Jose Antonio Santano: "ADIFen Irungo nazioarteko geltoki berriaren eraikuntza hiriarentzat historikoa izango den iraultza baten abiapuntua da"

Irungo alkateak oso ontzat jo du lanen lizitazioa, zeina gaur iragarri den

ADIFek gaur goizean iragarri duenez, Irungo nazioarteko geltokia eraikitzeko lanak lizitatu ditu. 70 milioi euro inbertituko ditu lanetan, eta lanek 30 hilabete iraungo dute, Irunen inoiz egin den inbertsio publikorik handiena izango da. Hamar trenbideren gainean egongo da geltoki berria, zubi bat balitz bezala, eta, batetik, Geltoki kalea eta, bestetik, Aduana kalea eta Pio XII.a lotuko ditu.

Irungo alkate José Antonio Santanok oso ontzat jo du albistea, eta “historikotzat” hartu du: “Lanak hasita, hamarkadak lantzen daramagun proiektu bat martxan jarriko da: VíaIrun. Benetako iraultza izango da hiriarentzat, duela 160 urte baino gehiago trena hirira iritsi zenean bizi izan genuenaren parekoa”.

Santanok gogorarazi duenez, geltokia Irungo erdialdea erabat eraldatuko duen hirigintza, gizarte, ingurumen, ekonomia eta mugikortasun proiektu baten muina da: “Bertako irisgarritasuna eta konexioak goitik behera aldatuko ditu, eta, gainera, Europarekin eta Iberiar penintsulako gainontzeko lurraldeekin konektatuko gaitu. Geltoki berria askotariko garraiobideen arteko intermodalitate puntu bat izango da. Irunen, Gipuzkoaren eta Euskadi osoaren etorkizunerako proiektu bat da, eta dagoeneko martxan dago”.

via irun 1
via irun 2
X