala nola Lorategi Zerbitzuaren furgoneta elektrikoa eta gasolina eta gas likidotu bidezko bi ibilgailuak.

Etorkizunera begira

Ibilgailu jasangarrien aldeko apustua ez da bukatu. Alde horretatik, nabarmentzekoa da hiri barruko autobusen 2. linea elektrifikatzeko proiektuak martxan jarraitzen duela –lau autobus elektriko eskuratuko dira, Europako funtsen barruko 800.000 euroko laguntza bati esker– eta laster Udaltzaingoa atestatu furgoneta hibrido entxufagarri edo elektriko berri batez hornitzea aurreikusten dela.

X